Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Enzo Oddo eta Leo Billon frantziarrek 8a maila ezarri dute Drus mendian

Sokada horrek hiru egun behar izan ditu iparraldeko horma zorrotzean “Les Bâtards” bidea (ED+, 800 m) zabaldu ahal izateko. Zailtasun teknikoez gain, ibilbide berrian seguruak oso urrun daude.

Enzo Oddo "Les Bâtards" bide berrian luze bat zabaltzen.
Enzo Oddo "Les Bâtards" bide berrian luze bat zabaltzen. (Leo Billon)

Chamonix zaintzen duen Drus mendia erabat maite du Leo Billonek. Maitale sutsua da. Eta horren adierazle da hormatzar horietan egin duen ibilbidea. Berriro beste ekarpen batekin itzuli da. Enzo Oddo sokakidearekin “Les Batards” bidea (ED+, 8a, 800 m) sortu du. Hiru eguneko lan eskerga behar izan dute zailtasun tekniko handiak dituen marra hori biribiltzeko. Eta hori diogu zazpigarren mailako hainbat luze dituelako. Giltza, berriz, 8a da. Baina badu 7c zailtasuneko luze bat berezia dena; izan ere, derrigorrez maila hori gainditu behar da. Hori gutxi ez, eta seguruen artean, batez ere aipatu dugun 7c horretan, distantzia handia dago.

“Les Bâtards”-en inguruko azalpenak eman aurretik, Billonek berak NAIZi adierazi dio gustuko dituela Oddorekin bibakak egitea: «Baina janari asko eramaten badugu. Aurreko eskalada batean gosez geratu ginen, eta akats hori “Les Bâtards” zabaltzera joan ginenean konpondu genuen. Bizkar-zakuetan janaria sartzeko zailtasunak izan genituen. Hori saihesteko hainbat tresneria (friendak, iltzeak…) etxean utzi genituen. Zoritxarrez, hirugarren luzetik aurrera hautaketa horrekin atsekabetuta geratu ginen. Hiru egun horietan lau izarretako bibakak egin ditugu. Kristalezko altxor batekin topo egiteaz gain, asko gozatu dugu jaten eta eskalatzen. Alpinismoaren zein eskaladaren ikuspuntutik, uste dugu ibilbidea ederra sortu dugula».

Aipatu dugu Billon oso harrapatuta dagoela Drus mendiarekin. Bikain ezagutzen du iparraldeko murru zorrotz hori, eta joan den uztailean jarduera bikoitza egin zuen: “Les Bâtards” irekitzeaz gain, Oddorekin batera “Directissime Jean-Claude Bertrand” bidea errepikatu zuen. Ibilbide hori Patrick Gabarrou eta Alexis Long-ek zabaldu zuten 1986an. Eta bitxia bada ere, ez zuen errepikapenik; Oddonena eta Billonena lehena izan da: «Ezuste handia hartu dugu arrokaren kalitatearekin: bikaina baino bikainagoa da. Hortaz gain, ikusi genuen marra horren ezkerreko sekzio luze batean antzeko harkaitza zegoela. Gidetan begiratu ondoren, ohartu ginen ukitu gabe zegoela».

8a maila

Igoera horren ondoren, bikote hori pronto zegoen aztarnarik ez zuen tarte horretan lan egiteko. Pareta ondo aztertu ondoren,  arratsaldeko ordu batean eskalatzen hasi ziren: «Lehen luzeetan erritmo ona generaman, baina bat-batean 7c zailtasuneko luze (plaka) batean egoera aldatu zen: “Zati gogorrena gainditu eta pixka bat lasaitu nintzen. Alabaina, ez nuen neure burua babesteko leku egokirik aurkitu. Blokeatuta geratu nintzen, eta azken segurua oso urrun nuen».

Oddok eta Billonek ezusteko horren inguruan hausnartu zuten. Zati horretan bigarren seguru bat jartzea aztertu zuten, baina, ibilbidearen hastapenetan zeudenez, aukera hori baztertu zuten. Batez ere, goi aldean zer aurkituko zuten ez zekitelako eta zulagailuaren bateria kudeatu behar zutelako.

Lehen bibaka egin eta bidearen giltza aurrez aurre zuten: 8a mailakoa. Biek ala biek asko estutu behar izan zuten. Oddok bi ekinaldi egin zituen, baina arrakastak ihes egin zion. Billonek, berriz, lehen ekinaldian huts egin zuen; ez, ordea, bigarrenean. Bidearen giltza patrikan zuten.

Tarte hori gainditu eta azken luzeak lasaiagoak zirenez, erritmoa berreskuratu zuten. Baina une jakin batean eskalada eten egin zuten. Ezusteko atsegina heldu zitzaien. Kristalezko txoko batekin liluratuta geratu ziren; hots, hormetan itsatsita dauden eta Oddok asko maite dituen kristal horiekin. Ordu eta erdi aztertzen egon ziren. Bigarren bibaka egin, biharamunean azken luzeak zabaldu eta Petit Dru mendiaren gailurra zapaldu zuten.

Mendi horretan eta tarte oso txikian “Directissime Jean-Claude Bertrand”-en lehen errepikapena sinatu eta “Les Bâtards” zabaltzea ez da eskuarki lortzen den arrakasta. Bide batez aipatu behar dugu Billonek bi bide sortu dituela mendi horretan: “BASE” mendebaldeko aurpegian eta “Les Bâtards” iparraldekoan. Hori oso gutxik erdietsi dute: Jagerrek, Cecchinelek…

Azkenik, alpinista honek azken hausnarketa bat egin nahi izan du: «Mont Blanc-eko mendilerroan estilo horretako bide bat sortzea ez da oso ohikoa. Alpinismoa eta eskalada uztartzeko proposamen ederra da. Bide asko zabaldu ditut, eta hori da nire iritzia. Agerikoa den marra bat sortu dugu, eta horrelako proposamen asko ez daude. Alabaina, oraindik tartea dago oso agerikoak ez diren beste ibilbide batzuk zulagailuarekin irekitzeko».