Endika Barrenetxeak finalerdia –gutxienez– ziurtatua du erremonteko Buruz Buruko Txapelketan, gaur Galarretan Javier Urriza 30-28 menderatu ostean. Azken urteetako bi espezialista handienek 71 minutuz luzatu den partida bikaina jokatu dute Hernaniko koliseoan bildu diren pilotazaleen gozamenerako. Barrenetxea 27-20 galtzen joan da, baina azken txanpan markagailua erabat iraultzeko gai izan da 10-1eko partzial batekin.
Hasieratik ikusi da partida oso gogorra izango zela. Endika Barrenetxea oso gogotsu jokatzen hasi da, saketik hasita min egin nahian, baina Javier Urrizari aspaldiko mailarik onena ikusi diogu, batez ere defentsan. Hernaniarrak sakez zuzenean tantorik egitea lortzen ez bazuen –6 izan ditu zuzenean eginak–, asko kostatzen zitzaion jokoan tantoa amaitzea, Urrizak pilota sinestezinak eraman dituelako aurrean nahiz atzean.
Hori bakarrik ez, partidaren erdialdetik aurrera, aurrelari nafarrak azken hamarkada luzean Galarretan horrenbeste aldiz sinatu izan dituen erremate ikusgarriak ere sinatu ditu. Apurka-apurka abantaila gero eta handiagoak pilatzen joan da Buruz Burukoa zortzi aldiz irabazia duen pilotari nafarra, eta alde handiena 27-20koan iritsi da.
Une horretan ezinezkoa ematen zuen Endika Barrenetxeak egoera iraultzeko gaitasuna izatea, bi pilotariak oso nekatuta somatzen zirelako, baina argi geratu da beste behin kirolean ezinezkorik ez dagoela. Gipuzkoarrak sakea berreskuratu eta pilota aldatu duenean tantoak egiten hasi da, markagailuko aldea murrizten eta 27-27ko berdinketara iritsi da sakez egindako tanto batekin.
Hurrengo tantoan, ordea, pilotak kanpora alde egin dio eta ezin izan du markagailuan aurretik jarri. Horrelakoetan esan ohi da horixe izaten dela garrantzitsuena, aurretik jartzea. Baina gaurkoan Barrenetxeak bigarren aukera bat izan du: Urrizak sakez falta eginda iritsi da 28-28koa, Barrenetxeak sakez egindako tantoarekin 29-28koa, eta hernaniarrak ez du barkatu 30-28koarekin partida ixteko.
«Harrituta nengoen»
«Neukan dena eman dut, sentsazio horrekin noa», aipatu du Endika Barrenetxeak Galarretako aldageletan leher eginda. «Harrituta nengoen, zer pilota eraman dizkidan Urrizak. Eta eraman bakarrik ez, niri pilota zailak jartzen zizkidan. Baina urteek eta esperientziak horixe eman didate. Buelta asko bizi izan ditut, alde eta kontra. Ikasten duzu amaierara arte beti dagoela egoera aldatzeko aukera. Horretan sinistu dut eta gertatu egin da. Egia esan Urrizaren aurka horrelako buelta bat lortzea oso gutxitan ematen den luxua da, eta oso pozik nago», gaineratu du hernaniarrak.
Finalerdia ziurtatua du, eta finalean zuzenean sartzeko aukera ere oso gertu, Ansari 27 tanto egitea nahikoa luke. Baina Barrenetxeak nahiago du pausoz pauso joan. «Txapelketa hau oso gogorra da, sekulako maila dago. Nik ez dut inoiz lortu finalera zuzenean sartzea, beti finalerdia jokatu behar izan dut, eta gustatuko litzaidake aurten lortzea. Azkenean, finala ongi prestatzeko aukera ematen dizu horrek, finalerdia jokatu behar baduzu beti aukera gehiago daude minen bat agertzeko edo kolpe txarren bat hartzeko. Baina argi daukat hemen txapela janzteko partida denak irabazi behar direla eta horren bila noa», aurreratu du.