Erriberabeitiko, Zigoitiko eta Gasteiz-Iruña Okako eguzki-energiako proiektuak, alegia, Solaria 2, 3 eta 4 aztera bota ditu Arabako Foru Aldundiak, baita goi-tentsioko linea bat. Argudiatu dutenez, Solariaren proiektuek naturari, nekazaritzari eta lurralde-antolamenduari «oso larri» eragiten diete.
Hala jakinarazi dute asteazken honetan zenbait hedabidek, Aldundiaren lau txosten aipatuz. ‘El Correo’ egunkariak jasotzen duenez, Ingurumen-iraunkortasuneko eta Natura-ondareko zerbitzuaren txostenak dio eguzki-energiako proiektuekin eta hauekin lotutako goi-tentsioko linearekin «ingurunea inoiz ez bezala eta denbora-tarte laburrean eraldatuko litzatekeela».
Lakuako Gobernuak hartu behar du erabakia, baina Foru Aldundiaren arabera Solariaren hiru proiektu hauek «onartezinak» dira, ekarri ahal dituzteen kalteak ez direlako «bateragarriak» aurreikusita daukatenarekin.
Solaria Zierbena Solar 2 (Erriberabeitia) proiekturako 103.432 modulu fotovoltaiko proiektatu dira, Solaria Zierbela Solar 3 (Zigoitia) delakoan beste hainbeste eta Gasteiz-iruña Okako Solaria Zierbena Solar 4-ean beste 103.432 modulu. Hauek 104 milioi euroko inbertsioa eskatzen dute, baina Arabako hamahiru udalerritan aurreikusten diren 27 eguzki plantetako hiru baino ez dira.
Erriberabeitikoaz, Foru Aldundiak deitoratzen du lurraren %13,25 hartuko lukeela eta enpresari eskatu dio beste aukera bat bilatu dezala. Zigoitian «balio estrategiko handiko» 44 hektarea hartuko lituzke. Gasteizen eta Iruña Okan, aldiz, Mendoza eta Matriodan kokatuko lirateke, hauek larriki kaltetuz, baita mendian ere.
Bizkaia eta Arabatik igarotzekoa den goi-tentsioko lineari dagokionez, foru teknikariek proposatzen dute energia sortzen den lekutik gertuago dauden isurketen kokalekuak aurkitzea. Aurreikusita dagoena da 100 kilometroko ibilbidea, dorre eta kablez osatuta, Zierbenaraino.
Nafarroan, Viscofan foru intereskoa
Nafarroako Gobernuak, bestalde, foru interesko inbertsiotzat jo du Acciona Energiak 48,11 MWp-ko autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat eraikitzeko proiektua. Instalazio hori Viscofanek Kasedako udalerrian duen ekoizpen zentroaren deskarbonizazio planaren parte da.
Enpresaren ustez, instalazio berriko energia berriztagarriak urtean 50.000 tona CO2 baino gehiago atmosferara isurtzea saihestuko du. Gainera 269 lanpostu sortuko ditu eraikuntza fasean, eta lau dagoeneko martxan daudenean, enplegu zuzenak, zeharkakoak eta induzituak barne.
Mikel Irujo Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialeko nafar kontseilariak horrelako esku-hartzeen garrantzia azpimarratu du, «sektore industrialaren deskarbonizazioa ahalbidetzen baitute, 2030erako Nafarroako Zerumuga Plan Energetikoaren ildotik, baita digitalizazioa eta dibertsifikazioa ere kontsumo energetikoan, enpresaren kostuak optimizatzearekin batera».