Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Kulturarteko hiria eraikitzeko deseraikitzetik hasi behar da

‘Etorkizuna hemen dago: aniztasunean bizikidetzaren erronkak eta aukerak’ ikastaroaren bigarren egunean kulturarteko hiriak sortzeko erronka eraman dute Soraya Ronquillok eta Jeanne-Rolande Dacougnak Donostiara. Emakume migranterik gabe ezin da ezer eraiki, ohartarazi dutenez.

Jeanne-Rolande Dacougna eta Soraya Ronquillo, moderatzailearen alde banatan.
Jeanne-Rolande Dacougna eta Soraya Ronquillo, moderatzailearen alde banatan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kulturartekotasuna «ez da ezer berria, Euskadin hogei urte daramatzagu horretaz hitz egiten; beraz, agian aurrera egiteko unea da», adierazi du Jeanne-Rolande Dacougnak Donostiako Miramar Jauregian. Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren Biltzen zerbitzuko esku-hartze sozialeko teknikaria da eta ondoan izan du Soraya Ronquillo Bidez Bide elkarteko kidea. Eskuz esku, kulturarteko hiriak nola sortu pentsatzen aritu dira EHUk eta Donostiako Udalak antolatu duten ikastaroaren bigarren egunean. Eta abiapuntuan ados agertu dira biak: eraikitzen hasi baino lehen, beharrezkoa da deseraikitzea.

Kulturak ez dira harrizkoak, eraldatu eta moldatu egiten dira, pertsonak bezala. «Eraikuntza etengabea, malgua eta dinamikoa da», argitu du Dacougnak eta, bere esanetan, hori argi ikusten da migrazio prozesu bat bizi duten pertsonen kasuan: «Migratutako pertsonek ezagutza kultural bat dakarte, baina hemen beste batekin egiten dute topo. Bien arteko elkarrizketa bat ematen da eta prozesu bat garatzen: pertsona horiek hemengo kulturako zenbait gauza hartuko dituzte, behar dituztelako, baina horrek ez du esan nahi beraien kulturari uko egin behar diotela, hori ere behar baitute». Egiaz, kultura zurruna dela defendatzen duena –«hau beti egin izan da horrela» dioen hori–, «pribilegioaren aldean dago, ez zaio interesatzen gauzak aldatzea», gaineratu du.

Hizkuntzaren balioaz ere aritu dira hizlariak, honen bitartez egiten baita transmisio kulturala. Eta, ildo horretatik, euskararen garrantzia azpimarratu dute. Batetik, lagungarri delako enplegua bilatzeko orduan, batez ere Euskal Herrian finkatzeko asmoa duten pertsonen kasuan. Eta, bestetik, «integrazioa lagundu eta errazteko tresna» delako, ziurtatu du Dacougnak. Proposamen bat ere luzatu du: «Interesgarria izango litzateke harrera prozesuetan jendeari nora etorri den azaltzea, zeren batzuk erroldatzera datozenean deskubritzen duten hemen beste hizkuntza bat dagoela».

Ronquillok azaldu duenez, Bidez Bide elkartean artatzen dituzten emakume migranteekin euskarari balioa aitortzeko ariketa egiten dute. «Uste dugu oso inportantea dela hizkuntza honen historia jakitea, zeren askotan ez dugu ezagutzen, eta horrek inposizio gisa hartzera eramaten gaitu. Baina hizkuntza honekin gure herrialdeetan quechua edo aymararekin bizi izan duguna gertatu da», adierazi du.

Zaintza, sartzeko ate bakarra

Euskal Herrira datozen emakume askok aukera bakarra topatzen dute enplegurako: zaintza lanak. «Esan ohi dugu ‘ongi etorria’ zaintzaren sektoreak egiten duela, batez ere Abya Yalako emakumeen kasuan, eta erregimen internoan aritzen dira, esplotazio baldintzetan», agertu du Donostiako gizarte langileak. Bera ere zaintzaren atetik sartu behar izan zen Euskal Herrira, Perutik etorri zenean. Bere ikasketak homologatzeko eskaera egin zuenetik onartu zioten arte lau urte pasatu ziren eta zaintzen aritu zen bitartean.

