Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Ainhize Belarren progresio itzela; azkena, "Celedon" bidea (9a) izan da

18 urteko eskalatzaile atxondarrak, Ilarduian dagoen eta zailtasunean klasiko bihurtu den marra hori kateatu berri du. Denera, soilik sei ekinaldi behar izan ditu.

Ainhize Belar "Celedon"-en; lehen neska izan da bide hori igotzen.
Ainhize Belar "Celedon"-en; lehen neska izan da bide hori igotzen. (Ekaitz ANDA)

Baten batek esan dezake Ainhize Belarrek “Begi puntuan” (bere lehenbiziko 9a, Etxauri) eta “Iñi Ameriketan” (9a+, Baltzola) sinatu ondoren, kateatu duen bere azken proiektuak ez duela azpimarra berezirik. “Celedon” erorikorik gabe igo berri du Ilarduian. 9a maila du; hortaz, aipatu dugun Baltzolako marra hori baino plus bat gutxiago.

Baina balizko iritzi horrek ez du batere indarrik. Alde batetik, soilik sei ekinaldi behar izan dituelako arrakasta hori lortzeko. Beste errepikatzaile batzuek denbora gehiago behar izan dute. Den-denak, gizonezkoak dira. Hortaz, eskalatzaile bizkaitarrak “Celedon”-en lehen igoera femeninoa erdietsi du.

Horrek guztiak erakusten du ere, une zehatz honetan, emakumezkoen artean, Belar nazioarteko lehen lerroan jarri dela eta oso-oso sasoiko dagoela. Progresio itzela izaten ari da, arestian aipatu ditugun bi ibilbide horiei “Txirrin txirran” (8b+, bistan, Ilarduia) eta landutako makina bat 8c mailako bideak eta zailtasun hortik gorako beste hainbat gehitu behar dizkiegu. Eta 18 urte ditu bakarrik!

Oso azkar

Azken denboraldi honetan, atxondarrak hainbat bisita egin dizkio Ilarduiari. Arabako eremu horrek duen kareharri zuria ondo ezagutzen du, baina horrekin batera baieztatu behar dugu murru horrek duen estilora bikain moldatu dela.

Diogun bezala, “Celedon” izan da bere azken proiektua. “Activos tóxicos” bidea (8c) kateatu zuenean, goiko sekzioa “Celedon”-ekin partekatzen duenez, azken marra hori helburu hartu zuen. Baina tartean beste xede gogorragoak esku artean zituen, besteak beste, “Iñi Ameriketan”. Baltzolako ibilbide horretan lanak biribildu ostean, bi astera, “Celedon”-ekin egin da. Eta, gainera, oso azkar kateatu du: soilik sei ekinaldi! “Begi puntuan”-ekin batera, bigarren 9a mailako bidea du Belarrek.

“Activos tóxicos” igo ondoren, azken helburuaren mugimenduak probatu zituen. Ondoren, aste batzuk «labean» utzi, berriro itzuli eta bere zerrendan bildu du: «Onartu behar dut hasieratik “Celedon”-en oso eroso sentitu nintzela eta eraginkorra izan naizela. Sei saialdi izan dira. Azkenekoan, ezuste bat izan nuen: azken mugimenduan nahastu eta ia erori nintzen. 45 metroko bide horrek erregeleta perfektuak ditu, eta behin betiko ekinaldian oso zentratuta joan nintzen. Bai, asko gozatu nuen igoera horrekin».

Gogoratu behar dugu “Celedon” Iker Pouren obra dela; gasteiztarrak ekipatu eta lehen igoera sinatu zuen. Egun, hainbat eta hainbat errepikapen ditu; arestian aipatu dugun bezala, gizonezkoenak. Belarrek hegemonia hori apurtu du, eta lehen neska izan da bide arabar hori eskalatzen.