Jon Ormazabal

Zubizarretak eta Salaberriak osatuko dituzte Lau eta Erdiko final zortzirenetako kanporaketak

Zallan, Larrazabalek behar baino huts gehiago egin ditu eta azkenean estutu badu ere, 22-19 galdu du ataundarraren aurka. Ezkarain, Dario 12-6 joan da aurretik, baina errestoan zailtasun handiak izan ditu eta azkenerako 16-22 erori da goizuetarraren aurka.

Zubizarrretak partida serioa jokatu eta aurrera egitea lortu du Zallan.
Zubizarrretak partida serioa jokatu eta aurrera egitea lortu du Zallan. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Kaiolak indarrak asko orekatzen dituenaren topikoa goitik behera bete da lehen mailako Lau eta Erdiko txapelketarako aurre-kanporaketetan eta, Zallan eta Ezkarain jokatutako estilo arteko talkan, Salaberria (22-16) eta Zubizarretaren (22-19) kalitatea eta zorroztasuna Dario eta Larrazabalen potentzia baino eraginkorragoak izan dira. Gauzak horrela, Baikoko goierritarrak irekiko du, ostiral gauean, txapelketa ofizialki Agoitzen Mikel Urrutikoetxearen aurka eta goizuetarra izango da, Bilbon, Unai Lasoren lehen aurkaria. Iñaki Artola osatuko denaren esperantza handiak daudenez, Larrazabalek B Serieko txapelketarekin konformatu beharko du aurten.

Zallako partidan, hasieran Larrazabalen pilotakaden abiadura nagusituko zela zirudien arren (2-5 aurreratu da), amurrioarrak abiadura eta presa nahastu ditu behar baino huts gehiago egin ditu eta hasieran partidan sartzea kostatu zaion Zubizarretari arnasa eman dio.

Tentsioa nabaria zen partidan, jokoan zegoena handia zen, goierritarrak luzeegi bota du ateratako lehen sakea eta hasiera horretan zalantzati joan da lehen pilotakada hori jotzea. Erasoan ere, kosta egin zaio jokoan lehen tantoa egitea, baina aparteko gantxo batekin estreinatu du bere estatistika 6-5ekoan, partidan aurretik jarri den lehen unean, eta hortik aurrera dena askoz errazagoa izan da iazko B serieko kaiolako txapeldunarentzat; berak gauzak askoz zuzenago egin ditu eta aurkariak ere erraztasun handiak eman dizkio.

Bere botilero Unai Jauregi partidara ekartzen saiatu bada ere, Baikoko arabarra lehiatik at egon da zenbait unetan, kaiolan sartu ezinda –bi pilota bota ditu lau eta erdiko marraz atzera– eta aparteko ezer ez zuten pilotatan huts nabarmenak eginez eta pilotetara erabakigarritasunik gabe sartuz (15-7). Bigarren atseden luzera are alde handiagoarekin joan da ataundarra (18-9), baina aldageletatik bueltan, partida irabazteko bertigo moduko bat sartu zaio eta kosta egin zaio txartela istea.

Orduantxe, dena galdurik ikusi duenean, eman du Larrazabalek bere onena, eta ordura arteko beldurrak gainetik kenduta, partida iraultzeko moduan egon da, pilota ederki mugituz. Emandako aldea, ordea, handia zen, akatsetatik ezin izan du erabat ihes egin eta azkenerako amore eman behar izan du.

FITXA TEKNIKOA:

Zubizarreta: 22

Larrazabal: 19

Pilotakadak: 234 Iraupena: 57,38 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-5, 11-5, 11-7, 15-7, 15-9, 18-9, 18-14, 20-14, 20-15, 21-15, 21-19, 22-19. Sakeak: 5 (falta 1) Zubizarretak eta 4 (falta 1) Larrazabalek. Egindakoak: 8 Zubizarretak eta 12 Larrazabalek. Galdutakoak: 2 Zubizarretak eta 7 Larrazabalek. Lau eta erdiko marraz atzera: 2 Larrazabalek. Gertakariak: Sarrera hiru laurden Zallako Mimetiz pilotalekuan. Endika Apalategi aritu da Zubizarretaren botilero lanetan eta Unai Jauregi egon da Larrazabalekin. Lehen sakea urdin.

Salaberria, Ezkarain garaile

Ezkarain ere, Salaberriaren zorroztasunak, bereziki gantxoan, Dariok pilotari eman nahi izan dion abiadura baino gehiago izan da eta, lehen erdian sufritzen jakin ostean, garaipen garrantzitsua eskuratu du Salaberria nafarrak.

Azken asteetan eskuin eskuko arazoak izan arren, ondo ekin dio errioxarrak partidari, pilotari abiadura emanaz eta aurkariari sakearekin min eginez, alde politak lortu ditu partidaren lehen erdian (12-6). Hortik aurrera, ordea, Iker Salaberria kantxaren erdiaz jabetu da eta marrak bikain bilatu ditu, gantxotik bezala saketik –denera 8 tanto egin dizkio lehen pilotakadarekin–. Alderik alde mugitu du etxeko pilotaleku gogorrean Dario eta azken txanpan oso nagusi izan da kantxaren gainean. Salaberriak Altuna asko estutu zuen Zumarragan sanferminetako lau eta erdikoan eta larunbatean Lasoren aurka ezustekoa ematen saiatuko da.

FITXA TEKNIKOA:

Dario: 16

Salaberria: 22

Pilotakadak: 249. Iraupena: 57,38 minutu. Markagailua: 5-0, 5-3, 6-3, 6-4, 9-4, 9-5, 11-5, 11-6, 12-6, 12-12, 13-12, 13-14, 15-14, 15-15, 16-15, 16-22. Sakeak: 4 (2 falta) Dariok eta 8 (falta 1) Salaberriak. Egindakoak: 6 Dariok eta 10 Salaberriak Galdutakoak: 2 Dariok eta 5 Salaberriak. Gertakariak: Sarrera polita Ezkaraiko pilotalekuan. Asier Gomez aritu da anaia Darioren botilero lanetan eta Fermin Escudero egon da Salaberriarekin.