Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Arrakastatsutzat jo dute greba Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek

Arrakastatsutzat jo dute Nafarroako hezkuntza publikoko grebaren deitzaileek izan duen jarraipenak, datu zehatzik ez baldin badituzte ere. Nafarroako Gobernuari, berriz, hezkuntza publikoaren alde egiteko deia egin die. Arratsaldean milaka lagun mobilizatu dira Iruñeko kaleetan.

Hezkuntza sindikatu guztiek bat egin dute gaurko greba egunean.
Hezkuntza sindikatu guztiek bat egin dute gaurko greba egunean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Eskolaz eskola datuak biltzea lan zaila dela nabarmendu dute Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek (Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT) grebaren jarraipenaz galdetu ditugunean. Dena den, arrakastatstutzat jo dute deialdia. Duela bi urte egin zutenarekin alderatuta, erantzun hobea izan duela nabarmendu dute. Iruñerriko zentro ugaritan %70aren jarraipena izan du. Badira batzuk %100eko jarraipenarekin. LAB Irakaskuntzaren arabera, «greba egin ahal zutenen bi herenek greba egin dugu».

Nafarroako Gobernuaren arabera, irakasleen %26,5ek egin dut bat grebarekin. 10.705 irakasleetatik 2.843k egin du greba, Gobernuak esan duenez. Haur eta Lehen Hezkuntzan 5.113 langiletik 1.606k egin du greba. Bigarren Hezkuntzan, 5.592etik 1.237k egin du greba, beti ere Gobernuaren arabera.

Santo Domingon

Iruñean, auzo desberdinetatik atera diren zutabeak Hezkuntza Departamenduaren egoitzaren aurrean egin dute bat, Santo Domingo aldapan. Bertan, Carlos Gimeno kontseilariaren aurkako oihuak entzun dira –‘Gimeno, si no bajas el ratio, vigila tú el patio (Gimeno, ratioak jaisten ez badituzu, zuk zainduko duzu patioa)’ gisakoak. Hauekin batera, grebaren deitzaileen aldarrikapenak (ratioen jaitsiera, plantillak egonkortzea, gainzama arintzea eta erosmen ahalmena berreskuratu) eta hezkuntza publikoaren aldekoa ohiuak ere entzun dira.

Iruñekoarekin batera, Altsasun, Elizondon, Lizarran, Tafallan eta Tuteran ere izan dira elkarretaratzeak. Gaur arratsaldean herrialde mailako manifestazioa izango da 18.00etan Iruñeko Gurutze plazatik abiatuta. 10.000 irakasletik gora daude Nafarroako hezkuntza publikoan.

Hezkuntza publikoaren defentsa

Hezkuntza Departemenduaren aurrean egin dituzten adierazpenetan, deitzaileek gogoratu dutenez badira bi urte igaro dire Nafarroako irakaskuntza publikoko sindikatuek ikasgeletako hezkuntza kalitatea eta irakasleen badintzak hobetzeko proposamena egin zutenetik.

«Gure ikasleak bere aniztasunean artatu nahi ditugu. Klaseak prestatu nahi ditugu. Material berritzaile eta motibatzaileak asmatu nahi dutugu. Aplikazio digital didaktikoak erabili nahi ditugu. Familiei arreta eskaini nahi diegu. Baina Hezkuntza Departamenduak inposaturiko lan karga etengabeak gure lana ondo egitea eragozten digu. Ezin dugu gehiago», azaldu dute.

Joan den ikasturtean Hezkuntza Departamenduarekin bilera ugari izan zituztela gogoratu dute. «Lortu genuen gauza bakarra Nafarroa guzirako 38 irakasle gehiago izatea izan zen. Ez zaigu nahikoa iruditzen. Hau da Departamenduak eskaini nahi digun guztia. Hezkuntza publikoak bermatzailea izan behar du eta ikasle guztien beharrei erantzun behar die. Eta horretarako ezinbestekoa da lan baldintza duinak izatea», gaineratu du.

«Nafarroako Gobernuak gure hezkuntza publikoa zaintzeko baliabide gehiago jartzea eskatzen dugu. Pazientzia agortzen ari da. Ez gara geldituko», gaineratu dute.

Parlamentuan kazetariei egindako adierazpenetan, Carlos Gimeno kontseilariak, ordea, sindikatuekin negoziatzeko asmorik ez duela esan du. Beraz, badirudi hezkuntza publikoaren gatazkak ez duela etenik izango.

Gimenorentzat hezkuntza ongi doa

UPNko Pedro Gonzalez parlamentariari erantzunez, Gimenok Nafarroako hezkuntza publikoaren egoera ona dela nabarmendu du. Horretarako, Estatu espainoleko sailkapenari heldu dio, Kantabriaren atzetik Nafarroa bigarrena dela azpimarratu du.

«Gaurko egoera ez da 2012ko greban zegoena. Alde batetik, langileen aldarrikapenak ditugu eta bestetik, hezkuntzaren egoera. Nafarroan hiritarren hobekien baloratzen duten hirugarren alorra da hezkuntza. Ikasketak uzten dituztenen kopuru baxuena du Nafarroak», esan du.

Gimenorekin harreman tirabiratsua dute sindikatuek. Aste honetan bertan, bilera batetik alde egin zuten sindikatuek Gimenok zeintzuk ziren zituzten proposamenak galdetu ondoren. Hilabeteak dira sindikatuek proposamen hauek Hezkuntza Departamendura igorri zituztenetik.

Nafarroako Parlamentuaren aurrean trafikoa moztu dute grebarekin bat egin dute hainbat lagunek.

Arratsaldean, milaka lagun Iruñean

Greba egunak jarraipena izan du arratsaldean zehar eta 18:00etan mobilizazioa abiatu da Gurutze plazatik. Milaka lagun bildu dira, 3.500 sindikatuen iritziz. «Gaurkoa greba egun historikoa izatea espero genuen hezkuntza publikoan, eta hala izan dela baieztatu dezakegu», adierazi dute ohar San Franzisko plazan, amaiera ekitaldian.

Gaur ‘gure txanda da’ leloa erabili dute. «Bada Nafarroako hezkuntza sistema publikoa erdigunean jarri eta benetako apostu bat egiteko garaia, irakasleen lan baldintzak hobetzeko garaia, ikastetxeak behar bezalako baliabidez hornitzekoa, aniztasunari merezi bezala erantzutekoa, azken finean, kalitatezko Hezkuntza sistema publiko baten alde borrokatzekoa».

Honela, greba honen bidez lortutako batasuna ere jarri dute balioan. «Gizarteak entzun gaitu, familiak batu zaizkigu, batasun sindikala egon da eta milaka irakasle elkartu gara. Orain beste aldean daudenak gurera ekartzea falta zaigu. Gimeno jaunak, Chivite andereak eta Nafarroako Gobernuak badute zer hausnartu».