Udalbiltzak eta Oiartzun Burujabek antolatuta, burujabetza esperientzia eraldatzaileetan sakonduko duten jardunaldiak izango dira Gipuzkoako herri horretan urriaren 17 eta 18an. Amaiera emateko, urriaren 19an Oiartzungo Burujabezen Eguna ospatuko dute, egun osoko egitarauarekin. Bertan sinatuko dute ‘Herri Ituna’ eta argazki kolektiboa egingo dute.
Aste honetan egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, herrigintza eta udalgintza eraldatzaile ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutzeko aukera izango da jardunaldiotan. Hala, herri eskalako proiektuak aurkeztuko dira, burujabetza eta trantsizio ekosoziala, parte-hartzearen paradigma berriak edo udalgintzatik estatugintzarako jauzia nola egin, besteak beste.
Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria eta Clara Rouget nazio erakundeko zuzendariarekin batera, Olaia Lasa eta Agustin Lekuona Oiartzungo Udaleko zinegotziak eta Iker Sarriegi eta Naiara Retegi, burujabetzaren alde lanean ari diren herritarrak izan ziren aurkezpenean.
«Oiartzunen badira urte batzuk burujabetza ezberdinak lantzen ari garela eta abiatu berri dugu Oiartzun Burujabe herri proiektua. Iaz Hernani Burujabek egin zituen jardunaldien ondotik, garrantzitsua ikusten genuen herrian bertan jardunaldiak antolatzea, bertan martxan dauden proiektuak ezagutarazi eta balioan jartzea eta, aldi berean, beste tokietan egiten ari direna ezagutu eta bertatik ikastea», azaldu du Olaia Lasak.
Haritz Alberdik adierazi du Udalbiltzaren erronketako bat dela «tokian-tokian egiten ari diren esperientzietan fokua ipintzea eta ahal dela laguntzea. Guk hor ekarpena egiteko helburua dugu: irtenbide batzuk bilatu eta eskalatu. Ikusten dugu herrietan, eskualdetan, proiektu berritzaile eta eraldatzaileak sortzen ari direla eta baliabideak jarri nahi ditugu horiek eskalatzeko».
Egitaraua
Jardunaldien lehenengo egunean, Oiartzun Burujabe esperientzia azalduko da hasteko eta, ondoren, Burujabetza esperientziak herri eskalan hitzaldia izango da: Olatukoopek herri kooperatibak azalduko ditu eta Ixambre kooperatibak, Aragoiko Artiedako esperientzia kontatuko du. Jarraian, bisita gidatuak egingo dira Oiartzungo burujabetza esperientziak bertatik bertara ezagutzeko: Elika, Labore eta Arraztalo batetik, eta Uraren kudeaketa publikoa, bestetik.
Arratsaldean, burujabetzak eta trantsizio ekosoziala ardatz hartuta, Lluc Salellas Gironako alkateak bere hiriko deshazkunderako politika publikoak azalduko ditu eta Debagoiena 2030 proiektuko Elena Herrartek josten ari diren trantsizio ekosozialerako eskualde aliantzak azalduko ditu.
Ostiralean, Julen Mendoza Errenteriako alkate ohiak gizarte berrikuntzarako politika publikoak azalduko ditu eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak partaidetzazko aurrekontuetatik lurralde burujabetzara izango du hizketagai. Ondoren, lan saio bat egingo da udalgintza burujabearen inguruan.
Arratsaldean, ‘Udalgintzatik estatugintzara’ hitzaldia eskainiko dute Mireia Vehi CUPeko parlamentari ohiak eta Bertie Russel Bartzelonako unibertsitateko irakasleak.
Jardunaldiei amaiera emateko, Oiartzungo Burujabetzen Eguna ospatuko da larunbatean. Eguerdian, mahai sektorialetan egindakoaren azalpena eta aurrera begirako erronkak azaldu eta ondoren ‘Herri Ituna’ eta argazki kolektiboa egingo dira. Bazkari herrikoiren ondoren, Yacovlev 42, Zurrounk herriko musika taldeen txanda izango da eta, gauean, Zea Mays taldearen kontzertua.