NAIZ

32 urteko kartzelaldia amaitu da Joseba Arregi oñatiarrarentzat

Espetxealdi luzeenetarikoa jasan duen Joseba Arregi Erostarbe kalean da, Etxeratek baieztatu duenez. 1992 urtean atxilotu zuten Bidarten eta orain arte iraun du zigorrak. Iaz, jada 77 urte zituela, espetxera itzuliarazi zuten hirugarren gradua onartu ostean. Martutenen agortu du kondena.

Joseba Arregi, Auzitegi Nazionalean.
Joseba Arregi, Auzitegi Nazionalean. (Pool Efe)

Joseba Arregi Erostarberentzat bukatu dira lehenik Estatu frantsesak eta urte batzuk geroago Estatu espainolak ezarritako kondenak. Horien ondorioz 32 urte eta erdi pasa ditu kartzelan, 1992ko martxoaren 29tik orain arte, ia etenik gabe. Beste datu adierazgarri bat: Polizia frantsesak Bidarten atxilotu zuenean 46 urte bete berriak zituen Arregik eta orain 78 dituela askatu dute.

Etxeratek baieztatu du kondena amaiera hau, astelehen honetan.

Hamarkada hauetan zehar, hasteko zortzi urtez preso izan zuten Estatu frantsesean. Espainieratua izan ostean kondena gehiago ezarri zizkion Auzitegi Nazionalak. Denbora gehiena Euskal Herritik oso urrun pasa behar izan du: 2019 urtera arte ez zuten Euskal Herrira «hurbildu», Asturiaseko Villabonara hain zuzen ere. Azken bi urteotan Martutenen izan da.

Bukaerara arte luzatu dira bere aurkako neurri bereziak. Batetik, Estatu frantsesean preso egondako tartea ez da Estatu espainolean kontuan hartu, Europako irizpideak hori agindu arren; hala izan balitz, aspaldi egongo zen kalean, Etxeratek behin eta berriro nabarmendu duenez. Bestetik, adina eta horren ondorioz pilatutako osasun arazoak aintzat hartuta, aurretik aske izatea zegokion oñatiarrari. Eta hirugarrenik, onetsitako gradu progresioak bertan behera utzi dituzte zenbaitetan.

Honela, 2022 urtean zortzi hilabetez etxean egon zen Joseba Arregi, Lakuako Gobernuak Martuteneko Tratamendu Batzordearen eskaera berretsi ostean, baina gero Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta berriz kartzelaratu zuten. Hortik hilabete gutxira, berriz onartu zitzaion hirugarren gradua eta berriro baliogabetu zuten, oraingoan egun gutxitan. Etxeratek baieztatu duenez, 2023ko abendutik 2. gradu arinduan egon da kalera ateratzen, eta 2024ko ekainetik, 3. graduan kontrol telematikoarekin.

Denbora guztia kontuan hartua, beraz, ia 32 urte giltzapean izan dute Joseba Arregi Erostarbe, eta kalera itzuli den preso beteranoena da duda izpirik gabe.