NAIZ

«Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika» aldarrikatzera deitu dute Durangon, abenduaren 7an

Durangoko azokaren testuinguruan, urtero bezala, Euskal Herrian Euskarazetik mobilizatzera deitu dute abenduaren 7an, larunbatean, ‘Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika’ lelopean. 18.00etan abiatuko da Landako Gunetik.

Manifestazio nazionala deitu du Euskal Herrian Euskaraz taldean abenduaren 7an Durangon.
Manifestazio nazionala deitu du Euskal Herrian Euskaraz taldean abenduaren 7an Durangon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskara «larrialdi» egoeran dagoela ohartaraziz, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) plataformak mobilizazio nazionala deitu du abenduaren 7rako Durangon, azokaren testuinguruan.

«Euskarak, euskaldunok, urteak daramatzagu ez atzera, ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina, handik urrun gaude, oso urrun oraindik. Jada ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago eta kontzientzia hartu behar dugu: gure hizkuntza larrialdi egoeran dago», adierazi dute EHEko bozeramaileek gaurko agerraldian.

Izan ere, euskararen aurkako oldarraldiak azkenaldian hainbat eremutik bizkortu egin direla salatu dute: «Epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, zein hainbat sindikatu eta alderdietatik».

Oldarraldi hau fenomeno isolatu bat ez dela nabarmendu dute, eta «munduan zehar indartzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren baitan» kokatu dute.

«Logika berberaren baitan altxatzen dituzte olatu atzerakoiak: langileon bizi baldintzak kaxkartu, emakumeon eskubideak murriztu, sexu disidentziak zigortu, etorkinekiko gorrotoa hauspotu, interes elitisten mesedetarako herriak zatitu eta suntsitu… Ez dugu mundu hori nahi. Ez dugu atzera pausorik onartzen. Faxismoari aurre egin behar diogu, euskaratik eta euskalgintzatik ere!», aldarrikatu dute.

Egoera horren haurrean, erantzuteaz gain, EHE-k aurrerapausoak emateko deia egin du, «gatazka egokiak piztuz, pedagogia eginez, bestelako borrokekin saretuz, eta espazioak irabaziz».

Gainera, Euskal Herri euskalduna lortzeko «beharrezkotzat» jo du «euskara ardatz izanen duen independentzia lortzea, hau da, Euskararen Errepublika eraikitzea».

«Ez dugu dagoenarekin konformatu nahi, ez dugu anestesia edo lasaigarririk behar, herri euskaldun eta burujabe bat nahi dugu. Aske zentzu guztietan. Eta horregatik, bide hori egin nahi duten mugimendu eta borroka guzti horiekin batera eraikiko dugu burujabetza. Ez gara zerotik hasten, asko da jada egin dena, beraz, gauden tokitik abiatuta eta aurrekoek egindako bidetik ikasiz, egin dezagun burujabetzarako bide hori, egunerokoan, intsumisiotik eta antolatuta. Euskal Herria izan dadin mundu ilun honetan itxaropen-argi, askapenerako bidean inspirazio-iturri».

Hau guztia dela eta, ‘Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika’ lelopean, manifestazioa deitu dute abenduaren 7an, Durengon. 18.00etan abiatuko da Landako Gunetik.