Hurrengo urtean mende erdia beteko da frankismoak Jon Paredes ‘Txiki’ eta Angel Otaegi ETAko kideak FRAPPeko hiru kiderekin batera akabatu zituenetik. Horren zain egon gabe, 49. urteurren honetan gogoan izan dituzte biak, beren herrietan, Zarautzen eta Nuarben, goizean eginiko ekitaldietan.
Urtero bezala, Zarauzko hilerrian lurperatua den tokian omendu dute ‘Txiki’. Zirrara berezia eragin du aurten ekitaldiak, bere ama, Antonia Manot, uztailean hil baitzen.
1975eko irailaren 27an hil zituzten bost militanteen irudien aurrean Martxelo Alvarezek hartu du hitza eta aurreskua dantzatu dute.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua ere bertan egon da. «Euskal Herria antifaxista da, besteak beste, Txiki eta Otaegiren fusilamendu frankista borroka horren sinboloa delako –nabarmendu du…. Txiki eta Otaegik errepresaliatu, erbesteratu eta zapaldutako milaka euskal herritar sinbolizatzen dituzte. Gure herria eta askatasunaren aldeko borroka sinbolizatzen dituzte. 2024. urtean aztarna frankista guztiak erretiratzea ondo dago, berandu bada ere, baina Francok askatasunaren eta demokraziaren aldeko borrokalari gisa fusilatu zituen azken pertsonen errekonozimendu ofiziala ere etorri behar da. Euskal Herrian dagoeneko badira, baina Espainiako agintariek gauza bera egin behar dute».
Nuarben ere, ekitaldi xumea egin dute Angel Otaegiri bizia kendu izana salatuz eta ezker abertzaleak hamarkadaz hamarkada eginiko borroka balioan jarriz.
Urtero legez, Nuarben eta Zarauzko hilerrian izan gara, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 49. urteurrenean.
— SORTU Independentziarako #Indarra (@sortuEH) September 27, 2024
Frankismoak galbidera eraman nahi izan zuen proiektu politikoa inoiz baino indartsuago dago. Orduko askatasun haizea, gaurko borroka irrintzi bilakatu da.#TxikiOtaegi49 pic.twitter.com/vNoPt0Haje
Arratsalde partean 50 elkarretaratzetik gora deitu ditu Sortuk, ‘Irrintzi bat dabil’ lelopean. Horietan, «fusilamenduekin akabatu nahi izan zuten proiektu politikoa inoiz baino indartsuago» dagoela aldarrikatu du Sortuk.
«Frankismoak galbidera eraman nahi izan zuen proiektu politikoa inoiz baino indartsuago dago»., adierazi dute eta mobilizazioetan bildutako ehunka lagunen aurrean «independentziaren alde lanean jarraitzeko engaiamendua» berretsi dute.
Bide horretan, ikasturteko erronka nagusiak aipatu dituzte: «preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko lanean segitzea; joera erreakzionarioei aurre egitea, herri erronkei erantzun positiboak emanez; aldaketaren aldeko haizea hauspotzen segitzea».
Guztia,« bizitzak erdigunean izango dituen Euskal Herri askerako bidean sakontzeko, nazio bulkada eta bulkada soziala hauspotuz, herrigintzatik balioen eraldaketa bultzatuz, eta ezker independentismoa indartuz».
Eta igande eguerdian ekitaldi nagusia egingo du Azpeitiko Soreasu antzokian.