Ekaitz giroa dagoen honetan, eurek euren akatsekin teilatuan irekitako itoginak lanaren eta sufrimenduaren bidez tapatu eta sanmateotako lehen puntua eskuratu zuten Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuk, Laso-Iztuetari 22-20 gailenduta.
Gogorretik ekin dio aurtengo Logroñoko feriak, eta, beste partida luze eta piloteatu batean, inor erabat ase ez eta inor kanporatu ez duen B multzoko puntua garesti saldu zen. Hamar eta azken-azken txanpan baita sei tantotako (21-15) aldeak kudeatu zituzten irabazleek. Hurrengo partida ere ziurrenik derrigorrez irabazi beharrak zapore mingotsa utzi zien azkenean. Galtzaileei aldiz, erasoan partida antzua jokatu ondoren, oraindik bizirik jarraitzeko kontsolamendua geratu zitzaien.
Jarraitutasun handirik gabeko eta gorabehera askoko partida suertatu zen finalerdietako ligaxka ireki zuena, pilotariak muturreraino hustu zituena. Datu batek ondo laburbiltzen du partidak izandako nahasmendua, egindako lau tanto eskasekin.
Azkenean Bizkarreta-Gerendiangoak eta tolosarrak uste baino gehiago estutu zituzten hasieratik markagailuaren aginte makila eskuetan izan zuten Peña eta Albisu. Lana lepotik egin zuen arren, ezkerrez tantorik amaitu ezinik, kamuts aritu zen Unai Laso. Tantoak amaitzeko ezintasun horrek aurkariek egindako opariei etekina atera ezina ekarri zien gorriz aritu ziren pilotariei.
Jon Ander Peñak, bere aldetik, txanpon beraren bi aldeak ezagutu zituen partidak iraun zuen 85 minutuetan. Elektriko eta eraginkor ekin zion lehiari; aitaren batean eta oso pilotakada gutxitan, 0-4 aurreratu ziren gipuzkoarrak, tolosarraren sake eta sake-erremateei esker. Partidaren lehen erdian ere errematean oldarkor eta eraginkor aritu zen. Baina pilotek grazia galdu zutenean, pazientzia apur bat galdu eta presaka antzean aritu zen azken txanpan, aurkariei erraztasunak ere emanez.
Estatusa defendatzen
Atzeko lehiak ere izan zuen mamirik, eta azkenerako Jon Ander Albisuk, nolabait bere estatusaren defentsa egin ahal izan zuela esan genezake, gauzak zaildu zizkion Iztuetaren aurka. Naturaltasunez onartu du ataundarrak atzetik indarrez datozen gazteek gero eta gehiago estutzen dutela eta, Logroñoko feriatik at geratu izana, baina Mariezkurrenaren lesioak irekitako aukeran oraindik gerra emateko moduan dela berretsi zuen.
Aukeran, bi atzelariek egin zituzten komeni baino akats gehiago, Albisuk lehen partean eta Iztuetak azkenaldera. Biek erakutsi zituzten gauza politak, ordea. Tarteka pilota errazen bat galdu bazuen ere, goierritarrak sekulako dohainak erakutsi zituen aireko defentsan, tarteka bultzaka ari zen tolosarra desesperatzeraino, eta bi eskuekin ere ondo mugitu zuen pilota gehienetan, nahiz azkenerako freskotasunak ihes egin dion.
Iztuetak ere udan zehar Altunaren bizkarrean erakutsitako freskotasuna eta dotorezia berretsi zituen Lasorekin. Hauspoz ere pilotari sendoa dela erakutsi zuen asko estutu duen Albisu baten aurka. Gauzak normal, etorkizun hurbil baterako oso kontuan izateko atzelaria dauka Baikok.
Markagailua bukaeran estu geratu bazen ere, partidan ez zen berdinketa bakarra ere izan, eta Laso eta Iztueta amaiera horretan egon ziren aurkariengandik gertuen. Atsedenerako aukera askorik gabe, asteartean Dario-Rezustaren aurka jokatuko dute, baldin eta Ezkaraikoa jokatzeko moduan bada. Atzo masajea hartu zuen, eta enpresari gaur adieraziko dio jokatuko duen edo bere lekua Peio Etxeberriari utziko dion.
FITXA TEKNIKOA:
Laso-Iztueta: 20
Peña-Albisu: 22
Pilotakadak: 748. Iraupena: 85 minutu. Markagailua: 0-4, 3-4, 3-6, 4-6, 4-9, 5-9, 5-11, 7-11, 7-12, 9-12, 9-15, 10-15, 10-17, 15-17, 15-21, 20-21, 20-22. Sakeak: 2 Lasok eta 1 Peña II.ak. Egindakoak: 4 Lasok, 0 Iztuetak, 10 Peña II.ak eta 4 Albisuk. Galdutakoak: 3 Lasok, 4 Iztuetak, 8 Peña II.ak eta 7 Albisuk. Gertakariak: Sarrera hiru laurden inguru Logroñoko Adarraga pilotalekuan sanmateotako feriaren hirugarren jaialdian. Lehen sakea urdin.