‘Celedon’ bideak lotu ditu Iñaki Arantzamendi eta Oier Berruete
Astebeteko tartean, bi euskal eskalatzaileek zailtasuneko klasiko bihurtu den Ilarduiako bide hori kateatu berri dute. Arantzamendiren 9a mailako bigarren marra da; Berruetek, berriz, lehena du.
Eskaladako proiektu bat bi lagunen artean partekatzea maiz berezia izaten da. Prozesuaren norabide berean jartzeak eite oso positiboak ditu. Elkarri aholkuak eman, batak bestea aseguratu, metodo egokienak proposatu, animatu… Oro har, helburu horretan fusionatzeak indar handia hartzen du. Horregatik guztiagatik behin baino gehiagotan aipatu izan da kidetasunak baduela balio erantsi bat.
Hori erdietsi berri dute Iñaki Arantzamendik eta Oier Berruetek ‘Celedon’ bidearekin (9a) izan duten esperientzia aberatsean. Ilarduiako kareharri zuriak harrapatu ditu, batez ere duela hamabi urte Iker Pouk ekipatutako 45 metroko eta erresistentzia handia eskatzen duen ibilbide horrek. Pou bera izan zen lehen igoera sinatu zuena, eta, ondoren, espezialista handi asko gai izan dira katera erorikorik gabe heltzeko. Esan dugun bezala, Arantzamendi eta Berruete izan dira azkenak.
Lehendabiziko eskalatzaileak eskarmentua badu 9a mailan. 35 urteko ondarroarra ‘Obaba’-rekin (Baltzola) bederatzigarren esferan sartu zen. Zazpi urte geroago, bigarrena eskuratu du. Zazpi urteko «hutsune» horretan bizkaitarrak eskalatzen jarraitu du, baina zailtasunean plus berezirik bilatu gabe: «Aurreko garai batean ez bezala, azken urte hauetan lan profesionalak eta etxeko lanak (alaba baten aita izan naiz) denbora gehiago kendu didate. Eskalatzen eta disfrutatzen segitu dut, baina beste era batera. Ilarduian behin baino gehiagotan izan naiz, baina proiektu berezirik gabe».
Bisita horietan, beteranoak ‘Celedon txiki’ (8c+) sinatu zuen; hots, ‘Celedon’-en lehen zatia. Neurri batean, igoera horrek motibatu zuen aipatu dugun azken eskaladan buru-belarri jartzea. Esan dugun bezala, lehen zatia ezaguna zuen; hurrengo helburua bigarrenarekin (8c) lotu eta katera erorikorik gabe iristea zen: «Joan den urteko udan asmo berezirik gabe Ilarduian egon nintzen. Bide osoa ikasi eta ahal nuen guztia egitea zen xede nagusia. Oso goian (hiru mugimenduren faltan) hiru aldiz erori nintzen. Beheraldia izan nuen. Presio barik lan egitea lagun ona da. Eta hori lortu dut azken bisita honetan».
Arantzamendik ‘Celedon’-en egin duen prozesua oso naturala izan da. Ibilbide gehiena menderatua zuen; azken bultzada ematea soilik falta zitzaion, eta eraginkorra izan behar zuen. Kateatu aurretik oso sasoiko ikusten zuen bere burua, eta horrek plus bat eman zion. Bestea, Berrueterekin batera hainbat ekinaldi partekatzea.
Ondarroarra erresistentziarekin bikain moldatzen denez, ‘Celedon txiki’-n asko gozatu zuen, baina bigarren zatiak buruhausteak eman zizkion: «8c hori psikologikoki gogorra egin zitzaidan. Batez ere, goian dagoen pauso solte bat. Oierrek metodo ezberdin bat aholkatu zidan, eta hain justu behin betiko ekinaldian metodo hori erabili eta arrakasta izan nuen. Oso bitxia izan zen! Nik pauso horretan orpoa finkatzen nuen, baina ez zen batere egokia. Oierrek, berriz, esan zidan erregeleta txiki batean oina jartzeko, eta funtzionatu zuen».
Arantzamendik onartu du proiektu horretan eite zailena denbora izatea izan dela. Aurreko urteetan ia “erloju kontran” ibili zen. Tarte txiki bat atera eta korrika eta presaka Ilarduiara joaten zen: «Lanaldia bukatu eta hara abiatzen nintzen; oso presionatuta. Aurten ezberdina izan da. Ez nuen burua jan nahi, eta urteen poderioz ikasi dut presio hori gainetik kentzen. Disfrutatzea zen helburu nagusia. Horregatik diot une oro ikasten aritu naizela. Badira zailtasunari gehiegi begiratzen diotenak eta ezer gutxi ikasten dutenak. Prozesuaz gozatu, ikasi, emozionatu, kudeaketa egokia egin… Lan horri garrantzi handia ematen diot. Horregatik guztiagatik oso pozik nago ‘Celedon’ kateatu dudalako. Familia duzunean egoera aldatzen da. Eskalada, lana eta etxeko ardura partekatu behar ditut, eta horrekin oso zoriontsua naiz. Bikoteak asko laguntzen nau, eta lasai asko aitor dezaket une jakin honetan oso pozik bizi naizela».
