Bosgarren urtez jarraian Marisolasak Bazterretan jardunaldia antolatu du EHGAMek, «gune askotan periferikotzat jotzen diren eztabaidak zentrora ekartzearren», azaldu dute talde honetako kide Oskar Sada eta Kepa Yecorak Iruñean egin duten aurkezpenean.
«Eztabaida horiek gure garapen pertsonalarekin eta, oro har, gizarteak bere sexu-izatea eta sexu-askatasuna bizitzeko duen moduarekin dute zerikusia. EHGAMek sexu-askatasunaren aldeko mugimendu gisa definitzen du bere burua, identitateetatik haratago», gaineratu du.
«Marisolasak Bazterretan jardunaldia eztabaidarako, norbera aberasteko eta prestatzeko gunea da», nabarmendu dute. Jardunaldia urriaren 5ean izango da, heldu den larunbatean, Iruñeko Kondestable jauregian.
«Queer tresna erabiltzen dugu androzentrismoak, homofobiak, transfobiak, arrazismoak eta zientziaren klasismoak isilarazi dituzten diskurtso eta gorputzei ahotsa emateko. Identitatearen normalizaziotik aldentzen gara. Feminismo inklusibo, transfeministan kokatzen dugu geure izaera eta jarduna», azaldu dute.
Faxismoaren kontra
Jardunaldiaren aurkezpena Iruñeko Askatasunaren plazan egin dute, nahita aukeratutako tokian. «Hemen, Erorien Monumentua dago, faxismoaren balioak goraipatzen duen ikur nagusia. Paradoxikoa da espazio berean askatasuna hitza eta faxismoa gogoratzen digun monumentua aurkitzea», adierazi dute.
Honekin batera, plazan bertan dagoen Jorge Oteizaren eskulturaren aurrean jarri dira. «Oteizak ikastola esperimentala eta euskal unibertsitatea aldarrikatu zituen 1967an Oñatin. EHGAMen ustez, Marisolasak Bazterretan jardunaldia euskal unibertsitate popular queer baten hazia da», azaldu dute. Azken lau urte hauetan prestakuntza-edukiak sortu dituzte eta YouTuben duten kanalean daude ikusi daitezke.
«Jardunaldiaren aurkezpen honetan, lege frankistek errepresaliatu zituzten pertsonak gogoratzen ditugu: lehenik, alferren eta gaizkileen legea, erregimen faxistak 1954ean aldatu zuena homosexualitatearen eta disidentzia sexualaren aurkako errepresioa sartzeko, eta, ondoren, 1970ean, arrisku sozialaren eta errehabilitazio sozialaren legea», nabarmendu dute.
«Faxismoa eta gaur egun eusten dioten diskurtsoak armairua dira: indarkeria mota bat dira, eta disziplina ahalmena dute. Ez da gai pribatua, indibiduala; soziala eta politikoa da: biztanleria osoari eragiten dion eta jendarte osoa ahultzen duen erregimen politikoa da, ez baitie soilik LGTBQ pertsonei eragiten», azpimarratu du.
Jardunaldiaren egitaraua
Jardunaldia Javier Saez del Alamoren ‘Armairuaren biopolitika’ liburuaren aurkezpenarekin hasiko da. «Faxismoa, diskurtso faxistak, trans diskurtso baztertzaileak errepresioa dira, gure komunitatearen eta, oro har, gizartearen aurkako indarkeria. Maila guztietan borrokatu behar ditugun diskurtsoak dira: politikoan, pertsonen askatasun sexualaren alde lan egiten duten legeak onartuz eta garatuz; sozialean, ez baitugu jokabide errepresiborik onartzen behar eremu guztietan, pertsonalean zein kolektiboan. Garrantzitsua da helburu hori kalera, ikastetxeetara, kulturara, aisialdirako lekuetara eramatea», nabarmendu dute.
Jarraian, espazio guztietan ikusgarritasunak duen garrantziaz hitz egingo dute Mercedes Peon eta La Furiak, «askatasuna baliatzeko eta erreferenteak sortzeko», ikusezintasunetik espazioen okupaziora, armairuak dakarren ikusezintasunetik ikusgarritasun publikoaren okupaziora igarotzeari buruz hausnartuz, sorkuntza kolektibokoak, eszena garaikidean erreferenteak diren bi emakume izanik.
Arratsaldean tailerren txanda helduko da: ‘Polimaitasunetik haratago’, Leyre Garateak gidatuta; ‘Fanfiktion eta kuir’, Nel Santacruzek gidatuta eta ‘Gure bizitza okerrak idazten’, Itziar Zigak gidatuta.