Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Krisi klimatikoa filmetako pertsonaia bat gehiago izan dadin

Zinema garaikideak krisi klimatikoa nola lantzen duen hizketagai izan zuten atzo ‘Narratiba berriak: lente klimatikoa zineman’. Katastrofetik aldentzea bultzatu behar dela esan zuten; horretarako, ez dute zalantzarik atzoko solaskideek, fikzio gehiago behar da.

Krisi klimatikoa egungo narratibetan nola txertatu izan zuten atzo mintzagai.
Krisi klimatikoa egungo narratibetan nola txertatu izan zuten atzo mintzagai. (Jagoba Manterola | FOKU)

Krisi klimatikoa eta zinema esan, eta burua hondamendi edota distopietara ez joatea zaila da. Narratiba berriak sortzeko, ordea, katastrofeetatik aldendu, etorkizun desiragarriak eraiki eta, batez ere, fikzioaren beharra azpimarratu zuten atzo Tabakalerako Z aretoan. Paradigma aldaketen beharra nabarmendu zen. Pertsona guztientzat baliagarriak eta epe luzekoak izango diren konponbideak hausnartu behar direla aipatu eta galdera bat pausatu zuten: «Zinema munduak gonbidatzen al gaitu imajinario mota horiek lantzera?».

Eneko Muruzabal, Bilibin Circular-eko kidea, krisi klimatikoa eta kultura proiektuak uztartzen aditua; Nerea Ramirez, Greenpeaceko ekofeminismo arduraduna; eta Elham Ehsas, gidoilari eta zuzendaria, izan ziren solasean.

«Aldaketa klimatikoaren gaia sarritan dokumentaletan landu da, hor ikasketa bat dago. Baina entretenitua izatea behar dugu, sentitzea ulertzea baino gehiago», azaldu zuen Ehsasek. Aldaketa klimatikoak ikuslea «emozionatu» behar duela esan zuen, bere ustez, aldaketak, «bihotzetik pasatzerakoan» ematen direlako, eta ez garunera iritsitakoan. Proposamen bat egin zuen lantzeko moduari lotuta:«Irtenbide bat izan daiteke pertsonaia bat bezala lantzea klima, ez elementu edo testuinguru bezala. Normalean, pertsonaiekin gehiago identifikatzen gara, eta gehiago sentitzera heldu gaitezke».

Berak zuzendutako ‘Pur kind of Love’ film luzea jarri zuen adibidetzat. Londresera bizitzera joandako emakume afganiar bat da protagonista, eta uraren maila igotzen ari delako kezka handi bat du: bere aitaren hilobia urpean geratzea. Aldaketa klimatikoaren ondorio bat, gatazka pertsonal batekin lotu zuen idazleak, eta bere ustez hori izan daiteke irtenbideetako bat, «bihotza ukitzeko».

Ikuspegi eraikitzailea

Ramirezen iritziz, larrialdi klimatikoari lotutako istorioak idaztean, badago marra gorri bat: «Ezin dugu jokoa amaitutzat eman, arriskutsua da. Transmititu behar dugu egin daitezkeela gauzak, eguneroko gauzak». Hala ere, zehaztu zuen ardura maila ezberdinak daudela gizartean. Eta galdera bat proposatu zuen: «Nola egin dezakegu hori gure pribilegio posiziotik?».

Horri tiraka, Ehsasek ere pribilegioaren ideia nabarmendu zuen. Mundu guztiak ez ditu aukera berak, ezta ardura bera ere: «Nire herrialdean ez dugu aldaketa klimatikoa erakusten, gerra dugu, eskubideak urratzen dira eta bizirauteak kezkatzen gaitu egunero. Nire herrialdeak ez du inolako espaziorik horrelako narratibentzat. Leku guztietan dago aldaketa klimatikoa, eta jendarte zaurgarrienak pairatuko du gehien, baina ez dugu baliabiderik eta ez da gure lehentasuna».

Hondamenditik aldenduta, baina, krisi klimatikoa lantzen duten adibide gutxiegi daude Muruzabalen aburuz. Azken egunetan zerrendatzeko ahalegina egin arren, «mainstreamean» oso gutxi aurkitu dituela aitortu zuen. Eta kontakizunak egiteko ikuspegiari dagokionez, inpaktuzko irudiak izan zituen mintzagai. Mobilizatu edo anestesiatu egiten dute? Haren esanetan, «dosietan» aurkeztu behar dira horrelako irudiak.