Asko errepikatzen den egoera da Bidez Biden artatzen dituzten emakumeen artean. Ronquillok azaldu duenez, 5.000 andre ingururi lagundu diote ikasketa tituluak homologatzeko tramite «gogaikarriak» egiten, eta horietako %70ek bigarren mailako ikasketetik aurrerako tituluak zituzten. «Erizainak, medikuak, odontologoak... dira zaintza lanetan diharduten asko, beren tituluak homologatzeko zain», esan du.

«Dei efektuari buruz asko hitz egiten da, baina berez, dei efektua eskulanaren beharra da, horrek eragiten du Latinoamerikako emakumeak etortzea. Askotan, gainera, beren seme-alabak beste emakume batzuek zaindu behar dituzte haien jatorrizko herrialdeetan. Horiek dira zaintza sare transnazionalak», agertu du Jeanne-Rolande Dacougnak.

Bestalde, baldintza okerrenetakoak eskaintzen dituen sektore honetan ere, jatorriaren araberako diskriminazioa begien bistakoa dela azpimarratu du. «Hierarkia bat dago: emakume beltzak edo hiyaba daramatenak zaintza sektoretik baztertzen dira, arrazakeriaren ondorioz. Eta, aldi berean, esaten da emakume beltzak eta musulmanek ez dutela lanik egiten. Inork ez ditu kontratatu nahi! Beren bazterkeria egoeraren arduradun egiten ditugu, bazterkeria hori eragiten duten egiturak hemen dauden arren», esplikatu du.

Emakume migranteak soilik zaintzeko balio dutela dioen narratibarekin apurtzeko beharra agertu dute Ronquillok eta Dacougnak. Eta, horrekin, zaintza lanak iraultzeko Euskal Herriko mugimendu feministaren bitartez egindako bidean sakontzeko unea dela iritzi diote. «Funtsezkoa da zaintzaren erantzunkidetasunerantz bidea egitea, denak inplikatu daitezen, gizonak eta instituzioak ere bai», bota du Biltzeneko teknikariak.

Begirada koloniala hustu

Kulturarteko hiriak eraikitzeko, beraz, funtsezkoa da aurrez aipatutako guztia deseraikitzea. Deseraikitzea arrazakeria, matxismoa eta, batez ere, «gizartea blaitzen duen begirada koloniala», zehaztu du Ronquillok. Izan ere, pertsona migranteen berdintasuna, interakzioa eta parte hartzea bermatuko duten hiriak sortu nahi badira, zorua prestatu behar da aurretik, oinarri kolonialen gainean eraikiko den zutabe orok atzerritarrak azpian harrapatuko ditu bestela. «Botere harremanak irauliko dituen proiektu politikoa izan behar dugu jomugan», esan du.

Begirada arrazista eta kolonialak, hizlariek ohartarazi dutenez, zenbait estereotiporen arabera sailkatzen ditu migranteak, eta horrek eragina dauka gizartean okupatzen duten lekuan, besteak beste. Adibidez, azaldu dutenez, hegoalde globaletik datozen pertsonak «atzeratuak, barbaroak, primitiboak» dira euskal herritar zurien begirada eurozentrikoan, pentsatzen da emakumeek ez dutela ikasketa edo jakintzarik eta, beraz, ez dira «baliozko hizketakide» gisa irakutzen, ezta eraldaketa gauzatzeko agente moduan ere.

Kontrara, «kulturarteko hiria osatu nahi badugu, pertsona guztiok egon behar dugu hor, ideiaren momentutik parte hartu behar dugu», agertu du Bidez Bide elkarteko kideak. Eta horretarako, ezinbestean, euskal gizarte hegemonikoak «‘ezleku’ horretan dauden pertsonen azpiratutako jakintzak» aitortu behar ditu.

Dacougnak, bestalde, diskriminazio positiboko ekintzak defendatu ditu, «zeren ezin ditugu berdin artatu baldintza desberdinak dituzten pertsonak», azaldu du. Neurri hauek debatea eta tirabira sortzen badute ere, esku-hartze sozialeko teknikariaren aburuz, «horiek gabe berdintasuna ez da erreala izango».