Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Oroitzapenetik tiraka

«Nondik datorkizu zinemazaletasuna?» galdetu izan didatenean, sekula ez dut erantzuna oso argi izan. Egia da oroimenen kutxan sartu eta iraganera begira jartzean, haurtzaroa, telebista, film, VHS eta bideoklubekin lotzen dudala, baina orain gutxi arte ez naiz gai izan erantzun irmo bat emateko. Familia bazkari batean partekatu genuen iraganeko pasarte batek, ordea, galdera horren erantzuna topatzen lagundu dit.

1994ko uztailaren 17a. Brasil eta Italiaren arteko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finala jokatzear. Anaia eta biok aitona-amonen etxean geunden. Zinemazalea izateaz gain, aitona futbolzalea zen oso, eta irrikaz zegoen final hori ikusteko. Partida hasteko hamar minuturen faltan esaldi batek hankaz gora jarri zuen etxeko lasaitasuna: «Aitona! ‘Marrazoa’ pelikula ikusi nahi dugu!», oihukatu nuen, ehunka aldiz ikusia genuen VHS zahar hura eskuartean nuen bitartean.«Ez, lau urtean behin jokatzen da finala eta ikusi nahi dut».

Segidan guk amonari: «Amona! Filma ikusi nahi dugu!». Hamar minutu geroago, eszena honakoa: anaia eta biok patxada ederrean ‘Marrazoa’ filma ikusten eta aitona gizajoa, iletik tiraka, egongelako izkinan zegoen eserlekuan. Partida izorratu genion, baina gustura ikusi zuen enegarren aldiz filma gurekin batera; oso presente daukat oraindik irribarre hura.

Pasarte horretatik tiraka, hainbat lotura emozional egin ditut eta ohartu naiz egun sentitzen dudan zinemazaletasuna aitonari zor diodala. Haien etxe parean bideokluba zegoen eta egun niretzat hain garrantzitsuak diren ‘E.T’, ‘The Goonies’ edota ‘Indiana’ Jones lau horma horietatik atera zirela urte batzuk geroago oroitu naiz. Astero joaten nintzen aitonarekin apalategi horiek arakatzera. Orain urte asko utzi gintuen aitonak, baina iristen zaizkidan oroitzapen gehienak elkarrekin ikusten genituen pelikulekin lotzen ditut.