NAIZ

Pentsiodunek mobilizazioei ekingo diete berriz, «gure eskari ezinbestekoei erantzun arte»

Iruñean irailaren 2an, Bilbon eta Gasteizen hilaren 9an eta 16an Donostian, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioei berriro ekingo die, ikasturte berriaren hasierarekin. Gobernu espainolarekin eta Lakuarekin biltzeko eskaeren erantzunaren zain jarraitzen dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazio baten artxiboko irudia.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazio baten artxiboko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Gure eskari premiazkoei eta ezinbestekoei erantzun arte», Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizatzen jarraituko du. Ikasturte berriaren hasierarekin berriz hasiko dira ohiko mobilizazioekin.

Duela sei urte baino gehiagotik egin duten bezala, Euskal Herriko 80 herri eta hirietara eramango dituzte aldarrikapenak. Hiriburuei dagokienez, astelehenetik aurrera, hilak 2, Iruñean mobilizatuko dira, irailaren 9an Bilbon eta Gasteizen eta 16an Donostian.

Ostiral honetan helarazitako ohar batean jakinarazi dutenez, «gutxieneko pentsioak gero eta urriagoak dira, eta Estatuko Gobernuak ez du ezer egiten 1080 euroan jartzeko, eta EAEko Gobernuak eta Nafarroakoak ez dituzte beharrezko erabakiak hartzen». Genero-arrakala ere konpondu gabe dagoela gaineratu dute.

Ildo horretatik, Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Immigrazio ministro espainolari eta Imanol Pradales EAEko lehendakariari egindako bilera-eskaeren erantzunaren zain jarraitzen dutela deitoratu dute.

Horrekin batera, gutxi Estatu espainoleko aurrekontuak negoziatuko direnez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren arabera, «ezinbestekoa da pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta gutxieneko pentsioa handitzea».