Ideia berezi bat eta «dibertitzeko gogoa» elkartuta sortu da ‘Azken Portuko postdatak’ eleberria. John Anduezak eta Asel Luzarragak lau eskutara idatzitako liburua da, bi pertsonaia ditu abiapuntuan eta elkarri bidalitako gutunek osatzen dute liburua.
Ostegun goiz honetan aurkeztutako liburua «berezia» dela aitortu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, batez ere bi arrazoirengatik: «Batetik, ohituta gaudelako liburu bat-egile bat ideiara, baina ez da derrigorrezkoa, eta kasu honetan bi egile ditu liburu honek. Eta bigarrenik, gutunez osatutakoa delako».
Anduezaren ideia bat du oinarrian liburuak, ostera, Luzarragarekin konpartitu eta forma hartu duena. Anduezak kontatu du bi pertsonaien arteko gutunez osatutako liburu bat idaztea zuela buruan, baina idazle berak bi pertsonaien zatiak idatzi beharrean, egokiagoa litzatekeela bi idazleren artean egitea pentsatu zuela, «pertsonaiak eta beraien tonua hobeto bereizteko liburu guztian zehar». Luzarragari deitu zion orduan, «idazterako orduan gaua eta eguna garelako», aitortu du.
Hori da beraz ‘Azken Portukok postdatak’ liburuaren abiapuntua. Aia eta Mon dira pertsonaia nagusiak, Azken Portun bizi ziren, fikziozko herrixka bat, baina 18 urte zituela Monek ihesi joan behar izan zuen, «anarko primitibistak ziren biak, eta momentu horretan gertatutako zerbaitengatik joan behar izan zuen Monek», azaldu dute aurkezpenean. Orain, hamar urte beranduago, berriro ere herrira itzuli da Mon, eta harremana berreskuratu nahian dabiltza. «Ez daude prest buruz buru elkartzeko nahiz eta herri berean egon, eta gauza asko dituzte argitzeko: zer gertatu zen orduan, azken hamar urteetan bien bizitzan pasatakoak…», azaldu du Anduezak. Era berean, Mendigurenek aurreratu du gai asko lantzen direla gutunetan zehar: iraultza, adiskidetasuna, teknokrazia, maitasuna, borroka, artea, ametsak...
Eta Luzarragak argitu du 28 urteko bi gaztek zergatik jotzen duten gutunetara: «Koherentea da teknologiaren aurkako talde batean egoteagatik joan behar izan zuelako batek sasira, orduko ideiak, segurtasuna…».
Hamar urteko «parentesi» horretan gertatutakoak misterio kutsu bat sortzen duela kontatu dute idazleek eta horrek ere «dibertitu» dituela idazle modura. Bi idazleen ustez «idazteko formulan bete-betean» asmatu dute. Izan ere, liburua idatzi bitartean ez zuten elkar ikusi, beraien ustez «arriskua» zegoelako gehiegi hitz egin eta magia guztia galtzekoa.
Idazketa berezia
Prozesua polita izan dela kontatu dute, beraien eguneroko bizitzan txertatu baitzuten gutunen trukaketaren jolasa. Luzarragak azaldu du pertsonaietan «guztiz sartzea» lortu dutela: «Gainera, beti gordetzen genuen zerbait, bagenekien sekreturen bat bazuela besteak, papurrak soltatzen joaten ginen, baina ez genekien besteak zer zuen buruan».
Luzarragak kontatu duenez, ia gutun guztiek dute postdataren bat, baita izenburua eta azpititulua ere, eta guzti horrekin «jolastea» ere polita izan dela azaldu du: «Hori zen gure helburua, ‘hau dibertitzeko egingo dugu’ esan genion elkarri». Eta hala izan dela baieztatu dute.
Azken bi gutunak idazterakoan deitu zuten elkar, eta «koherentzia emateko ariketa» egin zutela azaldu dute. Bidean ingurukoen laguntza ere izan dutela aitortu dute, eta asko eskertu diete egindako ariketa, Garazi Albizuari bereziki; izan ere, Anduezaren esanetan beraiek istorioarekin batera «enbolatuta» zeuden, eta emakume baten kanpo begiradak on egin zien pertsonaiei.
Nolanahi ere, aurreratu dute ez dutela kontatu bakoitzak zein pertsonairen gutunak idatzi dituen, baina ezagutzen dituenak, edo beraien liburuak irakurri dituen orok «erraz sumatuko» duela uste dute. «Irakurle berriei irekita eman nahi genien, bakoitzak zein zati idatzi duen ez dela hain garrantzitsua uste dut», zehaztu du Anduezak.