San Markoseko zabortegia ixteko eta zigilatzeko lanak duela gutxi hasi dira, Eñaut Gracia Ibarra San Marko Mankomunitateko presidenteak gaur jakinarazi duenez, zabortegian bertan, instalazioa kokatuta dagoen hiru udalerrietako ordezkariekin batera (Astigarraga, Donostia eta Errenteria) egindako prentsaurrekoan.
Aurreikuspenen arabera, obrek urte eta erdiko iraupena izango dute, eta horrekin bukatuko dira zabortegia berreskuratu, itxi eta zigilatzeko lanak. Proiektua duela 20 urte hasi zen, itxi ondorengo 30 urteko ingurumen kontrolari bide emateko.
Obra horiek 7.083.295,51 euroan lizitatu dira (BEZa barne), «esku-hartzearen dimentsioa eta garrantzia agerian utziz». Zehazki, 100.000 m2 inguruko eremu batean jardungo da, goiko zigilatze bat jarri ahal izateko. Zigilatze mota desberdinak, drainatze sistemak eta euriaren urak bideratzeko eta husteko geruzak izango ditu. Era berean, hondakinak transferitzeko instalazioak ere desegingo dira. Horrela, 2004an hasitako prozesuari itxiera ematen zaio.
Lanek eragozpen ugari sortu izan dituzte urteotan Errenteriako Beraun inguruan, baita Astigarragan eta Donostian ere. Horrela, auzotarren aldarrikapen historiko bati erantzungo dio Mankomunitateak.
San Markoseko zabortegia 70eko hamarkadaren hasieratik 1988. urtera arte ustiatu zuen Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalerriek osatutako Mankomunitateak. Data horretatik aurrera, egokitzapen eta handitze obra batzuk hasi ziren, aipatutako udalerrietako, Donostiako eta, ondoren, gaur egun San Markos Mankomunitatea osatzen duten gainerako udalerrietako hiri hondakinak eremu horretan uzteko. 2008ko urrian San Markoseko zabortegiak bertan behera utzi zuen hondakinen isurketa, erakunde arteko akordio baten ondorioz. Jarduera hasi zenetik isuritako hondakinen guztizko kopurua, gutxi gorabehera, 3 milioi tonakoa da.