Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Clara Rouget eta Haritz Alberdi
Udalbiltzako zuzendaria eta lehendakaria

«Lurraldearen burujabetzara bestelako burujabetzetatik iristea da helburua»

Ikasturte honetan 25. urtemuga ospatzen ari da Udalbiltza, 1999ko irailaren 18an egin zuten hautetsien aurkezpena, eta mende laurden beranduago bertako zuzendari Clara Rouget eta lehendakari Haritz Alberdirekin elkartu gara.

Clara Rouget eta Haritz Alberdi, Udalbiltzako zuzendaria eta lehendakaria.
Clara Rouget eta Haritz Alberdi, Udalbiltzako zuzendaria eta lehendakaria. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zein irakaspen pilatu dituzue 25 urte hauetan?

[Haritz Alberdi]: Ibilbide guztiek dituzte gorabeherak, baina 25 urteen balorazioa positiboa da. Testuinguru politiko jakin bateko baldintzek sortu zuten Udalbiltza, eta irakaspen garrantzitsu bezala, herriek eta herriko eragile ezberdinek bat eginda izugarrizko ilusioa sortzen dela konturatu izana dela esango nuke, herri bat aurrera ateratzeak sortzen duen ilusioaz jabetzea.

Egungo testuinguruan, zein da helburua?

[Clara Rouget]: 2017ko hausnarketa prozesuan ikusi genuen udal batzuek behar teknikoak zituztela orain egin beharreko bidean sakontzeko. Udalek eta herriko etxeek proiektu pila bat ezartzen dituzte martxan, tokiko arazoei erantzuteko, eta anitzetan proiektu berritzaileak dira. Batzuetan, beste herrietan zer egiten den eta zein zirrikitu egon daitezkeen ikusteko laguntza teknikoa behar dute. Udalbiltza udalez osatutako partzuergoa denez, ikusi genuen izaten ahal zela tresna egokia udalei laguntza emateko. Sortu zen garaian burujabetza sinbolikoetan ibili zen gehiago, eta egungo testuinguruan, burujabetza materialen inguruan ari gara lanean.

[H.A.]: Udalbiltzaren erronketako bat tokian-tokian egiten ari diren esperientzietan fokua ipintzea da eta ahal dela laguntzea. Aholkularitza horretan maiz aipatzen dena da XXI. mendean bizi garela, baina ditugun tresnak eta funtzionatzeko moduak mende bat lehenagokoak direla. Udalbiltzak hor ekarpena egiteko helburua du: irtenbide batzuk bilatu eta eskalatu; norbaitek sustatu behar ditu Euskal Herri mailako egitasmo ezberdinak, izan energian, kulturan, telekomunikazioan… eta hori Udalbiltzak egin dezake, erakunde nazional bat delako. Horrek ere ezberdintzen du Udalbiltza; udalek osatzen duten partzuergoa da, baina nazionala, erantzuna tokian-tokian bilatzen du, baina baita nazio mailan ere.

«XXI. mendean bizi gara, baina ditugun tresnak eta funtzionatzeko moduak mende bat lehenagokoak dira. Hor ekarpena egin nahi dugu.»

Eta zer dira, zehazki, aipatu dituzuen burujabetza material horiek?

[C.R.]: Egunerokotasunean ditugun gaiak dira, elikadura, energia, zaintza, hezkuntza… Udalak dira herritarrengandik hurbilen diren instituzioak eta erantzun konkretuenak ematen ahal dituztenak, gaurkotasunari erantzun eta herria aitzinerat eraman ahal dutenak. Era berean, udalek elkarrekin beste eskaletako erantzunak ere eman ahal dituzte, erantzun ezberdin horiek amankomunean ezarri eta eskala handiagoan Euskal Herria eraikitzeko. Proiektu zehatzak ere badira; beharbada herriko azken ostatua itxi da, eta nola egin herritarren beharrei erantzuteko? Batzuek herri kooperatiba bitartez erantzun dute; beste batzuek elkarte bat sortu dute, edo udal ostatua sortu dute besteek. Herri bakoitzaren baldintzak eta errealitateak ezberdinak dira.

