Ostegunerako greba eguna deitu dute Nafarroako hezkuntza publiko arloko sindikatu guztiek (Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGTk) kalitatezko zerbitzua eskeintzeko aldarrikapen nagusiarekin.
Astearte honen goizean bilera hitzartua zuten Carlos Gimeno kontseilariarekin baina gauzak ez dira ongi joan. Steilas sindikatuko Ane Apezetxeak azaldu duenez, Hezkuntza Departamenduak deituriko mahai sektorialaren bilerara «gure aldarrikapen inguruan haien proposamenak entzutera joan gara».
«Lehenengo ezusteko Departamenduak ‘irakasleen eskaerak ezagutzen ez dituela’ esatea izan da. Behin eta berriz helerazi dizkiegun arren», gaineratu du intersindikal osoaren eledunak.
«Nafarroako hezkuntza sistema publikoaren beharrei erantzungo dieten finantziazio neurriak hartzeko borondaterik ba ote duten galdetu diegu: ratioak jaitsi, plantillak egonkortu, gainzama arindu eta erosahalmena berreskuratu», azaldu du Apezetxeak.
Hezkuntza Departamendutik jaso duten erantzuna, ordea, etsigarria izan da sindikatuetako ordezkarientzat. «Egiaztatu dugu Departamenduak ez duela inolako asmorik gai horiei heldu eta finantzaketa konpromisoa duen egutegi bat planteatzeko. Hortaz, bileratik alde egin dugu sindikatu guztiok batera», esan du sindikatuetako ordezkariak.
«Gobernu osoaren ahalmena»
«Azpimarratu nahi dugu, irakaskuntza publikoak dituen arazoak konpontzeko eta aurrekontuetan aintzat hartzeko ahalmena, Gobernuak berak duela. Hala ere, Departamendua ez da mugitu bere posiziotik», erantsi du. Aldarrikapen hori Parlamentuko hautetsiei helerazi diete gaur.
Maria Chivite lehendakariari egoera desblokeatzeko biltzeko eskatu zioten sindikatuek aurreko astean, baina ezezkoa jaso dute. «Insistitzen jarraituko dugu eta mahai sektorialean negoziatzen. Pilota beraien teilatuan da», esan du sindikatuetako eledunak.
«Gai honek Nafarroako gizarte osoari eragiten die, eta, beraz, Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa lehenestea eta erdigunean jartzea», berretsi du Apezetxeak.
«Sindikatuak erabat dezepzionatu gaude jaso dugun erantzunarekin, eta irakasleei dei egiten diegu datorren 26ko grebarekin bat egiteko. Halaber, gizarte osoa gonbidatzen dugu egun horretan gurekin kalean mobilizatzera», esan du.
Soilik PSNk sostengatzen du Gimeno
Soilik PSNk sostengatu du Gimeno kontseilaria Parlamentuan. Beste alderdi guztiek sindikatuen aldarrikapenak finantziatzearen alde azaldu dira.
Inma Jurio PSNko parlamentariak akordioak mahai sektorialean egin behar direla esan die sindikatuei eta greba kritikatu du. Sindikatuen aldarrikapenak onartzeko beste alorretatik dirua kendu behar dela nabarmendu du.
Geroa Baiko Maria Solanak sindikatuen aldarrikapenekin bat egin du, arlo honetako guztiek grebarekin bat egin dutela nabarmenduz. «Hezkuntzan finantziazioa hazi da, baina ez da nahikoa. Aurrekontuetan hobekuntzak ezarri beharko lirateke», esan du, hezkuntza publikoa kontzertatuaren aurren lehenetsi behar dela gaineratuz.
EH Bilduren izenean, erreforma fiskalari heldu behar zaio hezkuntza publikoak behar duen finantziazioa lortu ahal izateko. Mahai sektorialean gaur goizeko bileran gertatutakoa onartezintzat jo du, hezkuntza publikoaren etorkizuna bermatu behar dela azpimarratuz.
Contigo-Zurekin taldeko Carlos Guzmanek sindikatuen aldarrikapenak bere programarekin bat datozela adierazi du.
UPNko Pedro Gonzalezentzat «greba inoiz baino beharrezkoagoa da hiritarrak kontzientziatzeko. Orain dagoen lan egiteko moduak ez gaitu inora eramaten».
PP eta Vox ez dira batzordean izan.