Covidaren pandemiak ekarritako krisi eta zalantza garaiei aurre egiteko sortu zuten udako Mastersa indarra hartuz joan da azken urteetan, eta bere laugarren edizioko txapeldunak ezagutuko ditu gaur Nafarroa Arena erraldoian. Oraingoz, uda nolabait ardazten duen torneo honek ez du txapelketa «ofizialen» sonarik lortu, baina edonoren palmaresa dotoretzen duen txapelketa bat da, eta hauxe da azken hamar urteetan Jokin Altunari perfekziorantz egiten ari den bidaian irabazteke geratzen zaion bakarra. Ostiral gauean finalerdietan Iztuetarekin batera Zabala-Imazi 22-15 irabazita, gaurkoa laugarren finala izango du amezketarrak, baina aurreko hiruretan txapeletik urrun xamar geratu da, hiruretan Imazek lagunduta. Lehen edizioan, Bilbon, 22-9 galdu zuten Artola-Rezustaren aurka, eta azken bietan, 22-15 eta 22-6 Ezkurdia eta Mariezkurrenarekin.
«Hiru aldiz egon naiz finalean, txapelketa oso onak egin ditugu, baina hiru finaletan uste dut jipoi handiak hartu ditugula, ez dugu irabazteko aukerarik izan, baina oraintxe bertan ez nago horrekin itsututa», aitortu zigun aste honetan, oraingo lehentasuna hemendik bi astera hasiko duen Lau eta Erdiko txapelaren defentsa izango baita, edo gutxienez, bederatzigarren finala jarraian jokatzera heltzea. Lau txapelekin, egungo Buruz Buruko txapeldunak eskura ditu orain gutxira arte iritsezinak ziruditen Aimar Olaizolaren zazpi txapelak, eta goizuetarra da, hain justu, hiru txapel nagusiak Mastersekoarekin apaindu dituen pilotari bakarra, torneo berria izaki, Martinez de Irujo, edo Julian Retegi bezalako pilotariek ez baitute Mastersean jokatzeko aukerarik izan.
Bere ibilbide luzeko azken urtean, Jose Javier Zabaletarekin lortu zuen Aimar Olaizolak, Gasteizko Ogetan, bere palmareseko Masters bakarra, eta etxarrendarra izango da gaur Altunaren bideko mehatxurik handiena.
Berriz ere erabakigarri
Altunak eta Iztuetak oso txapelketa erregularra egin duten bitartean, Peña-Zabaletarena irregularra izan da oso, Aspeko atzelariaren arazo fisikoen araberakoa. Uda hasi eta berehala min hartu zuen Iruñeko ferian, eta bera gabe lehen lau partidak galdu zituzten, lehen puntua Arangurenekin irabazi zuen Peñak, eta, Zabaleta behin osatuta, jokatutako beste laurak –ligaxkako bi, play off-etakoa eta finalerdia– irabazi dituzte.
Gasteizkoarekin batera, Nafarroa Arena izango da Zabaletaren dohainetara hobekien moldatzen den pilotalekuetako bat, eta ostiralean beste erakustaldi bat eman zuen bertan Peio Etxeberria-Mariezkurrenari 22-16 gailentzeko. Bertan irabazi ditu etxarrendarrak Binakakoan jokatutako bi finalak, eta orain Mastersean estreinatu nahiko luke. Altunak Peñaren aurka hautsi zuen, sanferminetako kaiolakoan, Arenan zuen zorigaitza eta ikusi behar gaur zer gertatzen den.