Penalti jaurtiketetan eskuratu du Realak bere bosgarren txapela

Partida hutsean amaitu ondoren, 3-2 nagusitu dira txuri-urdinak penaltietan. Letek bi jaurtiketa gelditu ditu. Valerok Athleticekin debutatu du.

Realeko jokalariek Berazubiko soropilean ospatu dute garaipena.
Realeko jokalariek Berazubiko soropilean ospatu dute garaipena. (Real Sociedad)

Penalti puntutik erabaki behar izan da Euskal Herria Koparen 14. edizioa, Realak eta Athleticek 90 minutuetan ezin izan baitute baloia sareetan sartu. Hamaika metroetatik finago aritu dira jaurtitzaile txuriurdinak. Jaurtitzaileek eta Elene Letek –Zumarragoak bi geldiketa egin ditu–, Realak bere bosgarren txapela irabaztera bideratu dituzte.

Partida gogorra hartu du Berazubik. Iraila hasi besterik egin ez dela nabaritu da oraindik beren jokoa doitu behar duten bi taldeetan baina, derbietan eta txapelketa honetan ohikoa den bezala, gogoak nabarmenak izan dira alde bietatik. Horrek neurketa orekatua ekarri du, talde bakoitza arma desberdinekin irabazten saiatu den arren.

Baloiaren jabetza izan du Realak hasieran eta pazientziarekin bilatu du Nanclaresen atea. Bere aurkaria ez da batere urduritu. Atzean ondo itxiz, Nanclaresek lan gehiegi izatea sahiestu du eta joko azkarragoarekin saiatu da kontraerasoan min egiten. Saiatu eta lortu, asko izan ez badira ere, Athleticen aldetik heldu baitira aukera garbienak. Leteren eta langaren artean atera dute Elexpuruk area kanpotik egindako erremate gogorra eta berriro babestu du ondo atea Zumarragakoak, Patricia Zugastiren aurrean. Nanclaresek lekukoa hartu dio, Eizagirrek areako zirkuluerditik egindako jaurtiketa ona kornerrera bidaliz.

Jokoaren jabetza ez da izan inorena lehen zatian eta ziurrenik horregatik, bi entrenatzaileek moldatu dute zelaierdia atsedenaldian. Mariana eta Valero debutaria zelairatu dira Athleticen aldetik eta Lavogez, Franssirekin batera, atera du Sanchez Verak.

Hasiera batean hobeto irten zaio mugimendua entrenatzaile txuri-urdinari. Lehen zatian gertatu den bezala, indartsuago ekin dio Realak partidari. Oraingoan, gainera, jokoa aurkako areara gehiago gerturatzea lortu du eta bizkaitarrek lan handiagoa izan dute kontraerasoan irteteko. Baina minutuek aurrera egin ahala, talde zurigorria erosoago sentitzen joan da. Gol aukerak ez dira ez asko ez argiegiak izan baina Letek beste pare bat aldiz erakutsi du sasoi onean ekingo diola liga hasierari.

Azken minutuetan talde biek estutu dute baina oraingoan ere defentsek eta atezainek aurrelariek baino gehiago asmatu dute. Ondorengo penaltietan gertatu den bezala. Letek Clara Pinedoren eta Leire Bañosen lehen bi jaurtiketak gelditu ditu, gero Nanclaresek Vanegasenarekin egin duen bezala. Baina Realaren aldetik Eizagirrek –bigarren saiakeran–, Luciak eta Ceciliak asmatu duten bitartean, zurigorrien aldetik, Marianak ezin izan du Nevadok eta Sanadrik bezala bere jaurtiketa sartu. 3-2 nagusitu da azkenean Reala.

Udan partida bakarra ere galdu gabe ekingo diote donostiarrek Ligari. Datorren larunbatean jokatuko dute lehen jardunaldia, Sevilla bisitatuz. Igandean, berriz, ekingo dio txapelketari Athleticek, Levante bisitatuz.

Garaipen bikoitza

Berazubikoa ez da izan Realak ospatu duen garaipen bakarra, goizean harrobi taldeak aise gainditu baitu Bizkerre (4-0), Euskal Herria Kopako B mailako garaipena eskuratzeko. Atzo Alaves B-ek irabazi zuen C mailako finala, Athletic B gaindituz (1-2).

Real Sociedad: Lete; Emma, Lucia, Vanegas, Violeta Quiles; Lorena, Andreia, Cahynova (Lavogez, 46.min.); Amaiur (Franssi, 46.min.), Eizagirre eta Lucia Pardo (Cecilia, 87.min.).

Athletic: Nanclares; Elexpuru, Maddi (Estefa, 94.min.), Bibi, Gara (Nerea Nevado, 64.min.); Clara Pinedo, Leire Baños, Itxaso (Mariana, 46.min.), Oguiza (Valero, 46.min.); Azkona (Agote, 64.min.) eta Patricia Zugasti (Sanadri, 69.min.).

Epailea: Arantza Gallastegi.  Txartel oria erakutsi die Valero (60’) eta Clara Pinedo (88’) zurigorriei.

Gertakariak: Euskal Herria Kopako finala, Berazubin jokatuta. Realak 3-2 irabazi du penaltietan.