Jose Javier Zabaletak sanferminetan izandako lesioarekin, oker, oso oker ekin zioten Peñak eta etxarrendarrak faborito nagusienen artean sartzen ziren Mastersari, baina atzelaria osatu eta aitaren batean argitu dute bidea. Aste honetan jokatu dituzten bi partidak irabazita –nafarrak jokatutako bakarrak– playoffetarako sailkatzea lortu dute, oraindik zehazteke dagoen bikote baten aurka, eta Nafarroa Arenara begira oso kontuan hartzeko bikotea direla gogorarazi diete gainontzeko parte hartzaileei. Bestalde, gaur Larrazabal alegiarraren ordez aritu bada ere, Artola-Rezusta bikotea aurrera egiteko aukerarik gabe geratu, Ezkurdia-Albisurekin batera.
Egia esan, aurtengo sanantolinetan Santi Brouardera gerturatu diren pilotazaleek ez dute askorik gozatzeko aukerarik izan, Mastersari dagokion partidetan bederen, ostegunean bezala, gaurkoa kolore bakarreko partida izan baita. Ostegunean Laso-Arangurenek Jaka-Martija zortzi tantotan utzi bazituzten, gaur Larrazabal eta Rezusta zazpi egiteko baino ez dira gai izan Peña eta Zabaletaren aurka.
Estatistikek sarri egiaren zati handi bat izkutatzen duten arren, gaurkoan erraz uler daiteke partida fitxari begirada azkar bat emanda. Hasteko, deigarria da oso binakako partida batean aurrelarietako batek sakez egindako zortzi tanto izatea eta horiexek dira Peñari zenbatutakoak, nahiz eta hauetariko asko Rezustak erantzun gabeak izan direla esatea ere egokia litzatekeen. Sakatzaile bikaina da tolosarra eta hala erakutsi du, baina bergararrari gaur ikaragarri kosta zaio Lekeitiokoa bezalako frontoi batean pilotara jartzea eta hortik egin die ihes, hein handi batean, partidak urdinei. Tarteka pilotakada onen bat ere jo badu ere, piloteoan ezinean aritu da gehienean bergararra Zabaleta fresko baten aurrean.
Larrazabal, defentsara kondenatua
Honek erasoan eroso aritzeko modua egin dio Jon Ander Peñari, errematerako aukera asko izan ditu eta eraginkor aritu da oso gainera tolosarra tantoak amaitzerakoan. Iker Larrazabal defentsan aritzera kondenatua egon da ia partida osoan zehar eta azken hilabete luzeetan ematen ari de garapen izugarrian, horixe da geratzen zaion ikasgai nagusietako bat. Gainera, partida hasi eta berehala kolpe gogor xamarra hartu du ezker eskuko hatz batean eta horrek ere ez dio batere lagundu.
Gauzak horrela, partidak historia gutxi izan du; 13 minutu eta 101 pilotakada eskasetan, Peña-Zabaleta 11-1 aurreratu dira eta hortik aurrera markagailua apur bat txukundu, ezer askorik ez, baino ez dute lortu amurrioarrak eta Rezustak.
FITXA TEKNIKOA:
Peña-Zabaleta: 22
Larrazabal-Rezusta: 7
Pilotakadak: 326. Iraupena: 40,26 minutu. Markagailua: 0-1, 11-1, 11-4, 13-4, 13-5, 19-5, 19-7, 22-7. Sakeak: 8 Peñak eta 0 Larrazabalek. Egindakoak: 9 Peña II.ak, 2 Zabaletak, 1 Larrazabalek eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 3 Peña II.ak, 2 Zabaletak, 1 Larrazabalek eta 2 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera polita Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan aurtengo sanantolinetako bigarren jaialdian.