«Duela 19 egun Piz Berninan hasitako nire ametsa biribiltzeko gai izan naiz. Inolako zalantzarik gabe, nire bizitzan egin dudan jarduera zailena izan da. Mentalki, fisikoki eta teknikoki gogorrena. Baina, era berean, ederrena ere. Amaitu berri dut Alpeetako 82 zortzimilakoak lotzeko nire egitasmoa edo ametsa, eta une zehatz honetan zaila egiten zait emozio guztiak prozesatzea. Bidaia hau ez dut inoiz ahaztuko. Helburu honetan ondoan izan ditudan lagun guztien lana eskertu nahi dut. Atseden pixka bat hartzeko garaia heldu da».
Adierazpen labur hauek Kilian Jornetenak dira; hain zuzen ere ‘Alpine Connections’ xedea bukatu bezain laster egin dituena. Katalanaren azken balentriaren inguruan hitz egiten ari gara. Baina zer egin ote du kirolari ahaltsu honek. Bada, Alpeetako 82 laumilakoak lotu ditu 19 eguneko abentura ikaragarrian. 19 egun? Gezurra dirudien arren, hala izan da. Datu objektibo (eta beldurgarri) gehiago aipatuko ditugu. Jornetek 1.207 kilometro eta 75.344 metroko desnibel positiboa pilatu ditu azken erronka horretan. 267 orduko aktibitate horretan, egunero batez beste 5 ordu lo egin du. Hori gutxi ez, eta ‘Alpine Connections’ osoa oinez eta bizikletaz biribildu du. Hots, igogailu mekanikoak eta autoa saihestu ditu.
Katalanak amaitu berri duen helburu horren inguruan hitz egokienak erabiltzea zaila da oso. Denbora beharko da bere neurrian aktibitate handi hau aztertzeko eta barneratzeko; bederen, osasunarekin eta erresistentziarekin lotuta dauden zientziek lan eskerga izango dute emaitza hori behar bezala neurtzeko.
Guk datu batzuk emango ditugu ahal den neurrian Jornetek eginiko lana ulertzeko. Mendizale «xume« batek, oro har, hamar urte behar ditu Alpeetako laumilako guztiak igotzeko. Espezialistei dagokienez, esan behar dugu 2008. urtean Diego Giovanni eta Franco Nicolini italiarrek 82 laumilakoak jarraian lotzeko egitasmoa biribildu zutela lehen aldiz. 60 egun behar izan ziren; katalanak baino 41 egun gehiago. Zazpi urte beranduago, Ueli Steck zenak bi egun gehiago behar izan zituen. Bakarrik eta oinez osatu zuen erronka. Eta beste adibide bat gehituko dugu. Peter von Kanel eta Christian Maurer-ek osatutako sokadak proiektu hori egiteko 51 egun behar izan ditu. Bi alpinistok oinez eta parapentea erabiliz lotura hori egin berri dute.
Ultra erresistentzian espezialistak diren Benjamin Vedrines, Filip Babicz edo Dani Arnoldek zer esango ote dute Jornetek sinatu berri duen jarduera honi buruz? Ederra izango litzateke irakurtzea haien hausnarketa; izan ere, hauek bikain ezagutzen dituzte antzeko ezaugarriak dituzten kirol aktibitateak.
Odisea
Vedrines aipatu dugunez, aurreratu behar dugu alpinista katalanak helburu horren azken egunean ondoan (sokakide) izan duela. Matheo Jacquemoud ere. Bi alpinista horiekin azken bi laumilakoak eskalatu ditu: Dôme eta Barre des Écrins. 19 egun lehenago Piz Berninan egin zituen lehen urratsak.
Zenbakiak aipatu ditugu, baina azpimarra berezia egin behar da kirolari honek erakutsi dituen konpromisoa eta ausardia. Bere filosofia maila gorenera eraman du. Beti bezala, azkar eta arin. Alpeetan pasarte historiko bat idatzi berri du Jornetek. Mendizaletasunean ere. Eta galdera da: inor gai izango ote da hori hobetzeko?
Kirolari katalanak VO2 eta erresistentzian superbotereak dituela erakutsi du. Bidaiaren erdia (41 laumilako) osatu zuen astebetean; egunero (atseden egunak izan ditu) 13 ordutik gorako jardunak sinatu ditu. Laumilako askotan bakarrik joan da; beste batzuetan, aldiz, teknikoak direlako, sokakideekin eskalatu ditu.
Valais-eko bidaian, adibidez, 19 ordu mugimenduan egon zen lau laumilako igotzeko; tartean, sona handia duen Matterhorn. Biharamuna askoz ere zirraragarriagoa izan zen. Beste lau igo zituen: Ober Gabelhorn, Zinalrothorn, Bishorn eta Weisshorn. Azken mendi horren ertz zorrotza eta luzea ilunabarrean bukatu zuen: «Niretzat Weisshorn Alpeetako mendi ederrenetarikoa da. Hegoaldeko ertza eskalatzea berezia izan zen oso; izan ere, gaua gainean nuen. Eskalada handia, teknikoa eta oso luzea da. Eskalada hori nire bizitzan eginiko onenetarikoa izan zen».
Mont Blanc mendilerroan egin zuen bidaia ere berezia izan zen. Sekzio hori teknikoa denez, Matheo Jacquemoud eta Noa Barrau kideekin egin zuen. Mont Blanc du Tacul, Mont Maudit, Mont Blanc… patrikara eraman zituen. Ondoren, bakarrik jarraitu zuen. 20 orduko jardunaren ostean, atseden pixka bat hartu zuen. Grand Pilier d´Angle eta Aiguille Blanche de Peuterey heldu ziren. Denera 16 gailur biribildu zituen 29 orduko jardunean. Jornetek baieztatu du erronkaren une arriskutsuenak bizi izan zituela.
Laburbilduta, alpinista horrek amaitu berri duen egitasmo itzel horren izenburu eta datu adierazgarri batzuk dira. Biharamunaren ondorengo azterketak, hausnarketak… helduko dira. Eta, agian, Jornetek ‘Alpine Connections’-en egin duena hobeto ulertzen edo barneratzen lagunduko digute.