NAIZ
Bilbo

Eskola kirolean indarkeria egoerak detektatu eta saihesteko tresna sortu du Bizkaiko Aldundiak

Eskola kirolean haurrek jasan ditzaketen indarkeria egoerak detektatu eta saihesteko tresna sortu du Bizkaiko Foru Aldundiak: ‘Kirola on’.

Leixuri Arrizabalaga, Elixabete Etxanobe eta Rocio Ybarra, tresnaren aurkezpenean.
Leixuri Arrizabalaga, Elixabete Etxanobe eta Rocio Ybarra, tresnaren aurkezpenean. (BIZKAIKO ALDUNDIA)

Bizkaiko Aldundiak ‘Kirola on’ izeneko tresna «integral eta aitzindaria» jarri du martxan eskola kirolaren 2024-2025 denboraldirako, arlo horretan haurrek jasan ditzaketen indarkeria egoerak detektatzeko eta kudeatzeko.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak prentsaurrekoan aurkeztu du tresna hori ostegun honetan, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarekin eta Rocio Ybarra kirol, hezkuntza eta bizikidetzan aditu eta Athleticen Aterpe haurren babeserako programaren arduradunarekin batera.

Azaldu dutenez, ‘Kirola on’ isilpeko komunikazio kanal bat da, batez ere Bizkaiko kirolari adingabeentzat, edozein unetan eta zuzenean zalantzak, galderak eta kezkak planteatzeko edota indarkeria egoerak salatzeko aukera izan dezaten. Kirol jardueraren inguruan diharduen edozein pertsona edo eragilerentzat ere bada (teknikariak edo gurasoak).

«Tresnaren helburua ez da soilik dagoeneko gertatu diren indarkeria egoerak detektatzea edo agerian jartzea. Horrez gain, indarkeria ekar dezaketen arrisku egoerei aurrea hartzeko erabili nahi dugu. Beraz, gertatu aurretik jarduteko aukera emango digu», azaldu du Etxanobek.

Tresna hau eskola kirolaren inguruko edozein eragilerentzako komunikazio kanal irekia izateko sortu da, baina, batez ere, «indarkeria ekar dezaketen egoerak detektatzen direnean, egoera horiek modu integralean kudeatzeko eta azkar eta modu koordinatuan jarduteko aukera emango du».

Funtzionamendua erraza eta noranzko bikoa da. Edozein arrisku egoera detektatzen duen pertsonak www.kirolaon.eus webgunean sartu eta formulario labur bat bete behar du, eta berehala jasoko du planteatu duen gaiari dagokion erantzuna. Komunikazio horretan, profesional adituen talde batek jarraitu beharreko prozesua eta izan ditzakeen inplikazioak azalduko ditu.

Edozein unetan erabili ahal den kanala ere bada. Gaiaren edukia dela-eta komunikazioa geroago eman behar bada, planteatu duenak gako bat jasoko du; haren bidez, aplikazioan sartu ahal izango da, eta planteatutako gaia zer egoeratan dagoen eta adierazitako kezkari erantzun egokia emateko zer aurrerapen egin diren egiaztatu ahal izango du.

Tresnaren atzean haurrak babesteko lanetan ibilbide luzea duten profesionalek osatutako talde bat dago. Adituek diziplinarteko profilak dituzte eta, kezka jasotzen dutenetik, kasuaren kudeaketan lan egingo dute.