Parisen Olinpiadak jokatzen ari ziren bitartean, K2 edo Chogori mendian (8.611 m, Karakorum) lau alpinista frantziar zortzimilakoen historian sartu ziren. Olinpiar Jokoekin paralelismoa egiten badugu, lasai asko esan dezakegu Benjamin Vedrines, Jean-Yves Fredriksen, Bertrand Roche eta Liv Sansoz frantziarrek urrezko dominak lortu dituztela.
Uztailaren 28an, alpinistok letra larriekin idatzi zuten historia. Horrelako izenburuekin hasiko dugu kronika. Benjamin Vedrinesek pasarte bikoitza idatzi zuen. Lehenik eta behin, abiadura errekor berria ezarri zuen: kanpaleku nagusi aurreratua (5.350 m) eta gailurra lotzeko 11 ordu behar izan zituen. Hori gutxi ez, eta munduko bigarren zortzimilako garaienetik parapentean lehen aldiz hegan egin zuen. Fredriksenek, berriz, ‘Cesen’ bidetik bakarkako eskalada egin zuen. Eta Roche-Sansoz taldea, azkenik, ibilbide klasikotik igo eta gero, bi lagunentzako parapentean jaitsi zen. Hori ere historian lehen aldiz egin da.
Protagonistok nolabaiteko “bitxikeria” eskaini digute. Aurreratu dugu uztailaren azken egunetan jarduera horiek burutu zituztela, baina horien berri egun batzuk beranduago eman zuten. Izan ere, alpinista brasildar batek ingurumari hartan parapentean izaniko istripuaren ondorioz, Pakistango agintariek debekatu egin zuten parapentean hegan egitea. Nahiz eta agiri ofizialik ez zen kaleratu, badaezpada ere etxera itzuli arte ez zuten hegaldi horien berri eman.
Inolako zalantzarik gabe, Vedrinesek aparteko aipamena behar du. Nahiz eta espezialista handia den, zaila da barneratzea oxigeno gehigarririk gabe bide klasikotik egin zuen igoera estratosferikoa: hamabi orduan hobetu zuen 1986. urtean Benoit Chamoux herrikideak egindako denbora. Igoeraren inguruan adierazi du itxaronaldi luzeak asko nekatu zuela: «Kanpaleku nagusian 40 egin nituen. Oso motibatuta nengoen, baina zalantzak nituen gorputzak ondo erantzungo ote zuen. Une jakin batean sentitu nuen ez zela igoera perfektua izango. Baldintza ia perfektuak izan nituen. Hirugarren kanpalekura arte bakar-bakarrik joan nintzen. Oso erosoa izan zen. Egunsentiarekin batera hotza eta haizetea baretu ziren. Gailurrean, adibidez, -15ºko tenperatura egin zuen. Hori ez da ohikoa».
Vedrinesek aitortu du mendiko langileek zabaldutako urratsari esker marka izugarri hori egiteko gai izan zela. Frantziarrak zorte handia izan zuen, besteak beste, gailurra zapaldu baino ordu eta erdi lehenago langile horiek tontorrera arte ireki zutelako ibilbidea. Laugarren kanpalekutik aurrera, berriz, makina bat mendizale aurreratu zituen, baina horrek ez omen zuen eraginik izan ezarritako erritmoan.
Gogoratu behar dugu duela bi urte izaera horretako ekinaldi bat egin zuela. 8.400 metrora heldu eta une kezkagarriak bizi izan zituen; izan ere, garaiera horretan ondoezik sentitu eta lurrera erori zen. Eskarmentu horren ondoren, aurtengo erronkarako entrenamendu espezifikoak eta estrategia ezberdinak aurrera eraman ditu: «Nahiz eta erritmoa murriztu nuen, koherentziari lehentasuna eman nion. Hori izan zen giltza. Alabaina, aurreikusitakoa baino errazagoa izan zen. Zailena, aldiz, kudeaketa izan zen. Gailurrean burua oso argi nuen, eta han ordu erdi bat egin nuen. Aipatu behar dut Seb Montazek asko lagundu didala. Bigarren kanpalekuan bi litro ur utzi zituen, eta hirugarrenean ur gehiago, barra energetikoak eta parapentea eman zizkidan. Hortaz, haize-oihala hirugarren kanpalekutik tontorreraino eraman nuen. Arnesarekin kilo bateko pisua du».
11 orduko denbora horrekin proiektuaren lehen etapa sinatu zuen. Baina beste bat gelditzen zitzaion. Parapentearekin hegan egitea zen bigarrena. Eta aurreratu dugun bezala, lehen aldiz K2n hori lortu zuen. Alpinista honek esan du oso argi zuela aireratuko zela. Gailurrean bertan droneak ikusi zituen: «Horrek motibatu ninduen, batez ere baldintza onak iragartzen dituelako. Oihala zabaldu eta irudiak lasai hartu genituen. Haize gutxik jotzen zuenez, energia gehiago xahutu nuen aireratzeko. Hamar metro korrika egin eta Txinako isuritik hutsune ikaragarria ikusi nuen. Boom! Egundoko askatasuna sentitu nuen. 35 minutuko hegaldia izan zen».
