Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Txapelketaren garapena nabarmenduz aurkeztu dituzte Euskal Herria Kopako finalak

Hiru mailetako finalak jokatuko dituzten taldeen ordezkariak bildu ditu Euskal Herria Kirolak Berazubin. Zelai tolosarrean borrokatuko dute igandean Athleticek eta Realak txapel handia janzteko helburuarekin.

Antolatzaileak, partehartzailen ordezkariak eta Tolosako alkatea Berazubin egindako ekitaldian.
Antolatzaileak, partehartzailen ordezkariak eta Tolosako alkatea Berazubin egindako ekitaldian. (NAIZ)

Asteburuan amaituko da Euskal Herria Kopako 14. edizioa, larunbatean eta igandean jokatuko diren finalekin; pluralean, hiru izango baitira. Horrela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek eguerdian Berazubin egindako ekitaldian. «Urrats garrantzitsua eman genuen bigarren maila sortuz eta aurten hiru izan dira, guztira 19 parte hartzaile bilduz eta 33 partida jokatuz. Ahalegin handia da ekonomiko zein antolakuntza aldetik baina oso pozik gaude», azpimarratu du Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako ordezkariak.

Zurutuzarekin batera, Real, Athletic, Alaves eta Bizkerre taldeetako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearekin batera. «Plazerra da final nagusia Tolosan jokatzea eta eskertu nahi dugu Euskal Herria Kirolak egiten duen lana eta gu aukeratu izana –esan du Martinez de Rituertok–. Azpimarratu nahiko nuke zer garrantzia duen euskal kirolak bere marko propioa edukitzea eta horregatik zer garrantzia duen ekimen honek, baita emakumezkoen kirola sustatzen jarraitzeko ere».

Gonbidapena luzatu die Tolosako alkateak zaleei igandean (16.00, ETB1ek zuzenean eskainita) Berazubira gerturatzeko. Ekimenak denen babesa merezi duelako baina baita kirol ikuskizun ederrarekin gozatzeko aukera izango dutelako. Euskal Herriko bi talde handienek jokatuko dute finala, 12. aldiz, eta Garbiñe Etxeberria Realeko Kirol Zuzendariak azpimarratu duen bezala, «urtetik urtera balio gehiago duen txapelketa» eta «denboraldi aurrea amaitzeko modu ezinhobea» da. Leire Bañosek, Athleticek fitxatu berria eta Realeko jokalari ohiak, oso «gogotsu» dagoela azpimarratu du: «Derbiak beti dira bereziak, neretzat kasu honetan are gehiago. Eta Kopa beti da polita».

Zurutuzak berak klubek bakarrik ez eta futbolariek jartzen duten interesa azpimarratu du. «14 finaletatik hamabitan egon naiz eta ikusi behar da jokalariek zelako gogoekin eta indarrarekin jokatzen duten. Kirolarietan sumatzen da zer nolako ilusioarekin ekiten diote ez bakarrik finalari, txapelketari orokorrean. Ez dira denboraldi aurreko lagunartekoak, txapela irabazi nahi dute jokalariek eta horregatik ikuskizuna polita da».

Berazubik A mailako finala hartuko du igandean. Sarrerek 10 euro balio dute –doan sartu ahal izango dira 16 urte beherakoak–. Dagoeneko erosi daitezke ehkirola.eus web orrian, eta hainbat zozketetan parte hartzeko aukera emango dute. Aurten, gainera, Jon Esturo lehen Saria emango da, finaleko jokalari onena saritzeko. Orain dela urte eta erdi hil zen Euskal Herria Kirolako eta txapelketa honetako sortzailetakoa omentzeko eta «beti gurekin presente egoteko» sortu du saria antolakuntzak.

Eibarrek eta Osasunak, bestetik, kontsolazioko finala jokatuko dute. Mendigorriak hartuko du partida larunbatean (18.30) eta, kasu honetan, sarrera doakoa izango da.

19 talde eta 33 partida

Baina ez dira asteburuan jokatuko diren neurketa bakarrak, aurten lehenengo aldiz txapelketa hiru mailatan banatu da, parte hartzaile gehiagotara zabalduz. «Oso inportantea da txapelketa izaten ari den garapena –poztu da Zurutuza–. Euskal Ligaren antzeko zerbaitera hurbiltzen ari gara. Oso pozik gaude».

Kanpotik ikusita eta hainbeste urtez antolatu ondoren, normaltzat hartzen omen da udaro Euska Herria Kopa lehiatzea baina horren atzean dagoen lana «ez da erreza eta are gutxiago guk daukagun filosofiarekin. Azken batean, Euskal Herriko Liga bat egin dugu aurten eta talde handiei garrantzi handia ematen diegu baina oinarrizko taldeei are handiagoa. Eta horrela pasatu gara lauzpabost partehartzaile izatetik aurten 18 izatera. Guretzat ahalegin handia da ekonomiko zein antolakuntza mailan baina gure helburua zen eta oso oso pozik gaude».

19 talde horiek hiru mailatan banatu dira. Real, Athletic, Eibar, Osasuna eta Alaves A mailan aritu dira. B mailan, berriz, lau talde besterik ez dira lehiatu, kirol mailan oreka bilatzeko asmoarekin, eta play-off baten antzekoa jokatu dute lehen fasean. Asteburuan, haietako batek txapela jantziko du. Errenteriako Fanderia zelaiak Real B-ren eta Bizkerreren arteko finala hartuko du igandean (12.00, sarrera doan) eta larunbatean Athletic B eta Osasuna B izango dira brontzea bilatuko dutenak Altsasuko Dantzalekun jokatuko den partidan (18.30).

Gainontzeko taldeak (Athletic C, Añorga, Arratia, Bilbao Artizarrak, Bizkerre B, Alaves B, Mulier, Oiartzun, Oberena eta Berriozar) C mailan aritu dira, bi multzotan banatuta. Ligaxka bat jokatu dute lehen fasean eta hortik irten dira asteburu honetan 10 postuak erabakiko dituzten partidak. Finala Athletic C-k eta Alaves B-k jokatuko dute larunbatean Laudioko Ellakuri zelaian (12.00).

Guztira 33 partida izango dira eta horrek ahalbidetu du txapelketa txoko askotara zabaltzea. Izan ere, Zurutuzak azaldu duenez, «garrantzia ematen diogu partidak herrietan jokatzeari. Atzo bertan bat jokatu zen Araian eta oso oso polita atera zen».

Guzti hori ikusita Euskal Herria Kopak oso egoera osasuntsua duela esan omen daiteke. Antolatzaileek ez dute ezkutatzen lortutakoarekin pozik daudela baina «urtero jorratu behar» dela gogoratu dute, «laguntza instituzionalak» eta gizartearen babesa eskertuz eta «ilusioarekin jarraitzen» dutela adieraziz.