«Euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza-eskubideak bermatzeko urratsak ematea da; justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea; bizikidetza indartzea; askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa da». Honela amaitzen da gaur ostegunean 19.00etan Donostiako Alderdi Ederren eginiko elkarretaratzean Kontseiluak eta Bagera taldeak irakurri duten adierazpena.
Mobilizazioaren gertuko arrazoia EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen kontra emandako azken ebazpena zen: Donostian udaltzaina izateko euskara ez dela beharrezkoa agindu du. Horren aurean, hau da Kontseiluak eta Bagerak egiten duten irakurketa: «Udaltzainek euskara ez jakiteak herritarren segurtasuna eta eskubideak arriskuan jartzen ditu».
Kasu honen gainetik, ikuspegi zabalaz aztertu dute gertatzen ari dena. Eta hasteko, oldarraldi honen aurrean «hizkuntza-eskakizunen markoa gainditu eta euskararen biziberritze prozesuaren aro berriari segurtasun juridikoa emango dion araudi berri bat» eskatu dute bildutakoek.
Alderdi Ederren irakurri duten adierazpenak honako hau nabarmentzen du: «Oldarraldiak ez du etenik. Donostiako hau dugu dagoeneko luzeegi doan zerrenda bateko azkena. Baina, zoritxarrez, ez dirudi azkena izango denik. Orain arte Udalaren eta, oro har, administrazioaren bidez, ordezkari politikoena izan da herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko dituzten politikak egiteko eskumena eta, are, betebeharra. Sententzia hauen bidez, baina, eskumen hori erabat baliogabetu dute: epaitegiek dute azken hitza hizkuntza-politikan».
«Epairik epai doktrina berri bat eratzen dabiltza –ohartarazi dute–. Gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna. Euskararen ofizialtasun estatusa zalantzan jartzeraino. Helarazi nahi diguten mezua argia da: urrunegi joan zarete, eta mugak jarri behar dira».
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagerak beren sostengu eta babesa adierazi diote Donostiako Udalari «euskararen normalizazioaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko».
Udaltzaingoaren kasua «bereziki larria da, udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik. Udaltzain bakar batek
euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea arriskuan jar ditzake. Enplegu publikoaren helburua zerbitzu publiko egokia ematea da, herritarrek behar duten arreta diskriminaziorik gabe eskaintzea. Nola egingo du hori euskararik ez dakien udaltzainak parean herritar euskalduna egokitzean?».
«Euskara lehen lerrora ekarri behar da»
EAEn legegintzaldi berria abian dela, «dei egiten diegu euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden eragile sozial eta politikoei hizkuntzaren auziari orain arte izan ez duen eta dagokion zentralitatea eman diezaioten. Euskararen gaia lehen lerrora ekarri behar da», ziurtatu dute.
«Larrialdi linguistiko betean gaude, euskararen normalizazioan aurrera egiteko genituen tresnak
baliogabetu dituzte, euskararen ofizialtasuna blokeatzeraino. Ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan behar dugun jauzia eman ahal izateko urrats ausartak ematea, eta euskararen biziberritze prozesuaren aro berriari segurtasun juridikoa emango dion oinarriak garatzea. Araudi berri bat garatzea», erantsi dute Bagerak eta Kontseiluak.