NAIZ

A-15 itxita eta Oiartzunen eta Biriatun bide mozketak hurrengo egunotan

Biriatuko ordainlekua ere itxita egongo da astelehenean obrak direla eta.
Biriatuko ordainlekua ere itxita egongo da astelehenean obrak direla eta. (Javi COLMENERO | EUROPA PRESS)

A-15etan AP-8an bide mozketak eta oztopoak pilatuko dira hurrengo egunetan, zenbat lan tarteko delarik.

Asteburu honetan A-15a ere erabat itxiko da Oindolar eta Gorosmendi tuneletan egingo diren lanak prestatzeko. Azpirotz eta Berastegiko errepideak gomendatzen dituzte alternatiba gisa, Etxegarateko mendatearekin batera.

Honekin batera, gogoratu behar da N-121-A errepidean Belateko tunelak itxita daudela obrengatik.

Itziarren

Astelehen eta astearte gauean, irailaren 30ean eta urriaren 1ean, AP-8ko Itziarko tunelaren zoruaren tarteko geruza berrituko da, Bilborako noranzkoan. Hori dela eta, tunela itxita egongo di bi gau horietan 23.00etatik 5.00etara, Gipuzkoako Aldundiak jakitera eman duenez.

Alternatiba gisa, Bilborako norabideko trafikoak Itziarren atera beharko dira eta N-634 errepidetik jarraitu Elgoibarko lotuneraino. Behobiarako noranzkoan enborrean prestatutako pasabidetik desbideratuko dira.

Oiartzungo irteera eta Biriatuko ordainlekua itxita

Astelehen gauean ere AP-8ko zenbait puntutan zoruaren konponketak egingo dira. Hori dela eta, Oiartzungo 11. irteerako adarra, Bilborako noranzkoan, itxita egongo da 21:30etik 04:00etara, eta erabiltzaileek Irungo irteera edo GI-20 errepideko Beraungoa erabili beharko dute. Itxieren eraginpean egongo dira, halaber, A-15 errepidetik AP-8rako sarrera-adarra, Behobiarako noranzkoan, eta AP-8tik A-15 errepiderako irteera-adarra, Donostiarako noranzkoan, biak Astigarragan (19.900 kp). Kasu horretan, bi adarrak zerbitzutik kanpo egongo dira 21:30etik 05:00etara, eta trafikoa Astigarragako biribilgunetik bideratuko da.

Azkenik, astelehenean hasiko da A-63 autobideko Biriatuko ordainlekuaren zorua berritzen. Ondorioz, 20:00etatik 05:00etara ordainlekua itxita egongo da eta erabiltzaileak Behobiatik desbideratuko dira.