Arnaitz Gorriti

Emakumeen Euskal Kopa, Lointek Gernika Bizkaiarentzat

Lucas Fernandezen taldeak IDK Euskotren 74-66 hartu du menpean, bigarren laurdeneko lanari esker. Maila polita erakutsi dute talde biek, baiuna donostiarrek hiruko jaurtiketetan eta errebotean erakutsi dituzten gabeziak garesti ordaindu dituzte.

Irati Etxarri, Becky Massey gelditu nahian.
Irati Etxarri, Becky Massey gelditu nahian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Igande eguerdian IDK Euskotrenek eta Kutxabank Araskik jokatuko dute Emakumeen Euskal Kopako azken jardunaldia Beasaingo Antzizar kiroldegian. Alabaina, ordurako ez da ezer ere egongo jokoan, Lointek Gernika Bizkaiak bereganatu baitu denboraldiaurrea amaitzeko azken torneoa. Bezperan Kutxabank Araskiri 64-84 irabazi ondotik, 24 ordu beranduago 74-66 nagusitu zaio talde donostiarrari, nahiz eta horretarako izerdi dexente bota behar izan eta 20 baloi galdu.

Aukeran nagi xamar, gipuzkoarren atzetik ibili dira beti Lucas Fernandezen jokalariak aurreneko laurdenean. Aurreneko hamar minutuak 18-19 amaitu badira ere IDK Euskotrenen alde, Azu Muguruzarenek abantaila zabalagoak izan dituzte tarteka, Buch, Pendande edo Lara Gonzalezen bitartez.

Nolanahi, bigarren laurdenean kontuak erabat aldatu dira bizkaitarren alde. Errebotean askoz sendoago aritu dira gernikarrak eta donostiarrek hirukoetan oso nekez asmatu dutela baliatu dute markagailuari buelta eman eta aldetxoa ateratzeko. Orotara 25-16ko partziala lortu du Lointek Gernika Bizkaiak, atsedenaldira 43-35 joateko.

Bezperan egindako lan bikaina berretsiz, Awa Fam gaztea beste behin nagusi izan da uztaipena, baina neurketa honetan Irati Etxarri bikain aritu da, belauneko lesioa behingoz atzean laga duela erakutsiz. Mikesell eta Ariztimuñok ere saskirako bidea erraz aurkitu dute eta horren aurrean, IDK Euskotrenek markagailuari eusten nahiko lan izan du. Astebete aurretik donostiarrek talde bizkaitarra menpean hartu bazuten, ostiral honetan odolkiak ordainetan eman dizkio Lucas Fernandezen taldeak.

Nolanahi, Lara Gonzalez eta Roso Buch –gernikarren jokalari ohia– ez dira errenditzeko jaio eta azkenera arte izerdia gogotik bota arazi diete gernikarrei, batez ere defentsan asko estutuz eta baloi mordoa galdu araziz. Hala ere, bizkaitarrek beti izan dute 6 eta 10 puntuko tartea eta ia inoiz ere ez dute neurketari bueltako benetako aukerarik izan, sen borrokalaria erakutsi arren.

Ondorioz, Emakumeen Euskal Kopako garaikurra Lointek Gernika Bizkaiaren beira-arasan egongo da ikusgai, Emakumeen Endesa Liga hasteko astebete falta den honetan. Igandean, bestetik, IDK Euskotrenek eta Kutxabank Araskik denboraldiaurreko azken norgehiagoka jokatuko dute, baina bestelako bizigarririk gabe.