NAIZ

Ernai Tafallan mobilizatuko da urriaren 12an, «faxismoak lekurik ez duela argi uzteko»

Ernai gazte antolakundeak mobilizazioa deitu du urriaren 12rako, Tafallan. «Nafarroan, urriaren 12an, ez dugu ezer ospatzeko, irabazteko baizik. Antifaxismoak irabazteko, Euskal Herria irabaztera goaz», adierazi dute.

Ernai Donostian mobilizatu zen aurreko asteburuan.
Ernai Donostian mobilizatu zen aurreko asteburuan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Tafallan mobilizatuko da datorren urriaren 12an Ernai. «Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan, hispanitatearen egunak jokatzen duen papera ukaezina dela ongi dakigu». Hori dela eta, Nafarroako erdialdera eramango dute aldarrikapena. «Gu nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana».

Ohar baten bidez adierazi dutenez, zita honekin argi utzi nahi dute «faxismoak herri honetan lekurik ez duela». «Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan handiak dira gauzatzen ari garen aldaketa sozial eta politikoak, eta horien aurreko erreakzioa da eskuinak hartutako jarrera bortitza; geroz eta euskaldunagoa, ezkertiarragoa eta feministagoa den Nafarroa baten aurrean, Madrildik datozen aginduekin erreakzionatzen dute».

Era berean, «78ko erregimenak bere horretan mantentzeko ahaleginak» ere mahai gainean jarri dituzte. «Hizkuntza politika, eredu sozioekonomikoa, lurralde antolaketa estrategia, botere banaketa... Baina baita nortasuna eta historiaren inguruko narratiba oso bat ere»

Egoera hau nazioarteko testuinguru batean kokatzen du Ernaik, non eskuin muturraren gorakada eta faxismoaren oldarraldi nabarmena ematen ari den. «Dagoeneko, gorakada horren ondorio batzuk bizitzen ari gara: ‘Cara al sol’ abesten Tuteran, gure ikurren debekua Atarrabian, jai herrikoi eta euskaldunak debekatzen Lizarran, Voxen gorakada hauteskundeetan, euskararen meritua legez kanporatua osasungintzan, eta abar luze bat».

Horregatik, Ernairentzat, «inoiz bainon garrantzitsuagoa da etorkizun duin baten alde lan egitea». Eta, zentzu horretan, «herri honen eraikuntza hamaika ertz desberdinetatik bultzatea» eskatu du. «Nafarroan, urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko, irabazteko baizik. Antifaxismoak irabazteko, Euskal Herria irabaztera goaz».