Pilotan eta kirolean sekula ez da ideia ona izaten aurkariak aukeratzen jardutea eta auskalo zer gertatuko den datorren asteburuan Galdakao eta Altsasun jokatuko diren kanporaketetan, baina eskuan zuten laugarren postuari ihes egiten utzi eta Laso-Tolosaren aurka jokatu beharko dute ostiralean Zabalak eta Imazek, jokoan ezer gutxi zuten Peio Etxeberria-Mariezkurrenaren aurka galdu ostean. Hasiera bikain baten ostean, 5-14 eta 8-15 aurretik ere joan dira errioxarra eta oiartzuarra, baina partida nahasi batean behar baino huts gehiago egin eta seigarren postuarekin konformatu behar izan dute. Igandean Altsasun, Jaka-Martijak eta Peña-Zabaletak jokatuko dute, Nafarroa Arenarako azken txartelaren bila.
Partida arraroa izan da Arrasatekoa, bi zati oso desberdinak izan dituena. Bikain ekin diote lehiari Zabalak eta Imazek. Errioxarra fresko ikusi dugu hasieratik, pilota ederki mugituz eta errematean zorrotz. Atzean ere, Ander Imaz oso sendo aritu da kantxan oso deseroso aritu den Jon Mariezkurrena baten aurrean. Berriozarko atzelariak onartu du partida amaieran aspaldian eskuetatik ez dabilela nahi bezain ondo eta partidan sartzea ikaragarri kosta ziola.
Gidoia, ordea, zergaitik oso ondo ez dakigun arren, erabat aldatu da lehen atsedenaldi luzearen ostean. Zabala akats tonto batzuk egiten hasi da, Peio Etxeberriak jokoan sartu eta partidari erritmoa sartzeko aukera gehiago izan ditu eta bere atzelariak ere, ohiko pilotakada ikusgarriak jo gabe, atzean gehiago agintzen hasi da.
Distiratsu egon gabe, liderrek partida gogortzeari ekin diote eta pilota gutxiago galtzeak ezinezkoa zirudien partida bati buelta ematea ahalbidetu die. Edozein aldetara eror zitekeen amaiera estu batean, liderrek ia inertziaz ere irabazteko gai direla erakutsi dute.
Garaipenik ez, baina txalo zaparrada Muruarentzat
Garaipenik ez, baina barru-barruraino sartzen den txalo zaparrada bat jaso du Ander Muruak gaur goraino bete den Uarkape pilotalekuan. Etxetik bertan egin du debuta Aspeko profesional berriak eta Bikuñak lagunduta, 22-10 galdu dute Egiguren eta Aldabek osatu duten bikote sendoaren aurka. Lehen zati orekatuago baten ostean, gorriek erraz egin dute ihes markagailuan, hein handi batean, atzeko koadroetan Joseba Aldabe eskuetatik justu xamar dabilen Bikuña baino askoz gehiago izan delako.
Aurrean, Ander Muruak detaile politak utzi ditu, aurrelari ausarta dela erakutsi du eta, batez ere, pilota eskutik abiaduraz irteten zaiola. Lanerako borondaterik ere ez du falta eta, zortea lagun badu, ibilbide oparoa egin dezakeen pilotaria da arrasatearra.
FITXA TEKNIKOA:
Etxeberria-Mariezkurrena: 22
Zabala-Imaz: 19
Pilotakadak: 632. Iraupena: 67,02 minutu. Markagailua: 0-5, 1-5, 1-6, 3-6, 3-7, 5-7, 5-12, 6-12, 6-14, 8-14, 8-15, 11-15, 11-16, 13-16, 13-17, 18-17, 18-18, 20-18, 20-19, 22-19. Sakeak: 1 Peio Etxeberriak eta 1 Zabalak. Egindakoak: 8 Peio Etxeberriak, 5 Mariezkurrenak, 7 Zabalak eta 4 Imazek. Galdutakoak: 6 Peio Etxeberriak, 4 Mariezkurrenak, 3 Zabalak eta 5 Imazek. Gorabeherak: Sarrera bikaina Arrasateko Uarkape pilotalekuan, Ander Muruak debuta egin duen jaialdia ikusteko.