Jon Ormazabal

Laso-Arangurenek ez dute Jaka-Martijarekin gupidarik izan Lekeition

Iker Larrazabalek beste hiru urtez berritu du Baikorekin zuen lan harremana eta larunbatean min hartuta dagoen Artolaren ordez arituko da Rezustarekin batera.

Laso-Arangurenek partida borobila jokatu dute elkarrekin.
Laso-Arangurenek partida borobila jokatu dute elkarrekin. (Iñigo URIZ/FOKU)

Lekeitioko portuko jai handiak ez du jarraipenik izan Santi Brouard pilotalekuan eta partida txikia ikusi ahal izan dute bertaratutako pilotazaleek, bikote bakarra egon baita gaurkoan Bizkaiko kostaldeko pilotaleku luzean. Laso eta min hartuta dagoen Tolosaren ordez aritu den Aranguren Jaka-Martijaren gainetik pasatu dira sailkapenaren bigarren postuan sendotzeko puntua eskuratu dute, ostiralean Lazkaon jokatuko duten Altuna-Iztuetari aurre hartuz. Jaka eta Martijaren Nafarroa Arenarako bidea, ordea, dezente zaildu zaie porrot honekin.

Larunbatean Zabala-Imaz Aiegin txikitzetik (22-4) zetozen lizartzarra eta Etxeberrikoa eta gaur Lekeition txanpon beraren beste aldea bizitzea egokitu zaie, kantxan aurkarie erauntsiari aurre egiteko tresnarik gabe.

Partida hasiera mortala izan da Jaka-Martijarentzat eta bakoitza berean aurkaria baino askoz gehiago izan diren Laso-Aranguren 0-7 eta 1-13 aurreratu dira. Txapelketatik at geratu ostean, bigarren partida izan du aginagarrak eta sekulako maila erakutsi du bietan, azken partidan Peio Etxeberria-Mariezkurrenari irabazteko gai izan ostean, gaur pisuko beste puntu bat eskuratu baitu bikotearentzat.

Azken egunetako lerroari jarraiki, Laso fresko agertu da Lekeition, eskuin sotamanoaz gain, ezker esku hori berriz ere oso eraginkorra izaten ari da eta gaur bost tanto amaitu ditu airez, jokoan 10 denera.

Jaka-Martijak, ordea, oso egun okerra izan dute eta ez zaie ezer irten. Hiru punturekin, sailkapeneko azken bi postuei ihes egitea izango da euren erronka geratzen diren asteetan.

Larrazabal, beste hiru urtez

Baikok gaur jakitera eman duenez, Iker Larrazabal aurrelari amurrioarrak beste hiru urtez luzatu du Bilboko enpresarekin zuen kontratua. Aurrelari arabarrak 2020an egin zuen debuta profesionaletan eta pixkanaka bere lekutxoa egiten ari da onenen artean.

«Denboraldi ona egin dut, buruz buruko serie b txapelketa  irabazi nuen eta binaka ere, irabazi ez arren txapelketa ona egin nuen. Uda honetan sanmateotan jokatuko dut Ander Imazekin batera eta nik uste bikote ona egin ahal dugula biok. Hiru urte hauetan hobetzea eta gozatzea espero dut», azaldu du Iker Larrabazalek Baikoren web orrialdeari eskainitako hitzetan.

Amurrioarrak lehen mailako partida bat jokatuz estreinatuko du bere hitzarmen berria, larunbatean Lekeition arituko baita Mastersean, min hartuta dagoen Iñaki Artolaren ordezko gisa. Rezustarekin batera, Peña-Zabaletaren aurka ariko dira, bi bikoteentzat garrantzi handiko lehia batean.

FITXA TEKNIKOA

Jaka-Martija: 8

Laso-Aranguren: 22

Pilotakadak: 324. Iraupena: 47,34 minutu. Markagailua: 0-7, 1-7, 1-13, 2-13, 2-18, 4-18, 4-20, 5-20, 5-21, 8-21, 8-22. Sakeak: 1 Jakak eta 2 Lasok. Egindakoak: 4 Jakak, 0 Martijak, 10 Lasok eta 3 Arangurenek. Galdutakoak: 3 Jakak, 4 Martijak, 2 Lasok eta 1 Arangurenek. Gorabeherak: Giro polita Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan Lekeitioko Antzar egunean jokatutako partidan.