Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusiek azken egunotan autogobernua eguneratzearen eta erabakitzeko eskubidearen alde onartutako bi mozioak, EAJk eta EH Bilduk adostuta, eta Maria Chivite eta Imanol Pradalesek beraien artean adostutako elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Gure Eskuk.
Asteazken honetan zabaldutako prentsa ohar batean azaldu duenez, «lurraldez lurralde autogobernuan sakontzeko ahaleginak nabarmenak dira» eta «herri aitortzari buruzko eztabaida zabalik dago, baita Espainiako Estatuan ere».
Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan mozioak adosteko ahalegina «eskertzekoa» dela txalotu du, baina «hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua» dela uste du Gure Eskuk. Horrela, eragile politikoak bide horretan «sakontzera» deitu dituz, «herritarrekin eskuz esku». Zehazki, «ausardia eta anbizioa eskatzen diegu, euskal herritarrok ditugun eskubideak aitortuak izan eta erabakitzeko eskubidea egikaritu ahal izateko mekanismoak arau ditzaten».
Gure Eskuren iritziz, estatus politikoaren eguneraketa «behar historiko bat» da. Gogorarazi duenez, Gernikako Estatutuak 45 urte beteko ditu eta Nafarroako Foru Hobekuntza 1982an onartu zen baina herritarrek ezin izan zuten erreferendumean bozkatu kasu honetan. «Premiazkoa da erabakitzeko ahalmena areagotzea. Egungo baliabideak ez dira nahikoak», nabarmendu du.
«Ekiteko garaia da. Herritar guztiei dagokigun kontu bat denez, urratsak herritarron parte hartzearekin egin beharra dago. Gaia ez da bulegoetan ebazteko kontu bat, baizik eta eztabaida soziala eta parte-hartze herritarra sustatuz egin beharrekoa. Demokrazia kontu bat da ere, herritarren boto askearekin ebatzi beharrekoa. Horregatik, estatus politikoa eguneratzeko orduan euskal herritarren gehiengoaren borondateari begiratu behar zaio. Borondate hori da gauzatzen saiatu beharrekoa adostasunaren bidetik», adierazi du Gure Eskuk oharrean.
Bestalde, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Imanol Pradales EAEko lehendakariak idatzitako gutun bateratuaz «sinbolismo handiko ekintza» dela nabarmendu du, Euskal Herriko bi lehendakarik elkarrekin egin dutelako. Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanak estutzea «lehentasunezkoa» da Gure Eskurentzat, «erronka partekatuei era egokian erantzun ahal izateko».
Gainera, urriaren 13an Euskal Herriko erdigune geografikora egingo den mendi martxan parte hartuko duela jakinarazi du. Azaroaren 16an egingo duten ‘Bagara’ bideo-maratoia ere gogorarazi du.