Irailaren 20an hasi eta 29an amaitu, hamar esku pilota jaialdi izango ditu orain arte inoiz jokatu den sanmateotako feriak, bederatzi binakako torneoari dagozkionak eta bestea ohikoa den Olioaren Desafioarena. Iruñekoarekin batera, Logroñoko hau da udako torneoetan garrantzitsuena eta hori horrela, sanferminetan erabilitako lehiaketa sistema erabiliko dute, enpresa bakoitzeko bina bikotek aurre-kanporaketa bat jokatu behar izango dutelarik.
Feriari hasiera emango dion partidan, Baikoko Artola-Salaverrik Larrazabal-Imazen aurka jokatuko dute eta kanporaketa honetan aurrera egiten duen bikoteak A multzoa osatuko du Altuna-Tolosa eta Zabala-Zabaletarekin batera.
Laso-Iztueta eta Peña-Mariezkurrenak osatzen duten taldean ariko dira, ordea, Aspeko aurre-kanporaketa jokatuko duten Ezkurdia-Martija eta Dario-Rezustaren arteko irabazleak. Gauzak horrela, inoiz baina parte-hartzaile gehiago izango ditu aurtengo sanmateotako torneoak eta lau pilotarirentzat; Salaverri, Tolosa eta bikotea osatuko duten Laso-Iztuetarentzat, Adarragan aritzeko lehen aukera izango da aurtengoa. Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelari nafarra min hartuta egon da azken urteotan eta ilusioz agertu da giro beroa izaten den torneo honetan aritzeko.
Hiru errioxar
Era berean, hiru izango dira Logroñon arituko diren pilotari errioxarrak; Dario, Zabala eta Salaverri, aspaldiko zenbakirik handiena. Dario Gomezek azaldu duenez, oraintxe giharretako lesio txiki bat du eta horrek zuhurtziaz aritzera behartzen du, berrerortzeko arriskua duelako, baina ez du uste irailaren 21ean, bolada ederrean den Rezustarekin batera, Ezkurdia-Martijaren aurka jokatzeko arazorik izango duenik.
Zabalak, bere aldetik, iazko arantza kentzeko modua izango du berriz ere Zabaletarekin bikotea osatuz. Iaz finalean Ezkurdia-Rezustaren aurka 22-16 galdu zuten eta aurten ere faboritoen artean dira. Logroñokoarentzat, San Mateo feria «jokatzeko asterik politena da» eta uda honetan sasoirik egokienean izan ez den arren «azken 15 egunetan eskuak erabat osatu zaizkit eta gozatzen ari naiz».
Sarrerak eta feria osorako bonoak dagoeneko salgai daude 15 eta 35 euro eta 150 eta 355 arteko salneurriekin.