Gaztetan piztu zitzaion Iñaki Ituraini 1936ko gerraren eta gerraostearen inguruko interesa. Kazetaritza lanetan urteetan zehar lanean jardun ondoren, ez du bere jakin-mina asetzea lortu, eta literaturara jotzea erabaki du. Jakin min horren ondorioa da ostegun goiz honetan Ereinekin aurkeztu duen ‘Denboraren zubia’ liburua; gerran eta gerraostean kokatutako zazpi narraziok osatzen dute liburua.
Txikitan aitak kontatzen omen zizkion gerraren inguruko istorioak Ituraini; ondoren, artxibo, hemeroteka eta batez ere, herritarren testigantzak bildu izan ditu, bere esanetan «gerra handiaren barruan gerra txiki asko pizten baitira». Ikerketa lan horiek egindakoan «gertaerak zergatik eta nola» gertatu ziren jakin nahi zuen, eta duela hamar urte ekin zion literaturaren bideari: «Fikzioak, benetako gertaeretan oinarritutako istorio asmatuak» idazteari.
Kazetaritzatik literaturara igarotzeko pausoa «kostatu» zitzaiola aitortu du aurkezpenean: «Muga lausoak daude kazetaritza eta literaturaren artean: pertsona eta pertsonaia, errealitatea eta fikzioa, egia eta egiantza, historia eta istorioak…».
Zazpi narraziok osatzen dute kaleratu berri duen liburua. Lehenengo seiek gerra eta gerraosteko istorioak kontatzen dituzte; horietan Orizar fikziozko kostaldeko arrantzale-herria da kokalekua. «Gerra hasi zen egunera arte, haiek ezin zuten imajinatu ere egin hura gerta zitekeenik, kanpotik etorritako tsunami erraldoi baten antzera irudikatzen dut nik gerra hura herritar haietako gehienentzat».
Gerra ondorena
Testuingurua edo antzeztokia gerrak osatzen duela kontatu du idazleak, eta «pertsonaiak soltatu» dituela berak bertan. Mota guztietako istorioak aurki daitezkeela aurreratu du: irratia balkoian jartzen duten senar emazteak herri guztiak entzuteko, misio sekretu bat duen neska frantsesa, herriko zubia berreraikitzen ibili zen asturiar baten herrira itzulera, estropada egun batean gertatutakoa…
Zazpigarren ipuina 60ko hamarkadan kokatuta dagoela azaldu du Iturainek, «beste gerra baten ataria da, gatazkaren lehen zantzuan antzematen hasi ziren garaian». Inazio Mujika, Ereineko editorearen hitzetan, «oso ondo girotutako narrazioak» dira: «Bai lekuz, garaiz, eta baita harremanetan ere. Sinesgarritasuna ematen dio gertatzen denari». Bestalde, idazlearen ahozkotasunerako joera ere txalotu du editoreak.
Zubiak oso presente daude, izenburutik hasita, baina narrazio ezberdinetan ere aurkitu daitezkeela mota ezberdinetako zubiak aurreratu du idazleak. Eta berak ere, metaforikoki asko darabilen elementua dela aitortu: «Zubiaren ideia nagusitu zitzaidan, alde batetik bestera eramaten duen zubia, nik aldi bateko istorioak oraingo aldira ekartzeko baliatu nahi izan dut liburua».
Eta hori du behin liburua kaleratuta helburua, «liburu honetako istorioetan kontatutakoek irakurleari gerra haren gaineko gogoeta sorraraztea».