Jon Ormazabal

Iñaki Artolak hobera egin du eta kaiolan egoteko epeak azkeneraino agortuko ditu

Alegiarrak azkenean parte hartzen badu, Tolosaldeko lau pilotarik jokatuko dute aurtengo Lau eta Erdikoa, kopuruz nafarrak berdinduz.

Iñaki Artolaren lesioak hobera egin du azken egunetan.
Iñaki Artolaren lesioak hobera egin du azken egunetan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Zalantza erabat argitzeko egun batzuez zain egon beharko bada ere, bere ezker izterreko lesioak izandako hobekuntza ikusita, badirudi  Iñaki Artola igandean Joseba Ezkurdiaren aurka Lekunberrin jokatzeko moduan izango dela. Logroñoko sanmateoetan min hartu zuenean lesioak itxura txarra bazuen ere, Baikok atzo jakinarazi zuenez, lesioak hobera egin du eta alegiarrak aste amaieran hartuko du erabakia.

Bitartean, gaur bertan Jaian Jai pilotalekuan egongo da iganderako pilotak aukeratzen, nahiz eta egun batzuk gehiago beharko dituen azken erabakia hartzeko. Erabaki horren zain egongo da Iker Larrazabal ere, larunbatean Zubizarretaren aurka Baikoren kanporaketa-aurrekoa  galdu ostean B serieko kaiola jokatu beharko duelako, betiere Artolak bere plazari uko egiten ez dion bitartean. Amurrioarraren Aldaberen aurkako partida astelehenerako dago iragarria Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Gehiengo gipuzkoarra

Artolak, dirudien bezala, Lau eta Erdiko txapelketa nagusia jokatzen badu, gehiengo gipuzkoarra izango du lehiaketa honek, 12 parte-hartzaileetatik bost herrialde horretakoak izango baitira Artola, Zubizarreta, Jaka, Peña eta Altuna; hauetariko lau, gainera, Tolosaldekoak. Eskualde honetakoak nafarrak adina izango dira, Salaberria, Aspeko kanporaketa aurrekoa gainditu ostean, Ezkurdia, Laso eta Peio Etxeberriari batuko baitzaie.

Bizkaiko ordezkariak Mikel Urrutikoetxea eta Aitor Elordi izango dira eta errioxar bakarra izango da, Zabala, Dariok ezin izan baitzuen etxean final-zortzirenetarako txartelik eskuratu.

Altuna, oso nagusi

Masterseko finalarekin amaitutzat eman zuten esku-pilota enpresa profesionalek 2023-2024 denboraldia eta, azken urteetan bezala, izen bat nagusitu da beste guztien gainetik: Jokin Altunarena. Denbora tarte horretan, amezketarrak (4.325 puntu) bi txapel eta udako lau torneo irabazi ditu eta, gauzak horrela, ia 2.000 puntuko aldea atera dio (1970ekoa zehatzak izateko) bigarren sailkatua izan den Peio Etxeberriari. Jose Javier Zabaleta izan da hirugarrena 2.240 punturekin eta Baikoko lehen pilotaria Peña izan da, laugarren, 2.25 punturekin.