Nafarroako itunpeko ikastetxeetako patronalek eta SEPNA eta UGT sindikatuek akordioa lortu zuten atzo Nafarroako Hezkuntza departamentuarekin, sektoreko hurrengo bi urteetarako hitzarmen berriaren inguruan, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, baina, azken honek ez du akordio hori sinatuko «bertan jasotzen diren neurriak ez-nahikoak direlako». NIE-k, ikastoletako patronalak, ere ez du sinatu.
Iragan abuztuaren 31n bukatu zen Nafarroako Itunpeko Irakaskuntza eta Ikastoletako azken akordioaren indarraldia. LABek, adierazi duenez, «aurreko ikasturtea akordio berri hobea lortzeko lanean eta borrokan» aritu zen. «Hezkuntza Departamentuak ez zuen negoziaziorako biderik eman; Carlos Gimeno kontseilariak beti izan duen jarrera itxiarekin jarraitu zuen», kritikatu du sindikatuak ohar baten bidez.
Abuztuaren bukaeran, patronalek azken proposamen bat helarazi zieten sindikatuei, bi elementu berrirekin: hiruko mahai informatiboa osatzea eta 57 urtetik gorako irakasleei, ahal den neurrian, tutoretzarik ez egokitzea. Gainera, Hezkuntza Departamentuak birkokapen plan bat eskaini zuen. «Sindikatu honi zalantza handiak sortu zitzaizkion, planean eragiteko gaitasun faltagatik. LABen ustez, hiru neurri horiek ez-nahikoak dira», adierazi du.
Pasa den astean izandako negoziazioetan, LABek «gutxieneko bi baldintza» ezarri zituen, akordioa sinatu ahal izateko. «Lehenik, akordioa ez izatea hurrengo lau urteetarako, bi urterako baizik, hobekuntza nahikorik ez zuelako. Eta bigarrenik, konpromisoa hartzea sindikatuei aurrekontuen berri emateko, horiengan eragiteko nolabaiteko gaitasuna izateko». Sindikatuak azaldu duenez, lehenbiziko baldintza onartu zuten beste aldeek. Ez, ordea, bigarrena.
SEPNA eta UGT sindikatuek akordioa sinatu dute eta, gehiengoa dutenez, akordio berriko neurriak bi urtez aplikatuko dira; betiere, Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan nahikoa dirua jartzen badu. «Hurrengo bi urteetan, LABek akordio horren jarraipen estua eginen du eta berau hobetzeko lanean segituko du».