Manex Altuna

Valverdek 25 jokalari erabili ditu sei partidatan, eta modu orekatuan ari da minutuak banatzen

Zortzi futbolarik bakarrik parte hartu dute jardunaldi guztietan, eta batek ere ez du dena jokatu. Teknikaria ardurak banatzen ari da taldekideen artean jarraian datozen partida kopuru handiari aurre egiteko, eta aldaketa ugari egin izan ditu hamaikakoetan.

Azken jardunaldiarekin alderatuta, Valverdek talde erdia baino gehiago aldatu zuen Leganesen aurkeztutako hamaikakoan.
Azken jardunaldiarekin alderatuta, Valverdek talde erdia baino gehiago aldatu zuen Leganesen aurkeztutako hamaikakoan. (@AthleticClub)

Partida atarian aurreratu zuen arren, adierazgarria izan zen Ernesto Valverdek Leganesen aurkeztutako hamaikakoan egindako aldaketa kopurua. Izan ere, sei jokalari berri sartu zituen Las Palmasen hasieratik aritutako taldearekin alderatuta. Beraz, talde erdia baino gehiago aldatu zuen.

Gorosabel eta Unai Nuñez sartu ziren defentsan, Vesga zelai erdian zigorturik zegoen Jauregizarren tokian, eta erasoan Nico Williamsek bakarrik errepikatu zuen. Berenguer, Djalo eta Unai Gomez hasieratik aritu ziren. Lehen aldia izan zen udan egindako hiru fitxaketak hamaikakoan sartzen zirela. Eta Unai Nuñezen kasuan bere lehen minutak izan ziren.

Athleticen, badakite, denboraldi berri honetako erronka nagusia bata bestearen atzetik datozen partidetan maila ematea izango dela gakoetako bat. Eta ez da batere erraza. Talde zuri-gorria korrika gehien, eta intentsitate altuan, jokatzen duenetako bat da. Horregatik, bizitasun hori mantentzeko behar beharrezkoa dauka taldekideen artean minutuak era orekatu batean banatzea.

Ezaguna denez, lau txapelketetan -Liga, Kopa, Superkopa eta Europa League- parte hartuko du taldeak, eta ziurtaturik dauka, gutxienez, 48 norgehiagoka jokatzea. Iazko sasoiarekin alderatuz gero, kontuan izan behar da 47 partida jokatu zituztela Kopako finalera iritsita. Beraz, denboraldiko une erabakigarrienetera akiturik ez heltzeko, derrigorrezkoa da ardurak eta atsedenak taldekideen artean txandakatzea.

Hori guztia jakinda, nabarmentzekoa da Valverdek dagoeneko 25 jokalari erabili dituela. Lesionaturik egon den Nico Serrano, eta oraindik min hartuta dagoen Unai Simon dira jokatu ez duten bakarrak.

Beste datu adierazgarri bat: minutuak izan dituzten horietatik, 23 hasierako hamaikakoan sartu dira. Zaragozara utzita joan den Adu Ares eta hirugarren aurrelari gisa ari den Marton dira partida hastapenetik aritu ez diren bakarrak. Azpimarratu beharra dago ere zortzi jokalarik bakarrik parte hartu dutela sei jardunaldietan. Hain zuzen ere, Vivian, Williams, Sancet, Unai Gomez, Prados, Guruzeta, Nico Williams eta Vesga.

Deigarria da, ordea, minutuen banaketa. Batez ere, inork ez duelako dena jokatu. Era berean, gehien parte hartu dutenek partida bateko atsedena izan dute.

Esaterako, Vivian, Williams eta Yuri dira futbolari erabilienak. Jokatu diren 540 minutuetatik 458 minutu egon da erdiko atzelaria zelaian, 451 minutu bederatzi zenbakia, eta 450 minutu jokatu ditu ezker lateralak.

Beste adibide bat. Denboraldi hasiera bikaina egiten ari den Sancetek 407 minututan parte hartu du. Hala, bigarren zatian atera zen Leganesen zelaian. Lesionaturik amaitu zuen Nico Williamsek, berriz, 345 minutu jokatu ditu. Bi partidatan aulkitik atera da: Getaferen kontrako lehen jardunaldian, eta Valentziaren aurkako norgehiagokan. Aste barruan jokatu zen jardunaldi hau abuztu amaieran, Bartzelona eta Atleticoren kontrako partiden artean, hain zuzen ere.

Probak hamaikakoan

Jokalarien txandakatzearen eredu argiena eskuin lateralean dago. De Marcos, Lekue eta Gorosabelek bina partida jokatu dituzte hasieratik postu horretan. Gipuzkoarrak bere dohaiak erakutsi zituen Leganesen Williamsi emandako gol pasean. Zelai erdian ere mugimendu asko egon da, eta Prados, Vesga, Galarreta, Jauregizar eta Herreraren artean banatu dituzte minutuak.

Bestalde, erasoan ere igartzen da ahaleginak elkarbanatzeko asmoa. Williams anaiei eta Berenguerri, Djalo gehitu zaie hegaletan, eta erdiko aurrelari moduan ere aukera izan du Guruzeta ordezkatzeko. Hala ere, lehen jardunaldietan agerian geratu da joan den denboraldiko ohiko hamaikakoa zelairatzen denean taldea askoz fidagarriagoa dela. Batez ere, erasoan, baina defentsan ere nabaritzen da. Vivian eta Paredesek osatutako bikoteak sendotasun gehiago eman dio taldeari erdiko atzelariak izan direnean. Aipagarria izan da ere taldeak hobekuntza igarri duela zelai erdian Galarreta lesiotik itzuli ondoren.

Aurrealdean, aldiz, Sancetek hiru gol daramatza eta Williams anaiek bana egin dute. Horrez gain, Iñakik hiru gol pase eman ditu. Ate aurrean asmatu ez duena oraindik Guruzeta izan da. Berenguer, ostera, erabakigarria izaten ari da aulkitik sartzen denean. Djaloren kasuan, igartzen da denbora behar duela taldearen jokora moldatzeko.

Sei partidetan lortutako hamar puntuekin, Athletic Europako postuetan kokatu da Ligako sailkapenean. Eta, esan daiteke, denboraldi hasiera honetan, behintzat, Valverderen jokabideak emaitzen babesa jaso duela.