Donostiako udaltzain izateko euskarazko B2 profila eskatzen zuen deialdia bertan behera uztea berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak, abian den erasoaldi judizialean mugarri berri bat jarriz.
Efe agentziak zabaldu duen erresoluzioan, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Donostiako Udalak paraturiko helegitea. Donostiako Kontentzioso-Administratibo arlolo hirugarren epaitegiak aldez aurretik plazaraturiko epaiaren kontra aurkeztu zuen helegitea Udalak. Epai horretan udaltzainen deialdietan ezin zela euskararen ezagutza eskatu adierazten zen.
Francisco Ignacio Lopez Lera abokatuak ordezkatu zuen helegitea aurkeztu zuena. Bertan, B2 profila eskatzeak «Konstituzioak [espainolak] jasotzen duen lan eta kargu publikoetara berdintasunez heltzeko eskubidearen kontra» zihoala esaten zen.
Lopez Lera abokatuaren helegitea
Epaitegia bat etorri zen Lopez Leraren planteamenduarekin. «Administrazioak herritarrekin harremanak euskaraz izateko bidea bilatu behar du, baina hizkuntza hau ezagutzen ez dutenak lanpostuak eskuratzeko duten eskubidea zapuztu gabe».
Gauzak horrela, epaitegiaren arabera, ezin da euskararen ezagutza eskatu lan publiko bat lortzeko «hiritar kopuru handi bat hizkuntza koofizala ez duenean ulertzen eta ulertzeko beharrik ez duenean».
Honekin batera, udaltzeinen jarduerarako polizia guztiek euskara jakitea ez dela beharrezkoa gaineratu zuen epaitegiak.
Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak Donostiako epaitegiaren erabakia «zentzuzkoa» izan zela adierazten du. Honekin batera, udaltzainen deialdia euskara eskatzeak Konstituzio espainolak babesten dituen eskubideak urratzen dituela berresten du.
Hori dela eta, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera uzten du Donostiako Udalak udaltzainen postuetarako deialdirako onarturiko arauak.
Erabaki honen kontrako helegitea aurkeztu daiteke Epaitegi Goren espainolean.
EH Bildu
«Herri bezala tinko aurre egin behar diogu gure hizkuntzaren, kulturaren eta antolaketaren aurkako eraso hauei. Herritar euskaldunen eskubide urraketak eteko lanean jarraituko dugu», adierazi du EH Bildu Donostiak sare sozialetan epaiaren berri izan ondoren.