Ansa II.ak eta Urrizak erremonteko Eusko Label-Buruz Buruko Txapelketako finalerdian neurtuko dituzte indarrak larunbat honetan. Jaialdia 15.30ean hasiko da, binaka jokatuko den partidu batekin, eta bigarren partida izango da txapelketakoa.
Txapelketako azken-aurreko partida izango da eta garailea finalera pasako da. Bertan Barrenetxea IV.a dute zain. Beraz, berebiziko garrantzitsua du norgehiagokak. Bien artean bederatzi txapela dituzte (Urriza, 2022, 2020, 2018, 2017, 2016, 2015, 2013, 2012; Ansa II 2023) eta azken hamarkadako izar handia eta azken urteko txapelduna izango dira aurrez aurre.
Urrizak beste urte batzuetan material lehorragoa aukeratzen zuen, piloteoa bilatuz, baina aurten tantoak laburtzea nahiago du, adinean gora doanaren seinale, eta sakearekin min gehiago egin nahi du. Horretxegatik bi pilota bizi aukeratu zituen astearteko material aukeraketan. Ansa piloteoan min egiten duen pilotaria da eta fisikoki indartsua. Bere beso indartsuarekin edo kolpearekin min egin nahi duen pilotaria da, eta beti aukeratzen du pilota bizi bat, oraingoan arrazoi gehiagorekin, Urriza gainetik pasatzeko, defentsa handia baitu nafarrak.
Kolpe latza
Ligaxkan Urrizak bederatzitan utzi zuen Ansa II.a, baina Urnietako aurrelariak ahaztuta dauka jipoi hura. Urrizak itxura ona eman du txapelketan zehar eta sakearekin erasokor aritu da. Larunbatean ere maila gorena mantendu nahiko du.
Ansa aurten ez da pasa den urteko mailan aritu eta gehiago kosta zaio partidetan eroso aritzea. Barrenetxearen aurka azken unean egin zion ihes garaipenak eta Juanenearen aurka lortu zuen garaipen bakarra.
Iaz Ansak 30-23 garaitu zuen Urriza, baina orain bi urte Urriza izan zen irabazlea, 30-22. Azken bi urtetako txapeldunak dira, eta lehia parekatua espero da, ez abuztukoa bezalakoa. Hala ere apustuak Urrizaren alde egongo dira. Pilota biziek partidu azkarra ziurtatzen dute eta pilota azkar ibiliko da Galarretako kantxan. Pilota indartsuak beti laguntzen dio ikuskizunari, baldin eta biziegia ez bada. Defendatzaile handiak dira eta ez da aspertzeko astirik izango. Barrenetxea irabazlearen zain dago.