NAIZ

‘Arnasa betean’ Madril, Bartzelona eta Londreseko jaialdietan ikusiko da

Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiaren ‘Arnasa betean (A pulmón)’ filma Madril, Bartzelona eta Londreseko hainbat zinema jaialditan ikusiko da irailean zehar. Urrian parte hartuko du Bilboko ‘Film sozialak’ Zinema Ikusezinaren Jaialdian eta Malagako Mujeres en escena jaialdian.

Dokumental honetan parte hartu duten emakume zinemagileak.
Dokumental honetan parte hartu duten emakume zinemagileak. (ARNASA BETEAN)

Donostiako iazko Zinemaldian estreinatu zenetik, ibilbide luze eta oparoa izan du ‘Arnasa betean (A pulmón)’,  Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak zuzenduriko filmak: TIFF Tokyo International Film Festival jaialdian parte hartu zuen, Madrilgo Emakumeen aldeko VI. Zinemaldian ikusi zen eta Iruñea eta Bilboko zinema jaialdietan proiektatu da.

Hogei bat euskal zinemagile emakume protagonista dituen filme honek, Madril, Bartzelona eta Londreseko hainbat zinemaldi jaialditan parte hartuko du irailean. Aste honetan Madrilen egingo den Directed by Women Spain Zinemaldiaren X. ediziorako aukeratu dute. Emanaldia igande honetan izango da, irailak 8, 20.00etan, Cinetecako Borau aretoan.

Bartzelonako Transhumant Festivalen XI. edizioan ere ikusi ahal izanen da. Aurkezpen saioan proiektatuko da, hain zuzen, irailaren 12an, osteguna, 20.30ean, Kataluniako Filmotekan.

Eta irailaren 23an, astelehenean, London Spanish Film Festivalek dokumental luze hau aurkeztuko du, 15th Basque Window sailaren barruan. Emanaldia 18.20ean hasiko da Londreseko Lumière zineman.

‘Arnasa betean’ filmak beste bi zinema jaialditako sail ofizialetan parte hartuko du urrian zehar: Bilboko ‘Film sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian (urriak 14) eta Malagako Mujeres en escena jaialdian (urriak 23-azaroak 5).

Aldi berean, Euskal Herriko hainbat herritan jarraitzen du filmaren ibilerak. Irailaren 25ean, asteazkena, Lekeition egongo da (19.30tan, Ikusgarri zineman). Saio guztietan zuzendariek parte hartuko dute filmaren aurkezpenean eta ondorengo solasaldian.

2022ko iraila eta abendua bitartean filmatu zen ‘Arnasa betean (A pulmón)’ Euskal Herriko hainbat herritan (Donibane Lohizune, Pasai Donibane, Elantxobe, Hondarribia, Jaizkibel, Iruñea, besteak beste), Madrilen eta Menorcan. Dokumental honek atzoko eta gaurko euskal emakume-zinemagileek egindako zineman murgiltzea proposatzen du: Maria Elorza, Arantxa Echevarria, Mireia Gabilondo, Lara Izagirre, Alauda Ruiz de Azua, Iratxe Fresneda, Isabel Herguera...

Eta bidaia honetan hiru urpekari ditugu gidari: Erea Lopez, Lara Larrañaga eta Ainhoa Incognito. Filmak Deustuko Unibertsitateko ikertzaile Pilar Rodriguezen begirada ere jasotzen du, eta Ur Joko Elkarteko (Donibane Lohizune) Elorri Arin, Morgane Baud, Ainhoa Etxenik eta Ihintza Urtxegi arraunlariak ditu tartean.