NAIZ

Donostiako azken sexu erasoa salatu dute Udaletxe aurrean zein Amaran: «Nazkatuta gaude»

Ostegunean gizon bat atxilotu zuten Easo plazako aparkaleakuan emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Ostiral honetan Donostiako udal ordezkariek elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren, baita mugimendu feministak Amara auzoan ere.

Donostiako udaleko ordezkariek elkarretaratzea egin dute azken sexu erasoa salatzeko.
Donostiako udaleko ordezkariek elkarretaratzea egin dute azken sexu erasoa salatzeko. (Andoni Canellada | FOKU)

Donostiako udal ordezkariek elkarretaratzea egin dute Easoko aparkaleakuan izandako sexu erasoa salatzeko ostiral honetan. Erasoa arbuiatu dute eta erasoak «errepikatzeaz nazkatuta» daudela gaineratu. ‘Donostiako udala eraso sexisten aurka’ lelopean bildu dira alderdi guztietako ordezkariak.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du gertatutakoaren berri jakin bezain azkar bildu zirela eta aho batez adostu zutela alderdi guztien arteko adierazpen instituzionala «eraso gertakari berri hau erabat gaitzetsi eta arbuiatzeko». Elkarretaratzean adierazi dute Udalbatza osoaren elkartasuna helarazi diotela erasoa jasandako emakumearen.

«Horrelako portaerak, erasoak, erabat soberan daude hemen eta leku guztietan» egin du aldarri Goiak. Eta jarraian eraso orori aurre egingo dietela gaineratu du: «Oso nazkatuta gaude erasoak behin eta berriz errepikatzeaz, baina gu ez gara nazkatuko arbuiatzeaz, gaitzesteaz eta gure indar guztiekin aurre egiteaz».

Arratsalde partean mugimendu feminista izan da gertatutakoa salatu duena. Eta erasoa jazo zen tokian bertan egin dute, Easo Plazan, 19.00etan.



Donostiako Udaltzaingoak ostegun honetan atxilotu zuen Easo plazako parkinean emakume bat erasotu zuen gizonezkoa. Emakumeak kontatutakoaren arabera, erasotu ondoren gizonak ihes egin zuen, eta berak laguntza eskatu zien inguruan zebiltzan poliziei, eta hauek, ospitalera lagundu zioten.

Gizona bere etxean atxilotu zuten eta geroztik ez da datu gehiagorik jakitera eman.