Bakarka
Fredriksen dugu bigarren protagonista. Frantziar honek eskalada handia egin zuen ‘Cesen’ bidetik bakarka, estilo alpinoan eta oxigeno gehigarria erabili gabe. Gogoratu behar dugu Tomo Cesen esloveniarrak marra hori bakarka zabaldu zuela 1986an, baina gailurretik gertu, ekaitz bortitz batengatik, atzera egin zuen. 1994an, berriz, Kike de Pablo, Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak, Juanito Oiarzabal eta Juan Tomasek amaitu zuten Cesenek utzitako lana. Ordutik, “euskal bidea” deitu izan zaio, baina, protagonista hauek dioten bezala, egokiagoa da ‘Cesen’ aipatzea. Horrekin batera, ‘Messner’ izeneko zeharkaldia erabili zuen bide klasikoarekin (7.800 m) bat egin aurretik.
Blutch goitizena duen alpinista honek aurreratu du argi zuela ez zela ibilbide klasikotik igoko: «Azken 35 urteotan Alpeetan beti saiatu naiz bide normalak saihesten. K2rako helburua oso zehatza zen: ‘Cesen’. Uztailaren 27an, goizeko 5.30ean irten nintzen. 6.550 metrora kanpaleku bat nuen, baina elur-jausi batek denda ia txikitu zuen. Oso gutxigatik ez nuen ekinaldia bertan behera utzi. Biharamunean eskaladarekin jarraitu nuen eta arratsaldeko ordu bietan tontorra zapaldu nuen. Siesta txiki bat egin, oihala zabaldu eta hegan egin nuen 6.550 metrora nuen kanpalekura arte».
Fredriksenek adierazi du biribildu duen proiektua emozioz beteta egon dela. Eta hori dio, eskalada bikain hori egiteaz gain, Vedrinesen ostean tontorretik hegan egin zuelako. Frantziarrak onartu du une zirraragarriak bizi izan zituela: «Ez nuen zalantzarik egin. Mugimendu oso zehatzak egin nituen; milimetrikoak. Segundo batean atzera egin eta korrika egiten hasi nintzen. Amildegia nire oinen azpian zegoen. Lasai nengoen. Eskularruak kendu eta grabatzen hasi nintzen. Soilik begiak zabaldu eta aurrean nuen ikuspegiarekin gozatu behar nuen. Panorama hori nire bizitzan behin bakarrik ikusteko aukera izan dut, baina ikaragarria izan da. Erabat aske sentitu nintzen».
Hogei minutu beranduago, 6.550 metrora zuen kanpalekuan lur hartu zuen. Gaua han bertan egin, denda eta tresneria jaso eta biharamunean kanpaleku nagusira jaitsi zen. Denera, 32 ordu non-stop eran egin zituen.
Tandem
Hirugarren eta azken protagonista sokada bat izan da; hain zuzen ere, Roche eta Sansozek osatu dutena. Lehenbizikoak eskarmentu handia du zortzimilakoetan eta parapentearekin eginiko erronketan. Adibidez, 2001. urtean bi lagunentzako parapentean Claire Benierrekin Everestetik hegan egin zuen. Uztailaren 28an, berriz, gauza bera egin zuen Sansozekin.
Azken hau oso ezaguna izan zen eskaladaren munduan. Lehietan hiru Munduko Kopa irabazteaz gain, kirol eskaladan, emakumezkoen artean bigarrena izan zen 8c+ maila egiten. Ondoren, alpinismora salto egin zuen, eta 2007-2008 urteetan, adibidez, Alpeetako 82 laumilakoak igo zituen.
Bikote hori K2 bide klasikotik igo zen oxigeno gehigarririk gabe. Hiru eguneko eskalada izan zen. Ez zuten presarik: «Gure helburua zen ondo pasa eta arriskurik ez hartzea. Arazoren bat izatekotan, argi genuen jaitsi egingo ginela. Hirugarren kanpalekuan eginiko gaua oso hotza izan zen. Ez genuen lo-zakurik eraman, uste baikenuen garaieran erabiltzen diren jantziek berotuko gintuztela. Azken eguna oso gogorra izan zen, baina lehen helburua lortzeko gai izan ginen: tontorra».
Sansozek parapentea bizkar-zorroan eraman zuen bitartean, Rochek aireratzeko lan guztien ardura hartu zuen. Igoeraren inguruan Sansozek adierazi digu gogorra izan zela: «Garaiera horretan egotea gogorra da oso. Oso zaila da eskalada hori ahal den hobekien kudeatzea. Baina Bertrandek eta biok argi geneukan tontorra lortuko genuela. Leher eginda geunden, baina buruak oso argi geneuzkan. Ondoren, hegan egiteko ordua heldu zen. Parapentearekin eskarmentua dut, baina nire kideak tandemeko estiloan ibilbide luzea du. Aireratu, ikuspegiekin gozatu, eta oinak lurrean jarri genituenean, sekulako sentsazioa izan nuen. Gurea K2tik tandemean egin den lehen jaitsiera izan da, eta oraindik zaila egiten zait egin duguna barneratzea. Hegaldi hori erokeria hutsa izan zen! Bi lagunentzako parapentean hegan egitea eta soka talde modura eskalatzea ia gauza bera da. Bertrandek 40 urteko eskarmentua du, eta nik garaiera harretan eta oxigeno gutxirekin lan handia egin behar izan nuen».