Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
CRíTICA ZINEMIRA

Gizatasunez egindako lana

‘ZORTZITIK INFINITURA’. 
Euskal Herria, 2024. 80 minutu. Zuzendaritza eta gidoia: Naia Laka Arrizubieta. Argazkia: Carlos Gil Santa Eugenia. Muntaia: José Ramón Millan Garcia.

‘Zortzitik infinitura’ filmaren fotograma.
‘Zortzitik infinitura’ filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

Benito Ansola zinemazale eta zinemagile lekeitiarren bizitza ibilbide hartuta eta Miren Agur Meabe idazlea bidelagun, euskal zinemagintzaren historian barrena bidaiatuko dugu ‘Zortzitik infinitura’ lanean; ereiten hasi zirenetik gaur egun bizi duen loraldiraino.

Euskal zinemagintzaren bilakaeraren lekuko eta protagonista izan diren hainbat zinemagileri egindako elkarrizketak, Benito Ansolari berari egindako adierazpenekin tartekatzen dira. Hori guztia behar bezala elikatzeko eta lanari erritmoa eransteko artxibo irudi mamitsuz osatu dute lana: filmetako sekuentziak (‘Aupa Etxebeste’, ‘Loreak’, ‘20.000 especies de abejas’ ...), Euskal Zine Bilerari buruzko aipamenak, Zinemaldia, frankismoaren osteko filmen garrantzia, euskal ekoizpenen loraldia eta abar.

Ikus-entzunezkoaren asmoa aparta iruditu zait, baita aukeratu duten gaia, protagonista eta xedea ere. Arazorik handiena, ordea, ez da «zer» izan «nola» baizik, eduki eder horri eman diote itxura estetiko zein artistikoa alegia. Miren Agur Meaberen elkarrizketa uneak pantailaratzeko erabili duten eszenaratzea adibidez oso hotza iruditu zait, urruna eta inpertsonala. Une oro plano eta enkoadraketa antzekoak erabiltzeaz gain –galderen orriak etengabe ikusteak oso urduri jarri nau–, eszenatokiak berak ere ez du ia ezer transmititzen. Dokumentala baino telebistako elkarrizketa saio baten kutsua dario.

Ez naiz hasiko dokumental eta telebistako erreportaje baten arteko desberdintasunen artean teorizatzen –luzerako joko duelako–, baina kontzeptu desberdinak dira. Telebistako erreportaje moduan ‘Zortzitik infinitura’ oso lan txukuna eta duina iruditzen zait; dokumental hitza aldiz apur bat handia geratzen zaiola uste dut.

Ideia gauzatzeko aukeratu duten forma erdipurdikoa iruditu zaidan arren, edukia aparta eta hunkigarria da. Ederra izan da Benito Ansola sakonki ezagutzea eta euskal zinemagintzaren barruko bidaia txiki horretan murgiltzea. Filmaren amaieran «Lekeitioko John Ford»-ek, –Ansolak alegia– zera dio: «Pelikula bat ez da teknikaz egiten, gizatasunez baizik».  Bada hori da ‘Zortzitik infinitura’, gizatasunez egindako lan bat.