Maialen ANDRES/FOKU
Maialen ANDRES/FOKU

[H.A.]: Gure herriaren burujabetza betidanik egon den helburu bat da, eta burujabetzara burujabetzetatik iristea dela helburua esaten dugu, praktikotasunetik iritsi nahi dugu ortzi-muga edo helburu horretara. Eta hori gure lurraldeak behar dituen ezaugarriekin: antolamendu edo errealitate desberdin horien artikulaziotik. Gizarte honek eta munduak momentu honetan ikaragarrizko erronkak ditu erantzuteke; eta pentsatzen dugu gure herriaren eskala erronka horiei erantzuteko eskala egokia dela. Adibide bat izan daiteke energia komunitateena; herri askotan sortu dira, zergatik ez sortu horiei lagunduko liekeen Euskal Herriko egitura bat? Edo beste adibide bat Geuretik Sortuak proiektua da. Geure herriaren kontakizuna geuk bakarrik egin dezakegu, eta gainera, tokiko kontakizun horietatik egin behar genuke. Lurralde ikuspegiarekin martxan jarritako egitasmoa da, sortzaileei sortzeko eta plazaratzeko aukera ematen zaie, gure herria artikulatzen du horrek; altxor handi bat da hori.

Burujabetza materialak eta sinbolikoak nola uztartu bada erronka?

[C.R]: Norabidea argia da, burujabetzaren bidean aurrera goaz. Gaur egun gehiago ari gara praktikotasunetik, gauzak konkretuki eraikitzen. Ez dugu berriro proposatuko EHNA bezalako tresnarik, baina Euskal Herria eraikitzeko gauza zehatzak proposatuko ditugu. Erronka handiei erantzuten saiatuz, bidean gure harritxoa jarriz.

[H.A.]:Zubiak eraikitzen ari gara, pertsonen, udalen, eragileen eta lurraldeen artean. Ilusioarekin jarraituko dugu, modu eraikitzaile batean.

«Udalak dira herritarrengandik hurbilen diren instituzioak eta erantzun konkretuenak eman ahal dituztenak, herria aitzinerat eraman ahal dutenak»

Dugun erakunde nazional bakanetakoa da. Zein oztopo eta aukera ematen ditu horrek?

[C.R.]: Ainitzetan Euskal Herri mailako proiektuak pentsatzerakoan hiru administraziotan banatua izateak zailtasunak sortzen ditu. Baina, era berean, oso errealitate ezberdinak daude herrialde bakoitzeko herri bakoitzean ere. Agian ezin da plasmatu Lapurdiko herriko etxe batean egiten ari diren proiektua zuzenean Gipuzkoako herri batean bortxaz; nahitaez moldatu behar da, baina ideiak funtzionatzeko manera egon daiteke; ez dugu ariketa hori egin, ordea.

[H.A.]: Ezberdintasun askorekin, baina behar eta erronka konpartituak ditugu. Aukera paregabea da lurraldea artikulatzeko. Eta herri hau amesten dugun eszenatoki horretara eramateko gizarteak erakunde publiko ezberdinei exijitzen digu elkarlanak bultzatu eta sustatzea.

Abiatu duzuen bide berriak nolako harrera izan du?

[C.R.]: Herrietan zein Euskal Herri mailan lan egitea beharrezko ikusten zuten; oreka nola lortu da kontua. Eta hori izango da parioa hurrengo urteetan, ea nola lortzen dugun bi eskalatan lan egitea. Gogoeta horrekin batera, eskema berrietan funtzionatzen hasi da Udalbiltza, Batzar Orokorrean norabide berria aurkeztu genuen, eta herri gehiago batu ziren. Zabalkunde batean gara, indartze prozesu batean. Herri ertain txikietako udalak dira partzuergokide gehienak, baina lurraldean zehar zabaltzen ari gara.

[H.A]: Udalek ikusi dute Udalbiltza baliagarria zaiela haien lanean. Ilusioa berriro berpiztu dela esango nuke, eta egindako lanaren emaitzak pixkanaka-pixkanaka ikusten hasi garela, gainera.