Mikel Torres Lakuako lehendakariordeak hizkuntz eskubideen inguruko adierazpen batzuk egin ditu eldiario.es hedabidearekin elkarrizketan: «Beti esan izan dut oreka bilatu behar dela lan eskubideen eta hizkuntz eskubideen artean». Horren inguruko galdera batzuk egin dizkio Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak, eta erantzun argigarri batzuk eman ditu orain arte Portugaleteko alkate izandako PSEko kideak.
Lan eta hizkuntza eskubideak orekatu behar direla esatean zer ekintza, prozedura edo egitate zehatzez ari den galdetuta, «politika publikoen bidez euskara, euskal herritar denon ondarea izanik, zaindu eta sustatu egin behar dela» azaldu du Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak; «kontserbatzeko ez ezik, hedatzeko eta erabiltzeko ere bai».
«Baina denon helburu horren lagungarri ez da izan, inoiz ere, euskara besteen aurrez aurre edo aurka jartzea, ez gaztelaniaren aurka, ez ofizialak ez diren beste hizkuntza batzuen aurka ere. Euskara denon ondarea da, eta, beraz, euskarari ez dio inola ere laguntzen hizkuntza eskubideak beste eskubide batzuen kontrara jartzeak, adibidez, lan eskubideen kontrara. Eta hori ez gertatzeko, interes edo jarrera kontrajarrien artean elkarrizketa eta adostasuna landuz mamitu behar da hizkuntza politika», aldarrikatu du.
«Halaxe egin zen Hizkuntza Normalizazioari buruzko ekainaren 15eko 3/1983 Legea taxutzeko: akordio politiko eta sozialetik sortu zen, eta Euskadin sekulako hedapena eman dio euskarari, munduko beste inon ez bezalakoa. Hala, bada, lanean segi behar dugu batzuen eta besteen premiak, nahiak eta eskubideak bideratzen, errealitatearen printzipioaren arabera, erabaki eraginkorrak eta betegarriak hartzeko».
Oreka lortzeko mekanismoak
Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak orekatzeko lan arloko legeria eta bertan bermatutako administrazio eskubideak betetzea proposatu du Torresek, baita Hizkuntza Normalizatzeko ekainaren 15eko 3/1983 Legea ere. Funtzio publikoaren arloko legeria zorrotz betetzea eta, zehazki, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretua defendatu du.
Lehendakariordeak argi du eskubideek talka egiten dutenean, gogoeta egin behar dela, proportzionaltasun printzipioa gogoan hartuta, eta aintzat hartu behar dela aplikatzeko egokia den ala ez; benetan premiazkoa den, hau da, ba ote dagoen bestelako neurri apalagorik helburu bera erdiesteko; eta proportzionaltasuna zorrotz betetzen duen, alegia, proposatutako konponbidea neurrikoa edo orekatua den; eta zeintzuk diren interes orokorrerako onurak edo abantailak, baita kalteak ere.
Agertu duenez, «administrazio publikoetan langileak finkatzeko prozesu batzuetan merezimenduak ez dira baloratu proportzionaltasun printzipioaren arabera. Horren ondorioz, kasu batzuetan, esperientzia profesional handia eta prestakuntza handia duten langileak enplegu publikotik kanpo geratu dira, eskatutako hizkuntza eskakizuna ez zutelako, nahiz eta kasu askotan euskaraz jakin, bazekiten».