Beste hausnarketa bat egin nahi izan digu eskalatzaile bizkaitarrak. Adierazi du azken jarduera horrek asko bete duela, besteak beste, ibilbide ona delako eta beste eskalatzaile indartsu batzuek kateatu dutelako. Baina azpimarra egin dio egun dituen sentsazioei: «Adibidez, ‘Obaba’ igo nuenean indartsuagoa nintzen; egun, aldiz, eskarmentu handiagoa dut. Arestian aipatu dudanez, orain eskalatzeko tarte txikiagoa dut, baina irteten naizen bakoitzean saiatzen naiz denbora ez galtzen. Intentsitate handiagoz jarduten dut. Motibazioari eta gogoari ongi eusten diet. Zaharragoa naiz, baina eskalatzaile hobea».
Berruetek, lehena
Antoñanako eskalatzailea, berriz, ‘Celedon’-ekin bederatzigarren esferan sartu da. Modu batera edo bestera esanda, beteranoak 25 urteko gazteari lekukoa eman dio. Sasoiko dabil kirol eskaladan, eta azken proiektua horren isla da. 15 urterekin hasi zen eskalatzen Basterra anaien eskutik. Eta onartu behar dugu progresio bikaina izan duela: 2018tik 2020ra 8a mailatik 8c-ra igaro zen.
Gaitasuna izateaz gain, argi dago beste ezaugarri batzuek jarri dutela arrakastaren bidean: «Oso burugogorra naiz, eta helburua lortu arte ez dut atsedenik hartzen. Gustuko dut neure buruari erronka gogorrak jartzea. Iaz, 8c+ lortu nuen, eta 9a nire lehentasunen artean zegoen. Helburu zehatzik ez da izan; saiatu naiz hobetzen edo beste urrats bat egiten, batez ere nire motibazioari eusteko. Alabaina, hori guztia ezin da guztiz menderatu. Azken bizpahiru urteotan min hartuta egon naiz. Belaunean hiru ebakuntza egin dizkidate. Lesio bakoitza heltzen zenean oso sasoiko nengoen, eta horrek asko izorratu nau. Gogorra izan da, baina kontziente naiz asko ikasi dudala; izan ere, lesio batetik energia berriekin itzuli naiz».
Arabarrak argi zuen ‘Celedon’ bederatzigarren esferan sartzeko xede oso ona zela. ‘Celedon txiki’ iaz sinatu zuen, eta aipatu ditugun bi zatiak lotzea erronka bihurtu zen: «Murrura heltzen zarenean bide horrek harrapatzen zaitu, eta amesten hasten zara: marra bikaina baino bikainagoa da! Gainera, kontuan hartu behar da izen handia duten hainbat eskalatzailek marra horretan arrakasta izan dutela. Lehen ekinaldiak iaz egin nituen. Pauso guztiak atera nituen, eta hauek zehazten hasi nintzen. Baina orpo eta belaun batean min hartu nuen. Osatu eta denboraldi honetan argi nuen ‘Celedon’-en topera ibiliko nintzela. Saialdiak egiteaz gain, bide horretarako entrenamendu espezifikoak egin ditut».
Berruetek dio ederra izan dela prozesua. Urrats guztiak disfrutatzen saiatu da: koreografia bilatu, ikasi nolakoa den eta ondoren ahalik eta errazena egin: «Zalantzarik gabe, asko ikasi dut, eta lagundu dit neure burua eta nire gorputza hobeto ezagutzen. Erresistentziarekin ondo moldatzen naiz; hortaz, ‘Celedon’ niretzat oso egokia da. Prozesu guztiaren eiterik zailenak lesioak izan dira. Horiekin gorabehera handiak izan ditut: oso indartsu egon naizenean, min hartzen nuen eta motibazioak behera egiten zuen. Berriro topera egon eta beste lesio bat heltzen zen. Egoera horretan hainbat urtez egon naiz. Bestalde, zaila izan da baldintza onak aurkitzea; askotan bustia eta hezea egon da».
9a mailako bide bat aukeratzeak ez dio presio berezirik eragin. Eskalatzaile gazteak dio horrek eta ‘Celedon’-ek duen kalitateak asko motibatu dutela: «Erresistentzia handia duten 45 metro horietan ia ezin duzu atsedenik hartu. Katu-oinak jarri eta topera ibiltzen nintzen. Lasaitasuna zer den ez dakit. Nolabaiteko beharra nuen %100ean jarduteko. Ez dut gezurrik esango: nire lehenbiziko 9a egiteak ilusio handia egin dit. Baina azpimarra egiten diot bideari berari: bikaina da! Azken igoera horrekin konturatu naiz gai naizela beste bide gogor batzuk probatzeko. Jakina, maila horrek errespetua ematen dit. Era berean, motibazioa eta konfiantza».
Adierazpen horiek irakurrita argi geratzen da Antoñanako eskalatzailea motibatuta dagoela zailtasunean urrats gehiago egiteko. Gaitasuna du eta egoerak kudeatzen trebea da: «Denek galdetzen didate, aholkatu ere bai, hurrengo helburua 9a+ izan behar dela. Horretan ez dut asko pentsatzen. Buruan badut makina bat ibilbide on».