Argazkia.eus Euskal Herriko argazki jaialdiaren lehen edizioaren irabazleak jakitera eman dituzte. Hauen artean, ‘Mediabask’, ‘Kazeta’, GARA eta NAIZen argitaratzen duen Guillaume Fauveau lapurtarra dago, emigrazioaren gaiari buruzko ‘Pausa’ proiektuarengatik.
Aretxabaletan ospatzen da Argazkia.eus jaialdia urriaren 5ean eta Euskal Herrian jaio eta/edo bizi diren egun argazkilari inguruk hartu dute parte. Lehiaketa zortzi sailetan banatzen da: Aretxabaleta, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa.
Fauveaurekin batera hauek izan dira beste irabazleak: Jorge Almeida Aretxabaletako argazkilaria 'Harrien Deidarra' proiektuarekin, Jaione Garcia Sanesteban argazkilari gipuzkoarra 'Ttakun' lanarekin, Endika Diaz argazkilari arabarra 'Arde la niebla' proposamenarekin, Saioa Miguel argazkilari bizkaitarra 'Maskaradak' sailarekin, Kike Balenzategi argazkilari nafarra bere 'Paseo monumental' ekin, Nahia Garat Behe Narafarroako argazkilaria 'Zurrumurru' lanarekin (honek ere ‘Mediabask’ eta ‘Kazeta’rekin kolaborazioak egin ditu tarteka) eta Polo Garat Zuberoako argazkilaria 'De la Soule' seriearekin. Bakoitzak 300 euroko saria eskuratu du, sarituen argazkiekin erakusketa kolektiboa egingo delarik.
Kalitatea
«Epaimahaiak parte hartu duten lanen kalitatea nabarmendu du, eta gertuko eta lurraldeko errealitateetan sakontzen duten proiektuak aukeratu ditu, Euskal Herrian sortutako askotariko argazki proposamenak ezagutarazteko, probintzia bakoitzaren nortasun zigiluarekin eta egile bakoitzaren marka pertsonalarekin», azaldu dute antolatzaileek.
Argazkia.eus sariaren lehen edizioko zortzi irabazleek beren proiektuak aurkeztuko dituzte 2024ko urriaren 5ean, larunbata, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan, eta argazki-erakusketa kolektibo bat inauguratuko dute udal eraikin bereko erakusketa-aretoan.
«Egun bakar batean, bertaratzen diren ikusleek Euskal Herrian egindako hainbat argazki-proiektu ezagutu ahal izango dituzte, zeinetan egileak urteak baitaramatzate lanean, sortzaileak mugitzen dituzten argazki-kezkak ezagutu ahal izango dituzte, eta, beren lanak aurkitzera joaten diren argazkilari zaletuen kasuan, sortzen den inspirazio guztia xurgatu ahal izango dute, argazkigintzaren hazkunde pertsonalean lagunduko duena», nabarmendu dute antolatzaileek.