Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Benito Ansola: «Lekeition Orson Welles bat ateratzea nahi nuen»

Benito Ansolak 96 urte ditu, askok guretzat nahiko genukeen memoria argia eta... hara non, mugikorra hartu eta Youtuben bere azken fim laburra (‘Aittitta makurra’) erakusten digun! Lekeitioko Euskal Bilera jaialdi beteranoaren sortzailea ‘Zortzitik infinitura’ filmaren protagonista da.

On Benito eta Naia Laka, dokumentalaren protagonista eta zuzendaria.
On Benito eta Naia Laka, dokumentalaren protagonista eta zuzendaria. (MIkel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Bilboko Albia Lorategia aurrez aurre du San Vicente apaizen egoitzak. Agirre lehendakariaren eskultura bat eta ikurrin bat nabarmentzen dira hiriko erdiguneko plaza honetan, eta, zahar etxearen albo batean, Sabin Etxea dago. «Sabino Arana hor jaio zela ba al zenekien?», diosku Benito Ansolak.

Zahar egoitzaren arkupe dotoreetan dago, gure zain, On Benito. Horrela deitzen diote lekeitiarrek. ‘On titulua’ merezi duenik ez baitu inork ukatzen. 17 urtez herriko parrokoa izan ondoren, erretiroa hartu eta, etxean erori ostean, duela bi urtetik hona Bilbon bizi da. «Bi izarretako hotela da», dio begirada bihurri batekin.  

Gaur (20.45ean) Donostiako Principe aretoan On Benito eta Lekeitio herria bera Zinemaldiko protagonistak bihurtuko dira ‘Zortzitik infinitura’ dokumentalaren estreinaldian, Zinemiraren barnean. Eguerdirako Donostian izatekoa zen On Benito, Miren Agur Meabe idazlearekin batera. Dokumentalean, euskal kulturaren bi belaunaldi desberdinetako ordezkari lekeitiar hauek aurrez aurre jartzen dituzte.

Guk estreinaldiaren aurretik egin genuen hitzordua, Bilbon. «Urduri ni? Ez, baina pozik bai, ikusirik eurek egin duten lana Donostiako Zinemaldian ikusiko dela. Gauza on bat da hori!». ‘Eurek’ horiek iritsi berriak ditugu: Naia Laka, dokumentalaren zuzendaria, eta Xabier Villalba, azken hau ekoizpen zuzendaria eta Traola produkzioen kidea. 2015ean Lekeition sortutako ikus-entzunezko ekoiztetxea da Traola.

Bere sorterrian arrasto sendoa utzi zuen On Benitoren zinema zaletasunak, gero! «Ni konturatu nintzen marinelek, ez arrantzaleek, zinema kamerak erosten zituztela kanpoan. Eta zer egiteko? Umeen bataoiak, urtebetetzeak... horiek grabatzen zituzten. Baina nik nahi nuen tresna horiek erabil zitzaten herriko ondasunak edo ipuinak filmatzeko. Jendearengan pelikulak egiteko zaletasuna sortu eta, momentu batean, Orson Wellesen bat aterako zen!», dio apaizak.

«Hiru zinema areto izatetik zero izatera pasa zen Lekeition. Elkarte herrikoi bat sortu zen, gaur egun dagoen zinema kudeatzen duena. Hein handi batean oso zinefiloa izan da Lekeitio, zaletasun handia egon da», Xabier Villalbaren esanetan.  

 

«Aspalditik dator Benitori dokumental bat egiteko asmoa. Orain zortzi urte Xabik eta Miren Agurrek hiru orduko elkarrizketa egin zioten, baina gordeta gelditu zen. Orain aukera sortu da Traolarekin eta Baleukorekin, eta asmoa izan da Benitoren bitartez euskal zinemagintzaren historia kontatzea», argitu du Naia Lakak.

Proposatzen zaigun bidaia honetan azken hamarkadetako euskal gizartearen gorabeherak islatzen dira: 1928. urtetik, On Benito Lekeition jaio zenetik, gaur egunera. 36ko gerra eta, batez ere, frankismoa ezagutu zituen gertutik. Zortzi urte zituenean, familia babes bila Bilbora joan zenean, hiri arrotz hartan Benito txikiaren entretenimendu bakarra zinema aretora joatea zen.

Pantaila handian aurkitu zituen frankismo gordin eta gris hartan falta botatzen zituen askatasun ametsak. «Zinemak lagundu zidan musika, teatroa... gauza horrek guztiak maitatzen», aitortu du.

Apaiz egin eta gutxira, Markina-Xemeingo Barinaga auzoan parroko jarri eta, euskal kooperatibismoaren sortzailea izan zen Jose Mari Arizmendiarrieta (1915-1976) apaizarekin batera, bertako Lanbide Eskolako ikasleei «mundua zabaldu egin behar zitzaiela» otu zitzaion.

Nola? Erlijioa eta zinema klaseak emango zizkien. «Esango nuke ni Espainiako zinemako lehen irakaslea izan naizela», dio On Benitok. Gazteek jarri zioten ezizena: John Ford.

Lekeitiora destinatu zuten 1977an, eta Euskal Zinema Bilera sortu zuen berehala, euskara eta zinema batzen zuen jaialdia. Lekeitio bezalako herri bat zeinen erabakigarria izan daitekeen gurea bezalako hizkuntza minorizatuko zinemagintzarentzat islatzen du ‘Zortzitik infinitura’ filmak: Paul Urkijok, Iratxe Fresnedak, Asier Altunak, Begoña Vicariok, Esti Urresolak edo Imanol Uribek erakutsi zituzten hemen beraien lehen lanak...

Eta ‘La muerte de Mikel’ (1984) filmean, nork egiten zuen apaizarena? On Benitok.