NAIZ

Ibai Perezen defentsa hautsita, Maldonado-Gordonek irabazi dute Sopela Pro arrakastatsua

Lau setetan (7-10, 10-9, 10-3 eta 10-5) gainditu dituzte Gaubeka eta Sestaokoa beste behin goraino bete den pilotalekuan.

Iker Gordonek garaipena Sopelan geratzea lortu du.
Iker Gordonek garaipena Sopelan geratzea lortu du. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Prime-timearen erronka nota bikainarekin pasa du palak urteko lehiarik garrantzitsuena bilakatu den Sopela Pro txapelketarekin eta txapela herrian geratzea lortu du, Maldonadok lagunduta, Iker Gordonek finalean Gaubeka-Ibai Perez lau setetan gaindituta (7-10, 10-9, 10-3 eta 10-5). Erronka handia zen palarentzat bost astez telebistako ordurik zailenean lehiatzea eta audientzia datu onez harago, Sopelako pilotalekuak sarrera bikainak izan ditu, finaleko betekada barne, beraz, Maldonado-Gordonez gain, modalitateak irabazi duela esan genezake.

Eta azkenerako nekeak Gaubeka-Ibai Perez beteranoei faktura pasa dien arren, finala ere ikuskizun ederra suertatu da. Lehen jokoan, esaterako, Ibai Perezek erakutsitako defentsa izugarria izan da. Saiatu da Roman Maldonado egungo buruz buruko txapelduna partidari erritmo handia sartzen, baina sestaoarrak bikain erantzun dio eta errebotean sekulako lana eginda, lehen puntua eraman dute (7-10).

Bigarren jokoan gorriek areagotu egin dute euren Ibai Perez zigortzeko lana eta horretarako pilota bizi bat jarri dute jokoan. Setaren lehen erdian eutsi diote urdinek, Esteban Gaubeka ere saiatu da bere atzelaria laguntzeko jokoan gehiago sartzen, baina bizkaitarren akats batzuek eta Maldonadok oreka ekarri dute markagailuea, bigarren seta gorri izan baita (10-9).

Nekeak faktura pasa

Ikaragarri gogorrak izan dira lehen bi jokoak (339 pilotakada gurutzatu dituzte) eta fisikoki gehiago ordaindu dute Gaubeka-Ibai Perezek. Saiatu dira bizkaitarrak pilota geldoagoarekin jokoa aldatzen, baina Maldonado bosgarren koadroaren inguruan gotortu da, ezin izan dute bertatik mugitu eta erraz xamar lortu dute bigarren jokoa argentinarrak eta Gordonek (10-3).

Eta laugarren jokoa ere bide antzekotik joan da, Maldonado eta Gaubeka Ibai Perez zigortuz eta Esteban Gaubeka jokoan sartu nahian. Armintzarrak arriskuak hartu behar izan ditu eta horrek pilota batzuk galtzera ere eraman du eta garaipenak ez die ihes egin Maldonado-Gordoni.