Euskal Herrian bi lasterketa ditugu nazioarteko trail running-eko zirkuitu ezberdinetan sartzen direnak. Ekainean jokatu zen lehena; Zergama-Aizkorri mendi maratoia. Bigarrenak, berriz, motorrak ondo baino hobeto berotu ditu eta etzi, larunbatean, hitzordua du. Zeanurin antolatzen den Gorbeia Suzien lasterketari buruz ari gara.
Bi egun baino ez dira geratzen Bizkaiko herri hori trail running-eko epizentroa bihurtzeko. Aurreratu dugu nazioarteko ukitua izango duela; izan ere, Skyrunning-eko Nazioarteko Federazioak antolatutako zirkuituak geldialdia egingo du Zeanurin. Horrekin esan nahi dugu Gorbeia Suzien Skyrunner World Series zirkuiturako baliagarria izango dela. Munduko Kopa ere deitzen zaio.
Horrek, jakina, zirkuitu horretan lehiatzen diren eliteko atzerriko zein etxeko korrikalari asko erakarri ditu. Gogora dezagun izena eman duten 600 lasterkariak goizeko bederatzietan irtengo direla, eta, denera, 32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidean lehiatu behar direla. Gogorra alde guztietatik begiratuta, baita ederra ere. Gorbeiako Parke Naturalak jasoko ditu protagonista horiek, eta den-denek Gorbeia eta Aldamin mendiak igo beharko dituzte.
Elitekoak
Gorbeia Suzienen lehia oso estuak espero dira. Gaur bertan botatzen hasi den euriaren ondorioz, ziur aski lokatza nagusituko da. Alabaina, lasterketa azkarra izan daiteke; izan ere, oso sasoiko dauden eliteko kirolariak irteera puntuan izango dira. Mutilen kategorian: Luca del Pero eta Lorenzo Rota italiarrak, Loic Robert frantziarra, Omi Ryunosuke eta Shoma Otagiri japoniarrak, Morgan Elliot estatubatuarra, Manuel Merillas, duela gutxi munduko txapelduna bihurtu zen Alain Santamaria espainiarrak…
Ryunosuke japoniarrak, adibidez argi du zergatik aukera duen euskal lasterketa hau: «Batez ere, bere kokapenarengatik. Mendiak oso berdeak dira; nire herrialdean daudenekin antza handia dute. Eta kuriositatea dut Euskal Herriko skyrunning-a ezagutzeko. Lasterketa hau atsegina egiten zait. SWS zirkuituaren eta lasterketaren antolatzaileen laguntzarekin, zortea izan dut Zeanurin egoteko. Gainera, maila handiko korrikalariak egongo gara irteera puntuan».
Atzerritarren alboan ere euskal lasterkari indartsu batzuk izango dira: Aritz Egea, Gontzal Murgoitio, Aitor Ajuria…
Emakumezkoen mailan, berriz, izen handia duten korrikalariak bertaratuko dira: Iris Pessey eta Noemie Vachon frantziarrak, Daniela Oemus alemana, Johanna Gelfgren suediarra… Pessey frantziarrak ondo ezagutzen du Gorbeia Suzien: «Hirugarren aldia dut, eta saiatuko naiz ahalik eta puntu gehien ateratzen. Izan ere, denboraldi hasiera ez da ona izan. Gorbeia Suzienekin badut sentsazio berezi bat. Maitasuna, iaz podiuma lortu nuelako. Eta gorrotoa, duela bi urte desastre hutsa izan zelako. Ea hirugarrenean asmatzen dudan. Erabat atsegin dut ibilbidea, Euskal Herriko atmosfera eta lasterketak sortzen duen giroa».
Euskal ordezkariei dagokienez, maila ederra ematen duten hainbat korrikalari Zeanurin izango dira: Oihana Kortazar, Onditz Iturbe, Lide Urrestarazu, Oihana Azkorbebeitia…
Zeanuriko antolatzaileen aldetik, Jurek Ziemkiewcz zuzendariak azpimarra egin dio aurtengo edizioak duen mailari: «Ikusgarria izatea espero dugu. Horretarako, urte osoan lan eskerga egin dugu. Gainera, asteburu osoa gure herria trail running-aren festa handia bihurtu dugu. Lasterketa hau berezia da oso; izan ere, herriko zein inguruko lagun askok laguntzen dute. Honek guztiak giro berezia sortzen du Zeanurin, eta gure helburu nagusi bat da lasterkari guztiak etxean bezala sentitzea. SWS zirkuituan egotea handia da, eta gure herria trail running-eko munduko mapan jarri dugu. Nazioarteko lehiakide bikain asko bertaratuko dira, eta ziur aski lasterketa oso intentsoa izango da. Ohorea da maila horretako korrikalariak Zeanurin egotea».
SWS zirkuituko ordezkari Seana Forbesek adierazi du Gorbeia Suzien zirkuituko klasiko batean bihurtu dela: «Korrikalariek ibilbidea eta lekua atsegin dituzte. Euskal Herriko giroa aparta da, eta antolatzaileek, laguntzaileek zein zeanuritarrek bikain jasotzen dituzte lehiakide guztiak. Aurtengo ekitaldian, gainera, urrutiko lekuetatik iritsitako lasterkariak daude: Japonia, Peru…».
Azkenik aipatu behar dugu lasterketa zuzenean ikusteko aukera izango dela ETB1, Teledeporte (TVE) eta Gorbeia Suzienek duen youtubeko kanalean.